Makro proiektuak

Urdaibaiko Guggenheimen aurka egiteko babesak bildu dituzte

Larunbatean jendetza elkartu zen makroproiektuaren aurkako manifestazioan, Gernika-Lumon. Guggenheim Urdaibai Stop plataformak Busturialdeko udaletan mozioak aurkezteko urratsa egin nahi du.

Urdaibaiko Guggenheimen aurkako manifestazioa, pasa den larunbatean, Gernika-Lumon (Bizkaia). BERRIA
Paulo Ostolaza.
2023ko urriaren 30a
18:08
Entzun

«Urdaibaiko Guggenheim proiektuak ez du Busturialdean kabidarik. Eskualdeak bere beharrizan propioak ditu, eta seriotasunez erantzun behar zaie. Ezin dira Bilboko Guggenheim museoak dituen beharrekin estali, eta hori egiten ari dira». Eider Gotxi Guggenheim Urdaibai Stop plataformako kideak larunbatean Gernika-Lumon (Bizkaia) egin zuten manifestazioa ontzat jo du; jendetza elkartu zen, eta herritarren aldarrikapena «ozen eta argi» entzun zen. Busturialdearen etorkizunaren defentsan, Guggenheim Urdaibai Stop zioen mobilizazioaren aurrealdean erakutsitako pankartak.

Gotxik azaldu duenez, hiru aste eman dituzte atxikimenduak biltzen, eta, ugariak zirela ikusita, espero zuten manifestazio «inportantea» izatea. Pozik agertu da «prozesuarekin eta emaitzarekin». Plataformaren aldarrikapenei babesa adierazi diete hainbat erakunde ekologistak, baita dozenaka kolektibok eta norbanakok ere.

Besteak beste, Gernika-Lumon izan ziren EH Bilduko ordezkari ugari, baita Elkarrekin Podemosekoak ere. Horien babesa nabarmendu du Gotxik, «ate batzuk» zabalduko dizkielako. «Jarraituko dugu hitzaldiak ematen, ibilaldi gidatuak antolatzen, sinadurak biltzen... baina larunbateko manifestazioari esker ireki zaizkigun bideak ere esploratu nahi ditugu aurrerantzean». Adibidez, Busturialdeko udaletan mozioak aurkezteko urratsa egin nahi dutela aurreratu du: «Jakin nahi dugu udal bakoitzaren jarrera zein den proiektu honekiko».

Zirriborroaren arabera, 130 milioi euro inguruko aurrekontua izango luke Bilboko Guggenheim Urdaibaira hedatzeko prozesuak. Horietatik 40 milioi Podemosek ere osatzen duen Espainiako Gobernuak jarriko ditu; zehazki, PSOEren eskuetan dagoen Trantsizio Ekologikorako Ministerioak. Horren inguruan galdetuta, Gotxik argi utzi du plataformak ezin diola kritikarik egin Podemosi. Pozik agertu da Elkarrekin Podemosen babesa jaso dutelako: «Espainiako Gobernuan Podemos dago, bai; Euskadiko Podemosek atxikimendua eman digu, bai; eta oso pozik gaude horregatik. Azkenean, guk ez dakigu zenbat eragin izan dezaketen erabaki horretan. Plataforma moduan ez dugu esateko ezer».

Hasieratik sortu du harrabotsa Urdaibaiko Guggenheim proiektuak, baina, hala ere, aurrera doa pixkanaka. 60.000 metro koadroko eremua izango da, bi eraikinetan banatuta: Gernika-Lumon egongo da bata, eta Muruetan (Bizkaia) bestea. New Yorkeko Cooper Robertson arkitektura estudioa ari da egitasmoa osatzen. Bost urte iraungo lukete lanek, eta urtean 140.000 bisitari jasotzea espero dute.

Ikusi gehiago: Guggenheim Urdaibai proiektua: kostaldean atzapar pelagikorik ez

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.