'Puf'
Idazlea: Alaia Martin Etxebeste. Ilustratzailea: Udane Ansa Iragorri. Argitaletxea: 1545 Argitaletxea.
Galderak. Galdera solteak. Galdera existentzialak. Norentzat, eta erantzunetan baino gehiago galderetan euren burua bilatzen dutenentzat.
Eite bereziko 16x16 zentimetroko liburua da. Kartoizko gainazal hanpatuekin, estetika berariazko batean, kolore fuksiak eta magentak, horiak, horailak eta beilegiak gainjarrita daudelarik urdin desberdinen gainean: gau urdina, zeru urdina, turkesa, urdin argia, ziana...
Liburu trinkoa da, haize asko darabilena orrietan, arnasa ematen baitzaie letrei eta irudiei, akaso urdin trinkoari kontrapisua egiteko. Ala akaso galderei.
Galderak. Liburuak dituen ehun orrialdeetan ez dugu besterik topatuko. Lehen bistadizoan galdera purtzilak direla usteko du batek: «Zenbat irauten du usain batek?» (7. orrialdea); irri-egingarri arinak dirudite: «Zergatik egin zuen ileak nire buruaz beste?» (13. orrialdea); baina ez dira hala: «Zergatik joan ziren iritsi nintzenean?» (11. orrialdea). Intentzioa zein duten igarri behar zaie —«Inoiz utziko diot marmokak besarkatzeari?» (94. orrialdea)—.
Nentorren, Nabil eta Noa izeneko hiru ataletan banatuta dago lana. Lehena eta hirugarrena galdera arinekin; bigarrena, orrialdeetan mardulen dena, bertsotan.