«Ustezko zoriontasun hipermodernoa desertuko baldintzek eragindako ilusioa baino ez da, espejismoa. Basamortuko gizarte mingarrian bizi gara egun». Sinopsi horrek ematen du liburuaren tonua. Greziako mitologia abiapuntu hartuta, globalizazioa, demokrazia, kontsumismoa, biktimismoa eta terrorismoa lantzen ditu, besteak beste, Mitxelko Uranga idazlearen Tartaroa. Mina, boterea eta egia saiakera liburuak (Pamiela). «Gizarteari egindako kritika bat», laburtu du autoreak. Eta, hain zuzen ere, kritika hori aitortu du epaimahaiak euskarazko saiakerako Euskadi Sariaz.
Beste hiru saritu ere jakinarazi dituzte. Uxue Alberdik jasodu haur eta gazte literaturako Euskadi saria, Besarkada lanagatik (Elkar); Fernando Mikelarenari eman diote gaztelaniazko saiakerakoa, Sin piedad. Limpieza política en Navarra, 1936 liburuagatik (Pamiela); eta Mikel Casalek jaso du ilustrazioari dagokiona Así es la dictadura lanagatik (Media vaca). 18.000 euro jasoko ditu bakoitzak, eta beste 4.000 euro liburua beste hizkuntza batera itzuli eta argitaratzen bada. Epaimahaien lana nabarmendu du Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura, Hezkuntza eta Gazteria sailburuordeak, eta, aurreratu duenez, datorren astean jakinaraziko dituzte itzulpenik onenarena eta euskarazko eta gaztelaniazko literatura sariak. Azaroaren 17an egingo da sariak banatzeko ekitaldia, Donostiako San Telmo museoan.
Urangaren kasuan, epaimahaiak «berezko ahotsa» izatea txalotu dio idazleari, eta baita ideiak aurkezteko era xehea ere. «Gogoetarako ate berri eta iradokitzaileak irekitzen ditu saiakera ulerterraz eta sakon honetan». Filosofiako doktorea da Uranga, eta Sopelako ikastolan aritzen da irakasle. Zehaztu duenez, gainera, ikasle horiek izaten ditu gogoan liburuak idazterakoan, eta horrek bultzatu du estilo irakurterrazean aritzera. Hainbat saiakera kaleratu ditu azken urteetan: Espektroak. Euskal terroristak (Utriusque, 2010), Espektroak. Gutun bat euskalduntasunari buruz (Utriusque, 2011), Espektroak Euskaldunak Europan (Utriusque, 2011), eta Eros(ki). Merkatuaren erotizazioa, erotismoaren merkantilizazioa (Pamiela, 2014; Juan Zelaia saria).
Alberdiren lanari buruz, epaimahaiak haren izaera sentsoriala nabarmendu du: «Azal eta mami biltzen du besarkada batek sortzen duen zirrara». Maite Gurrutxaga ilustratzailearekin batera ondu du lana idazleak, eta haren lana ere izan du gogoan Alberdik saria eskertzerakoan. Kopla bidez osatu du liburua idazle eta bertsolariak, eta hori ere nabarmendu du epaimahaiak. Zehaztu dutenez, gainera, «pentsatzeko baino gehiago, sentitzeko liburu bat» da Besarkada. «Txikitasunaren handitasunari gorazarre egiten dio, eta agerian uzten du literaturaren oinarrizko balio sotila: zu, ni, hitzak, irudiak eta guztiak biltzeko une bat». Aulki-jokoa nobela (Elkar), Euli-giro (Susa) eta Aulki bat elurretan (Elkar) ipuin liburuak eta haur eta gazte literaturako hainbat liburu kaleratuak ditu aurrez Alberdik.
36ko gehiegikeriak
Fernando Mikelarena idazleak azaldu duenez, gainontzeko sarituek bezala, berak ere sorpresaz hartu du gaztelaniazko saiakerako Euskadi saria. Sin piedad. Limpieza política en Navarra, 1936 (Pamiela) liburua da epaimahaiak nabarmendu duena. Gerra hartan, Nafarroan izandako bortizkerien erretratua ematen du liburuak, eta orduko tortura, hilketa eta gehiegikeriak ditu hizpide. Hain justu ere, diktadura bat da Mikel Casal ilustraziogilearen Así es la dictadura lanaren ardatza ere. 1977an argitaratu zen lehenengoz liburu hori, Franco hil berritan, baina Media Vaca argitaletxeak berriz editatzea erabaki, eta Casalek sortutako irudi berriz kaleratutako bertsioa da epaimahaiak orain saritu duena. Azaldu dute zergatik: «Baliabide grafiko urriak erabiliz, umorezko ukituekin eta irakurle gazteari zuzendutako keinuekin mamitzen du narrazioa, ikuspen propioa islatuz».
Urangak jaso du saiakerako Euskadi saria
'Tartaroa. Mina, boterea eta egia' liburuagatik saritu dute Mitxelko Uranga. Uxue Alberdiri eman diote haur eta gazte literaturako saria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu