«Nork erabaki du gure eskualdeak museo bat behar duela? Nork erabaki du gure eskualdeak behar duen museo hori Guggenheimena izatea? Nork erabaki du museo horrek Guggenheimena izan behar badu zergatik egon behar den Urdaibaiko biosfera erreserban?». Guggenheim fundazioak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak Urdaibain eraiki asmo duten museoaren proiektuari buruzko informaziorik apenas zabaltzen den arren, gauza asko jadanik «erabakita» daudela uste du Guggenheim Urdaibai Stop plataformak, eta hiru galdera horien bidez agerrarazi nahi izan du hori Eider Gotxi plataformako kideak. Plataformak museoaren itzala ikusten du azken urteotan erakunde publikoek eskualdean egindako lege egokitzapen eta urrats administratiboen atzean. Baina, diotenez, egungo legedia errespetatuz gero, «bideraezina» da museoaren proiektua Urdaibaiko biosfera erreserban, eta hura geldiarazteko deia egin dute horregatik. Manifestazio zaratatsua antolatu dute Gernikan (Bizkaia), larunbaterako, 18:00etan, eta ia 400 sinaduraren babesarekin egin dute parte hartzeko deia.
Eskualdean museoaren proiektua «inposatu» egin nahi dutela salatu dute plataformako kideek gaur Gernikako Astran mobilizazioa iragartzeko egindako prentsaurrekoan, eta, erakunde publikoek bultzatu arren, proiektua ez dela «proiektu publikoa» ere esan dute. Eneritz Artetxe aktoreak eta Iker Gonzalez Libano pailazoak irakurri dute mobilizaziorako deia egiteko manifestua. Bertan azaldu dutenez, herritarren parte hartzerik gabe egin dute erakundeek aurrera, bai eta herritarren beharrei erantzuten ez dien proiektu bat bultzatuz ere. Diru publikoarekin Guggenheim fundazioaren nahiak asetzea aurpegiratu diete ordezkari politikoei. «Fundazio pribatu baten gurariak asetzea du helburu, eta gutxi batzuentzako probetxurako izango da».
«Nork erabaki du gure eskualdeak museo bat behar duela? Nork erabaki du gure eskualdeak behar duen museo hori Guggenheimena izatea? Nork erabaki du museo horrek Guggenheimena izan behar badu zergatik egon behar den Urdaibaiko biosfera erreserban?»
EIDER GOTXIGuggenheim Urdaibai Stop plataformako kidea
Plataformak gogoratu duenez, proiektua «definitu barik» dagoela esan du Elixabete Elantxobe Bizkaiko ahaldun nagusiak, egunotan, baina halere «nazio proiektua» dela. «Hori kontraesana, ezta? Zehaztasunez ezagutzen ez den proiektua itsu-itsuan defendatzea ardura barik jokatzea da».
Plataformak «turistifikazioaren aldeko apustu itsua» ikusten du jarrera horien atzean. Guggenheim Urdaibai Stop mugimenduko kideen hitzetan, Busturialdeko ekosistemak «lehengoratzen eta kontserbatzen» aritu beharko lukete ordezkari publikoek, gaur egun ere jasaten ari den «presio handia» arintzen laguntzeko. Eta plataformak gogoratu duenez, hori xe zehazten dute Urdaibaiko erreserbari eragiten dioten arauek. «Baina ondo baino hobeto dakigu denok Urdaibaiko Guggenheim proiektua ez dela bideragarria, eta horrexegatik exijitzen dugu bertan behera uzteko».
Bilera sorta
Plataformak azken asteetan Eusko Jaurlaritzako, Eusko Legebiltzarreko zein Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariekin egindako bilera sortaren laburpena ere egin dute. Eta Eider Gotxi plataformako kideak esan duenez, antzekoa izan da beti erantzuna. Denek diotelako proiektua oraindik definitu gabe dagoela, eta, halere, guztiek dutelako ezinbestekotzat.
