Urdaibaiko Guggenheim museoak «aurrera» egin dezan egingo du lan Pradalesen Eusko Jaurlaritzak

Gobernu itunean museoaren alde egingo dutela hitzeman dute EAJ eta PSE-EE alderdiek, eta aldatu egin du horrek orain artean Jaurlaritzak izan duen jarrera. Guggenheim Urdaibai Stop plataformak protesta antolatu du biharko Gernikan, proiektuaren aurka.

Guggenheim Urdaibai Stop-ek deitutako elkarretaratzea, Dalia lantegiaren eraisketa salatzeko. GUGGENHEIM URDAIBAI STOP
Guggenheim Urdaibai Stop-ek deitutako elkarretaratzea, Dalia lantegiaren eraisketa salatzeko. GUGGENHEIM URDAIBAI STOP
Inigo Astiz
2024ko ekainaren 21a
15:32
Entzun

Imanol Pradalesek gidatuko duen Eusko Jaurlaritzak «Urdaibaiko Guggenheim proiektuan aurrera egiteko» asmoa azaldu du sinatu berri duen gobernu akordioan. Esaldi bat baino ez da EAJ eta PSE-EE alderdiek adostutako 125 orriko dokumentuan, baina erabat aldatzen du orain arte Eusko Jaurlaritzak Urdaibain eraiki asmo duten Guggenheim museoari buruz izan duen tentua. Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Solomon R. Guggenheim fundazioarekin batera osatutako hirukian, Jaurlaritza beti izan delako proiektuarekin hotzen azaldu den erpina. Bai mikrofonoz kanpo egindako adierazpenetan, bai eta, tarteka, agerian ere. Nabarmen, esate baterako, Iñigo Urkullu lehendakariak, urtarrilean, proiektuarentzako gogoetarako bi urteko «etenaldi» bat iragarri zuenean. Galga bat galdu du proiektuak, beraz.

Herritarrek protestak antolatu dituzte, halere. Bihar bertan, esate baterako, bateratze batera deitu du Guggenheim Urdaibai Stop plataformak Gernika-Lumon (Bizkaia). 10:30ean izango da mobilizazioa, Gernikako Batzar Nagusietan. Pradales lehendakari karguaren zina egitekoa den leku eta orduan, alegia. Ohar bidez, berriz gaitzetsi dute «Busturialdeko herritarren eskakizunei entzungor egin» eta proiektuarekin aurrera egiteko nahia erakustea.

Urdaibaiko Guggenheimi buruzko zalantzarik ez zuela adierazi zion Pradalesek BERRIAri: «Apurka-apurka urratsak egin nahi ditugu. Bi urte dauzkagu aurrerapausoak emateko. Lan pila bat dago oraindik».

Gobernu akordioko pasarteak «Busturialdea-Urdaibai eskualdea suspertzeko planaren esparrua» eta «Trantsizio Ekologikoko Ministerioarekin egindako akordioan jasotako ingurumen jarduerak» kontuan hartu beharra aipatzen ditu, hitzez hitz, eta orduan egiten du esplizitu museoaren proiektuan «aurrera egiteko» borondatea, hirukiaren beste bi erpinei ere erreferentzia eginez, «Guggenheim Bilbao Museoaren Patronatuaren baitan eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin lankidetzan».

Aurrerapausoen promesa

Jaurlaritzaren epeltasuna ez zen sekretua. Urkulluren gogoetarako iragarritako bi urteko etenaldiaren ondoren, Juan Ignacio Bidartek iragarri zuen Bilboko Guggenheim museoko zuzendari postua utziko zuela aurten. 32 urteko ibilbidea egin du Bidartek, eta, beraz, Bilboko Guggenheim museoaren eraikuntza eta garapena ez ezik, lehen lerrotik bizi izan ditu Urdaibaiko Guggenheim museoaren proiektuaren joan-etorriak ere. Eta bere agurra iragartzeko deitutako prentsaurrekoan argi esan zuen erakundeen arteko adostasun falta zela proiektu horrek aurrera ez egiteko motibo nagusia.

Ez da sekretua izan orain artekoa, beraz, eta hemendik aurrerakoa ere ez da sorpresa. Jeltzaleen hauteskunde programan ere bazetorren Urdaibaiko Guggenheim bultzatzeari buruzko aipamena, eta proiektuari buruzko zalantzarik ez zuela adierazi zion Pradalesek berak BERRIAri: «Apurka-apurka urratsak egin nahi ditugu. Bi urte dauzkagu aurrerapausoak emateko. Lan pila bat dago oraindik».

Eta orain gobernu akordioan gehitutako esaldiarekin, formalizazio aldetik maila bat gehiago irabazi du hauteskunde promesa horrek.

Debatearen ertz judiziala

Orain artean bi mugimenduk zentralizatu dute proiektuaren aurkako jarrera Urdaibai inguruan: Guggenheim Urdaibai Stop eta Zain Dezagun Urdaibai plataformek, hain zuzen ere. Eta protestak antolatzeaz gain, auzitara ere jo dute. Horregatik, politikoa ez ezik, judiziala eta ekologikoa ere bada debatea oraintxe bertan.

Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikoko Ministerioak Urdaibaiko biosferako itsasertzaren babesa apaldu zuen iazko urrian. Haren aurkako salaketa bana aurkeztu zuten Guggenheim Urdaibai Stop eta Zain Dezagun Urdaibai plataformek lehenik, bai eta Greenpeace mugimenduak ere ondoren. Aldaketa hura egin aurretik, Kosta Legeak ez zuen modurik ematen Muruetako (Bizkaia) eremuan itsasertzetik 100 metro baino gutxiagora ezer eraikitzeko, baina, aldaketaren ondotik, hogei metrora murriztu zen babes esparru hori, eta horrek bidea ireki zion Urdaibain Guggenheim proiektua eraikitzeari, haren aurkako eragileek salatu dutenez. Kosta Legea urratzen duelakoan aurkeztu dute salaketa.

Bi gune nagusi ditu Urdaibaiko museoaren proiektuak. Murueta ontziolakoa da kokapen horietako bat, eta Gernikako Dalia fabrikakoa da bestea. Eta, hain zuzen ere, aurreko astean hasi ziren eraikina eraisten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.