Donostiako 66. Zinemaldia. Sail Ofiziala

Urak beren bideetan

Isaki Lacuestak fikzioa eta errealitatea nahastu ditu 'Entre dos aguas' filmean. Orain dela hamabi urte ondu zuen filmeko bi anaien bizitzei heldu die berriro

Isa Campo gidoilaria, Israel Gomez eta Rocio Rondon aktoreak (alabekin), Isaki Lacuesta zuzendaria eta Raul Refree eta Kiko Veneno musikariak. J. C. RUIZ / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2018ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Isra eta Cheito anaiak nerabeak ziren Isaki Lacuesta zinemagilearen La leyenda del tiempo (2006) filmean agertu zirenean. Hamabi urte geroago, zuzendari katalanak jarraipena eman die haien bizitzei Entre dos aguas filmean. Fikzioaren eta errealitatearen artean dantzan dago lana, eta Sail Ofizialeko lehian aurkeztu zuten atzo.

La leyenda del tiempo ez zen Lacuestaren lehen lana izan, baina bai «oso iniziatikoa», zuzendariak goizeko emanaldiaren ostean adierazi zuenez. Azaldu zuen lehen film hartan bi haur ijitoek nerabezarorako bidean zituzten aldaketak erakutsi nahi izan zituela; «denboraren iragatea», azken batean. Lan berrian, haien bizitzei berriro heltzeko, fikziotik nahiz errealitatetik edan du, berak definitu moduan, «fikzio hiperrealista bat» sortzeko. Hala, bi lanetan bide beretik jo du formari dagokionez. «Halako filmek elkarrizketa bat planteatzen dute idatzitako gidoi baten eta aurrean aurkitzen dugunaren artean; modu oso irekian idatzita daude. Eta berdin egin dugu lan berria ere». Azaldu zuen, esaterako, hautaketa prozesuan ez zutela idatzitako pertsonaia horretara ongi egokituko zen aktore jakin bat bilatu. «Gidoian pertsonaia hori badago, baina castingera norbait agertzen bada interesatzen zaigun zerbait ematen diguna, hor daude gidoilariak [Isa Campo eta Fran Araujo] gauzak aldatzeko. Aldaketa eta elkarrizketa prozesu etengabea izan da». Buruan zuten lanari baino gehiago, kameraren aurrean gertatzen ari zenari adi egotea izan zen zuzendariaren premisa.

Bi pertsonaiek atzean utzi dute nerabezaroa film berrian. Isra espetxetik atera berria da, eta, zailtasunen gainetik, bere bizitzari berrekin nahian dabil, zein norabide hartu asmatu ezinik. Cheitok, berriz, bizimodu egonkorragoa du, lan eta familia aldetik. Bi anaiek harremana berreskuratuko dute, eta filmak erakutsiko du nork jarraitzen dion bere bideari, eta nola.

Zinemagileak nabarmendu zuen fikziozko film bat dela, baina egunerokoa duela inspirazio iturri. Hala, azaldu zuen hainbat gertakari asmatuak direla, baina beste zenbait errealitatetik hurbil daudela. «Cheito, esaterako, benetan da militarra, baina Isra, aldiz, ez da inoiz kartzelan izan». Esan zuen maite duela bien arteko jolas hori, baina kezka ere baduela jolas formalek hainbatetan ez ote duten eraikitzen ikuslearekiko horma bat. «Asmoa zen osagai gutxiagorekin lan egitea, eta gardentasuna erakustea forman».

Kantuekin ere jolas bera

Raul Fernandez Refree eta Kiko Veneno musikariek sortu dute filmerako musika, eta, horretarako, zuzendariak bezala, errealitatetik ere hartu dituzte osagaiak. Refree-k azaldu zuenez, aspalditik zeukan errodajea ikusi ahala musika sortzeko ideia. «Esango nuke sortu dudana topatu egin dudala, inspirazioa hor egotea izan baitzen». Inguruko hotsen eta ahotsen grabazioak ere erabili zituen; esaterako, grabazioan kantuan hasi zen haurrarena.

Venenorentzat ere errealitatea izan zen inspirazio iturri nagusia. «Ingurua ongi ezagutzen dut, geografikoki, kulturalki... Eta gero, anaiak ezagutzean, ez nuen besterik behar izan: begiak itxi, inspiratu, eta gauzei ateratzen uztea izan da dena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.