«Ondo baino hobeto dakigu denok, Urdaibaiko Guggenheim proiektua ez dela bideragarria, eta horrexegatik exijitzen dugu bertan behera uzteko»
ENERITZ ARTETXEAktorea
Elixabete Elantxobe Bizkaiko ahaldun nagusiarekin izandako solasaldiaren berri eman du Gotxik, esaterako. «Galdetu zigun ea zelan egon gintezkeen ezagutzen ez genuen proiektu baten aurka, eta guk erantzun genion zelan egon zitezkeen haiek ezagutzen ez zuten proiektu baten alde».
Eneko Andueza PSE alderdiko idazkari nagusi eta Eusko Legebiltzarreko kidearekin ere bildu zen plataforma, eta paretsua izan zen egoera, Gotxik azaldu duenez. «Esan zigun proiektu hori ez duela ezagutzen». Baina, plataformak gogorarazi duenez, hala ere, PSEk eta EAJk Eusko Jaurlaritza osatzeko adostutako gobernu proiektuan dator Guggenheimenen Urdaibairako proiektuaren aipamena.
«Ingurumena lehengoratzearen alde gaude. Kutsatutako akuiferoak garbitzearen alde gaude. Baina ekintza horiek guztiak proiektu honi lotzea manipulazioa da»
EIDER GOTXIGuggenheim Urdaibai Stop plataformako kidea
Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura sailburuarekin egin zuten bilkura, eta natura eta artea batu beharraz aritu zitzaiela esan du Gotxik. «Natura eta artea lotzea da proiektua kulturala dela esatea, bana proiektu honek ez dauka inongo oinarri kulturalik, kultur munduarekin ez delako ezer adostu horri buruz».
Plataformako kideen hitzetan, horregatik, «gauza bakarrean» daude ados hiru ordezkari publikoak. Gotxi: «Hirurek esaten dute Urdaibaikoa funtsezko proiektua dela Guggenheim fundazioarentzat. Fundazio pribatu batean oinarrituta dago gure eskualdearen etorkizuna».
Plataformak inguruaren garbiketa babesten duela zehaztu dute, baina ez dute uste ekintza horiek museoaren proiektuarekin lotzea bidezkoa denik: «Ingurumena lehengoratzearen alde gaude. Kutsatutako akuiferoak garbitzearen alde gaude. Baina ekintza horiek guztiak proiektu honi lotzea manipulazioa da. Ekintza horiek egin behar dira museoa etorri edo ez. Eta guk ez dugu nahi etor dadin».
Sinatzaileen zerrenda luzea
Ia-ia 400 pertsona eta elkartek azaldu diote babesa manifestazio deialdiari, eta zerrenda berez handiagoa izan zitekeela azaldu dute plataformako kideek. Gotxi: «Eurak hurbildu dira geugana, ez gara joan haiengana. Eta babesa adierazi duten hainbat eta hainbat kultura mundukoak dira. Hori oso esanguratsua da». Bertan dira, besteak beste, Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu ohi eta hizkuntzalaria, Haimar Arejita musikaria, Ines Osinaga abeslaria, Irati Jimenez idazlea, Oier Iruretagoiena artista, Olaia Intziarte abeslaria, Itziar Ituño aktorea, Antton Telleria telebistako aurkezle eta umorista, Eñaut Elorrieta musikaria, Gontzal Mendibil abeslaria, Asisko Urmeneta marrazkilaria, Lander Garro idazle eta zinemagilea, Leire Vargas idazle eta itzultzailea eta Guillermo del Olmo eskultorea.
Eta Gotxik zehaztu duenez, euren lanpostuekiko «errespetuagatik» babesa publikoki azaldu ez arren, plataformarekin bat egiten dutela adierazi diotenak ere badira.
Gernikako Pasealekutik abiatu eta hantxe amaituko da manifestazioa, eta, bukatzean, «ekitaldi xume bat» izango dela iragarri dute deitzaileek. Horrez gainera, larunbatean garraio publikoa erabiltzeko deia ere egin diete haien aldarriei babesa adierazi nahi dietenei. Donostiatik eta Mungiatik, esaterako, autobusak ere antolatuko dituzte.