Urdaibaiko Guggenheimi buruzko «entzute prozesu bat» abiatzeko eskatu diote EAJk eta PSEk Eusko Jaurlaritzari

Museoari buruzko erabakia herritarren esku uzteko EH Bilduren eskaria ez dute babestu legebiltzarrean, eta EAJk eta PSEk proposamenari egindako osoko zuzenketak aurrera egin du. Proiektua eskualdeko planarekin lotu dute testuan.

Guggenheim Urdaibai Stop plataformaren manifestazioa, Gernikan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Guggenheim Urdaibai Stop plataformaren manifestazioa, Gernikan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Inigo Astiz
2024ko urriaren 24a
16:30
Entzun

Eusko Legebiltzarrera itzuli da gaur Urdaibain Guggenheim museoari buruz egin asmo duten eztabaida. EAJ eta PSE alderdien aldeko botoekin, Eusko Legebiltzarrak eskaera formala egin die bai Eusko Jaurlaritzari eta bai «inplikatutako beste erakundeei», «entzute, parte hartze eta eztabaida» prozesu bat abiatzeko, Busturialdea-Urdaibai eskualderako esku-hartze plan bat garatze aldera. Legebiltzarrak onartutako testuaren arabera, prozesu horretan esplizituki txertatuta egongo da Guggenheim museoaren bideragarritasunari buruzko eztabaida. Hain zuzen ere, azken esaldian egiten zaio aipamena museo proiektuari: «Lehentasunezko jarduera eremutzat jotzen da Urdaibai, eta, horren testuinguruan, Guggenheim museoaren proiektuaren bideragarritasunari heldu behar zaio».

Berez, EH Bilduk proposatutako mozio batekin abiatu da eztabaida parlamentuan. Parte-hartze prozesu bat hasteko eskaria egin du koalizioak ere, baina bereizi egin nahi izan ditu eskualdeari buruzko planaren beharra eta Guggenheim museoaren proiektua, eta herritarren esku utzi nahi izan du museoari buruzko erabakia. Gainerako alderdiek ez dute babestu proposamena, ordea, eta EAJ eta PSEk aurkeztutako osoko zuzenketa aurrera atera da azkenean, Guggenheim museoaren bideragarritasunari buruzko aipamena plan orokorragoarekin bateratzen duen azken esaldiarekin. PP alderdia abstenitu egin da, eta EH Bilduk, Sumarrek eta Voxek kontra bozkatu dute.

Proposamen «on» bat

Aurrez ere, Eusko Jaurlaritzak azaldua zuen prozesu parte hartzaile bat zabaltzeko asmoa. Duela egun batzuk, Busturialdea-Urdaibairen garapenari buruzko «entzute, eztabaida eta kontraste» fase bat abiatzeko asmoa azaldu zuen Ibone Bengoetxeak, Eusko Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, gobernuaren kontrol saioan. Eta Bengoetxearen hitzak hartu ditu gogoan gaur Irune Zuluaga EAJko parlamentariak Eusko Legebiltzarrean egindako saioan. Entzute fase hori azkar hasi ahal izateko esperantza ere adierazi du.

EAJko legebiltzarkidearen hitzetan, eskualde osoari eragingo dion «ideia traktore bat» da Urdaibain egin asmo duten Guggenheim museoarena. «Proposamen bat da, proposamen on bat, eta aukera asko emango ditu». Parte-hartze prozesuaz ere aritu da. «Zer nahi dugun, nola nahi dugun, noiz nahi dugun eta zer neurritaraino nahi dugun eztabaidatu ahal izateko erremintak jarriko ditu departamentuak».

Estibaliz Canto PSEko legebiltzarkideak biosfera babesteko ezarritako legeak bete beharrekoak direla gogoratu du. Eskualdearentzako plana «kontsentsuz» adosteko beharra ere aipatu du. Gogoratu duenez, ordea, oraindik ere Guggenheim museoaren proiektuari buruzko informazioa falta zaie. «Interesgarria izan daiteke, baina aztertu egin beharko da, ezagutu eta zehaztu».

Gernikako manifestazioa

Eskualdeko herritarren, eragileen eta erakundeen «hitza eta erabakimena» kontuan hartuko duen prozesu bat nahi zuen EH Bilduk. Eta, proposamena aurkezterakoan, Guggenheim Urdaibai Stop plataformak deituta Gernikan asteburuan izandako manifestazio jendetsua izan du gogoan Oihana Etxebarrieta legebiltzarkideak.

Etxebarrietaren hitzetan, mobilizazioak «argi» erakutsi duelako Busturialdeko herritarrek ez dutela Guggenheim museorik nahi biosferan. Bereizi egin nahi izan ditu proiektu horri buruzko eztabaida eta eskualdea biziberritzeko planari buruzkoa. Haren ustez, bata eta bestea «bi prozesu aparte direlako».

Eskualdeak suspertze ekonomiko eta soziala behar dituela uste du koalizioak, baina «aldez aurretiko inposaketarik gabe» egin beharreko debatea dela defendatu du. Horregatik, ez zaio zuzena iruditzen plan hori Guggenheim proiektua «legitimatzeko» erabiltzea. «Zerotik» abiatu beharko litzatekeela azaldu du, eta ondorengo galderarekin itxi du bere aurkezpena. «Balioko du herritarrek esaten dutena, edo bai ala bai egingo den proiektu batean jarraitzen dugu?».

Santiago Lopez PP alderdiko legebiltzarkideak proiektuari buruzko «argitasuna» eskatu du. Jon Hernandez Sumar alderdiko parlamentariak, bere aldetik, erreserba babesteko beharra azpimarratu du, eta proiektuak ingurugiroan eta eskualdeko gizartean izan dezakeen «inpaktua» ikertzeko «ebaluazio independente eta parte hartzaile bat» eskatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.