Urdaibain museoa eraikitzeko «azpijokoak» daudela salatu du Guggenheim Urdaibai Stop plataformak

Itsasontzi bat itsasoratu du Murueta ontziolak egunotan Urdaibain, eta plataformak salatu du erakunde publikoek diru eta lur publikoak egitasmo pribatuen mesedetan erabili dituztela.

Murueta ontziolan ekintza Guggenheim museoaren aurka
Murueta ontziolan ekintza Guggenheim museoaren aurka. GUGGENHEIM URDAIBAI STOP
Inigo Astiz
2024ko martxoaren 12a
11:10
Entzun

Itsasontzi bat itsasoratu du egunotan Murueta ontziolak Urdaibain. Eta inguru horretan egin asmo duten museoaren proiektua salatzeko baliatu du aukera Stop Guggenheim Urdaibai plataformak. Zenbait ekintzailek pankarta erraldoi bat zintzilikatu dute, horretarako, ontzian. Ontziolari lur kutsatuak garbi ditzala eskatu diote horrela, eta museoa egiteko asmoa bertan behera utz dezatela ere eskatu dute. Prentsaurrekoa ere egin dute Gernika-Lumon (Bizkaia) euren salaketak egiteko, azaldu dutenez, «azpijoko gehiegi» ikusten dituztelako museoa eraikitzearen alde. «Utzikeria» eta «alderdikeria» ere salatu dituzte, eta biosferako erreserba errespeta dadila eskatu dute.

Guggenheim Urdaibai Stop plataformak zabaldu duen bideoa.

Bizkaiko Foru Aldundia zein Eusko Jaurlaritza Urdaibain jokaldi «maltzurra» egiten ari direla salatu du Stop Guggenheim Urdaibai plataformak. Diotenez, batetik, erakunde publikoek New Yorkeko Guggenheim fundazioari «doan» eskaintzen dizkiotelako negozioa handitzeko behar dituen azpiegiturak, eta, bestetik, Murueta ontziolako enpresa pribatuari ere ingurmenarekiko dituen ardurak barkatzen dizkiolako.

Muruetako ontziolak ez lukeela martxan jarraitu behar salatu du Stop Guggenheim Urdaibai plataformak. Zehaztu dutenez, 2018ra arteko iraupena zuen Francoren gobernuak enpresari esleitutako kontratuak, baina ontzia itsasoratu izanak erakusten du jarduera industrialak jarraitu egiten duela. «Ontziolak bizi-bizi jarraitzen du biosfera erreserbaren bihotzean».

Erakunde publikoak ekimen pribatuaren alde

Bizkaiko Aldundiak ontziola erosteko asmoa agertu duela ere azaldu du plataformak. Baina horren kontra daudela jakinarazi dute. «Ez dauka zentzurik!». Adierazi dutenez, lur horiek Espainiako Estatuarenak direlako, eta, beraz, ez dutelako katastro baliorik. «Eremu horretako bi gauza baino ez dira ontziolarenak: eraikinak eta kutsadura». Eta horregatik kezka. «Eraikinaren eraistea zein lur kutsatuen garbiketa herritarron diruarekin egitea onartezina da!».

Plataformaren ustez, diru publikoaren bidez ekimen pribatua erraztu nahi dute erakundeek, eta gaitzetsi egin du jarrera hori. «Administrazioak inposaketaren bidez mezu arriskutsu eta axolagabea erabiltzen du: normatiba ez dagoela betetzeko, baizik eta interesen arabera tolesteko».

Hori egiteko, Urdaibaiko biosfera erreserba babesten duten legeak aldatzen dabiltzala ere gaitzetsi du plataformak. Gogoratu duenez, 2023ko urrian Espainiako Gobernuak 100 metrotik 20 metrora murriztu zuen ontziolaren inguruko babesgunea. Lur horien kalifikazioa ere aldatu egin nahi dutela jakinarazi dute, bestalde. Guggenheim museoa «proiektu turistikoa» dela ere gogorarazi dute, eta ongizatea, kultura eta etorkizuna «mehatxatu» egiten dituela esan dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.