Ekaitza lehertzearekin batera, euriak eta trumoi hotsek apurtu dute aretoko isiltasuna. Harekin batera, perkusio bat ere entzun daiteke atzealdean, eta, soinu horien erritmoan, dancehall estiloan dantzan ari dira Jamaikako herritar batzuk, euripean, bakarka zein taldeka. Errepidearen alboan egindako dantzen sekuentziek ardazten dute Cecilia Bengolea artistaren Tximista-dantza ikus-entzunezkoa, eta kanal bakarreko zuri-beltzezko bideo proiekzioa erabili du horretarako. Bideoaz gainera, Bestiarioa eta Posizio gogokoenak animazio digitalek biribiltzen dute Ur-animazioak erakusketa. Guggenheim museoko Film & Video programaren bigarren proposamena dira artista argentinarraren hiru obra berri horiek, eta urriaren 24ra arte egongo dira ikusgai.
Manuel Cirauqui Film & Video erakusketa programako arte arduradunaren hitzetan, prozesu «zoragarria» izan da: «Uraren esanahiari lotuta doan erakusketa elektriko bat da». Gainera, Tximista-dantza piezak «sekulako energia» duela nabarmendu du: «Izugarrizko bizitasuna eta indarra du ikus-entzunezkoak; mugitzen eta dantzatzen hasteko gogoa ematen du».
Erakusketako hiru obra horien bitartez, dantzari buruz hausnartzera bultzatu nahi du Bengoleak, hau da, gorputzaren eta inguruaren arteko «jolas sentsorialari buruz» gogoeta egitera. Hala ere, ez da helburu bakarra: «Dantzaz ez ezik, ikusleak komunitate sozialen eta naturaren arteko harreman erritmikoez pentsa dezala lortu nahi dut». Urari, likidoari eta fluidoari dagozkien askotariko esperientzien bitartez, bideoa, koreografia eta eskultura uztartu ditu artistak erakusketa horretan.
2018. eta 2019. urteen artean ondu zituen Bengoleak hiru piezak: Tximista-dantza bideoa eta Bestiarioa eta Posizio gogokoenak animazio digitalak. Pieza horien bitartez, agerian geratzen da artistak bideo eskulturari eskaintzen dion ikuspegia. Izan ere, erakusketa aretoan «askatasunez» dabiltzan eragile gorpuzdunak balira bezala ulertzen du mugimenduan dagoen irudietako bakoitza.
Filosofia eta Artearen Historia ikasi ondoren hasi zen Bengolea koreografia aztertzen. Eta, horren ondoren, bideoarekin eta eskulturarekin uztartu zuen diziplina hori. Bere ikerketa lanetan, herri dantzaren hainbat adierazpide aztertu ditu, eta etengabe ari da figurazio kontzeptuaren inguruko definizio berriak sortzen.
Izenburuari dagokionez, animazioari egiten dio erreferentzia artistak: «Artifiziala den horri bizia ematea da asmoa; hau da, bizigabea dena energiaz hornitzea». Artistaren lanean, arima estu-esturik dago lotuta izaki bizidunek energia elektrikoaren eroale gisa duten ahalmenarekin. Musika, berriz, animazioa indartzeko tresna gisa erabiltzen du.
Gorputzaren metamorfosia
Ikus-entzunezkoaz gainera, bi animazio digital ditu erakusketak: Bestiarioa eta Posizio gogokoenak. Lehenengoan, Jorge Luis Borgesen El libro de los seres imaginarios (Alegiazko izakien liburua, 1957) hartu da inspirazio iturri gisa. Zehazki, obra horretarako, artistak bere gorputza eskaneatu zuen, «izaki fantastiko sorta bat» bilakatu arte. Hologrametakoen antzeko ikonografia erabili du, eta pieza horrek etengabeko metamorfosi egoeran dagoen gorputz baten alegiazko eraldaketa erakusten du. Bigarrengoan, berriz, olagarroa hartu du abiapuntutzat. «Mugarik ez duen gorputz bat iradokitzen du olagarroak, ur azpian naturalki mugitzen dena», azaldu du komisarioak.
2014an ateak ireki zituenetik,artista ugariren sorkuntza lanak bildu ditu Guggenheim museoko Film & Video aretoak. Ikusgai egon den azkena, hauxe: Alex Reynolds artista bilbotarraren Bada lege bat, esku bat, abesti bat erakusketa.
Uraren mugimenduari eta fluxuari jarraituz dantzari buruz egindako gogoeta
Cecilia Bengolearen hiru obra bildu dituzte Guggenheim museoko 'Ur-animazioak' erakusketan. Urriaren 24ra arte egongo da ikusgai
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu