Artea

Urbelan, Altuna y Uria eta Campezo enpresek handituko dute Arte Ederren eraikina

41,1 milioi euroko kostua izango du obrak guztira —hasiera-hasierako proiektuan espero zutena baino ia hemeretzi milioi euro gehiago—, eta 2024ko abuztuan bukatu beharko lukete.

Norman Foster, 2019ko abenduan, proiektua jendaurrean aurkeztu zuenean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
mikel p ansa
2022ko abuztuaren 12a
16:44
Entzun

Bilboko Arte Ederren Museoa handitzeko obraren lehiaketa hutsik gelditu zen aurreko aldian, eraikuntza enpresek juzgatu zutelako ez zela posible obra egitea museoak agindutako prezioan. Bigarren aldiz atera zuten lehiaketara obra, eta, oraingoan bai, bi obra proiektu aurkeztu dira, eta museoak horietatik merkeena aukeratu du, abuztuaren 10ean. Gaur, ostirala, jakinarazi dute nork irabazi duen lehiaketa.

Aldi baterako bi enpresa elkarte aurkeztu ziren: Urbelan, Altuna y Uria, Campezo eta Teusa enpresek osatutakoa bat —obra 33,9 milioi euroan egitea proposatu dute, BEZa aparte—, eta Ferrovial, Cycasa eta Eraikuntza Birgaikuntza Artapena enpresek osatutakoa bestea —34,2 milioi euroan proposatu dute obra egitea, BEZa aparte—.

BEZa erantsita, lehiaketa irabazi duen obrak 41,1 milioi euroko kostua izango du guztira, museoak deialdi honetarako aurreikusitakoa baino ia 300.000 euro gutxiago —obraren kostuak, askotan gertatzen den bezala, garestitzen ez badira behintzat—. Baina museoa zabaltzeko proiektua aurkeztu zuten lehen aldian, 2019ko abenduan, adierazi zuten 18,6 milioi euroko kostua izango zuela obrak —alegia, BEZa gehituta, orain baino ia hemeretzi milioi gutxiago—.

Obraren adjudikazioari helegiteak aurkezteko epea hasi da orain, eta, horiek ebatzi ondoren, espero dute irail bukaeran egitea behin betiko adjudikazioa. Hartara, museoa handitzeko lanak urri bukaeran hasiko lirateke. Hortik aurrera, ia bi urte, zehazki 22 hilabete, edukiko dituzte obra bukatzeko: 2024ko abuztu bukaeran bukatuta legoke obra guztia, beraz.

Norman Foster eta Jose Luis Uriarte arkitektoek egin dute Arte Ederren Museoa handitzeko proiektua; Agravitas izena eman diote. Hiru fasetan edo eremutan eraikiko dute: 1970eko eraikinean egingo dituzte lan batzuk, eraikin berri bat eraikiko dute, eta 1945eko eraikinari (originalari) eta Arriaga plazari eragingo dio besteak.

1945eko eraikinaren gainean, hegal bat eraikiko dute airean, eta, horrekin, 6.700 metro koadro irabaziko ditu museoak —gaur egun, 8.000 metro koadro ditu; ia orain halako bi izango da, beraz—. Irabazitako eremu horretatik 1.600 metro koadro inguru hartuko dituzte erakusketentzat. Gainerako eremuan, BBK-Museoa gunea irekiko dute, eta terraza bat ere zabalduko dute.

2018ko abenduan aurkeztu zuten egitasmoa lehen aldiz, eta hasieratik izan ditu gorabeherak eta kritikak. Besteak beste, Iñaki Uriarte arkitektoak gidatzen duen Bilboko Arte Ederren Museoaren Defentsa Zibikoa herri mugimenduak salatu izan du proiektuak legea urratzen duela, eta auzitara ere jo izan du, proiektua geldiaraz dezatela eskatzeko.

Prezioa, etengabe gora

Lehiaketak ere gorabehera ugari izan ditu. 2019ko abenduan, 18,6 milioi euroko aurrekontu bat zuten aurreikusia. 2022ko martxoan egin zuten lehen lizitazioa, baina, eta 29,5 milioi euroan eskaini zituzten lanak orduan. Ez zen enpresarik aurkeztu lehiaketara, diru horrekin ezinezkoa zela argudiatuta. Azkenean, 33,9 milioi euroan eman dute, hasieran uste baino hamabost milioi euro gehiagoan. Eta aparte zenbatu behar da BEZa. Bestalde, lanek urtebeteko atzerapena izango dute gutxienez: museo berria 2023an zabalik egotea espero zuten hasieran.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.