Ur ezezagunetara egindako hegaldia

Ken Zazpikoak oso identifikatuta sentitzen dira errautsetatik birsortutako fenix hegaztiarekin, eta mitoaren grezierazko izena jarriko diote seigarren diskoari: 'Phoenicoperus'. Eñaut Elorrietaren iritziz, «oso desberdina» da besteen aldean.

Igor Susaeta.
Usurbil
2015eko irailaren 18a
00:00
Entzun
Euskadiko Orkestrarekin batera ondutako diskoa kaleratu ondoren (Elkar / Argiak, 2013) Ken Zazpi taldekoak «inflexio puntu batean» zeudela dio Eñaut Elorrieta abeslariak (Gernika, Bizkaia, 1975). Argi zeukaten ez zutela beste lan bat argitaratu nahi «besterik gabe», eta sentitzen zuten, beraien ibilbidean beste noizbait gertatu bezala, ordura arte haien sormena ase zuen iturria agortzen ari zela. Ia-ia hogei urte daramatzate elkarrekin, eta pentsatzen du Elorrietak tarte horretan garapen nola pertsonalak hala kolektiboak ematen direla, edozein harremanetan bezala. «Norbanako zein talde bezala birkokatzeko beharra sentitu genuen». Ez du ukatzen egoera zailak pasatu dituztela, eta momentu batzuetan «aurrera edo atzera» egiteko zorian ere egon direla. «Baina distantziarekin begiratuta, edozein harreman edo proiektutan une gogor horiek pasatzea beharrezkoa eta oso sanoa dela iruditzen zait».

Inflexio egoera hartan zeudela, fenix hegaztiarekin, errautsetatik birsortzen denarekin gogoratu ziren. «Oso identifikatuta sentitu ginen mito horrekin». Lumak astintzen hasi dira berriro, hortaz, Ken Zazpikoak, eta erabaki dute, kantariaren esanetan, kontrolatzen ez dituzten esparru batzuetara jotzea —«hori izan da, nolabait, gure ibilbideko leitmotiv-a, hala markatzen ditugu erronkak»—, konposizio mailan ur ezezagunetan sartzea, eta Ricky Falkner «indie-pop» ekoizleakgidatu du hegaldi esperimental hori. Hegaztiaren mitoaren grezierazko izena edukiko du estudioko seigarren diskoak —Phoenicoperus—, hamar kantu bilduko ditu, eta azaroan kaleratuko dute. Aurrekoekin alderatuta oso desberdina da, Elorrietaren hitzetan.

Haritz Harregiren Higain estudioan, Usurbilen (Gipuzkoa) grabatu dute ohi bezala, eta hilabete pasako lana izan da, nahasketak ere kontuan hartuta. Bertaratu zirenean, joan den abuztuaren 10ean, ekoizpen lanari ekin zioten. «Zuzenean grabatzen hasi beharrean, gela hau [grabaketa estudioa] entsegu lokala balitz bezala muntatu genuen, eta kantuka lan egin genuen Rickyrekin [Falkner]». Hala jardun zuten hamar bat egunez, «lehen fasean»: grabatu, entzun, Love of Lesbian, Standstill, Sidonie eta, besteak beste, Berri Txarrak-en ekoizle izan denaren aldaketa-proposamenei tartea egin, horiek probatu... Ondoren grabatu zituzten instrumentuak, ahotsak eta gehigarriak, «ohiko eskemari jarraituz».

Oraingoan ere abestiak oso landuta eraman zituzten estudiora, baina beste aldi batzuekin konparatuta, «askoz ere mentalitate irekiagoarekin» ailegatu ziren hara. «Kontziente ginen estudioan aldaketak gertatuko zirela, eta, beraz, ahalegindu ginen egindako moldaketetara-eta gehiegi ez lotzen», gehitu du, umorez.

Hamar kantuetatik bi instrumentalak izango dira, eta diskoaren kontzeptua indartzen dutela pentsatzen du taldearen abeslari eta gitarristetako batek: «Bata da bizitza, bestea heriotza». Irizten dio, gainera, ziklikoa dela: «Bizitzaren ostean heriotza dator, eta heriotzaren ostean bizitza. Fisikoki behin hiltzen eta jaiotzen gara, baina uste dut bizitzan zehar etengabe pasatzen zarela heriotza-bizitzaren ziklotik. Sentipen hori laburbiltzen du diskoak».

Zikloez ari dela, pentsatzen du EOSekin ateratako diskoak taldearen «ziklo naturala» hautsi zuela. «Bi urteko lana izan zen. Bost kontzertu eman genituen ondoren, eta... Ohituta geunden diskoa grabatu eta bira bat egitera».

Ortzemugak begietan (2010) argitaratu ondoren ere sentitu zuen zikloaren amaierarena, duela bi urte bezalaxe. Hasi ziren hausnartzen Ken Zazpikoak, eta iruditu zitzaien egungo gizartea ere «nolabaiteko» inflexio puntu batean dagoela. «Phoenicoperus kontzeptuarekin gertakizun pertsonaletatik harago hel gintezkeela pentsatu genuen, beste ikuspuntu batzuk jorra genitzakeela».

Ken Zazpiren kantuetan, gainera, alde indibiduala eta kolektiboa eskutik lotuta joan izan dira sarri. «Indar batzuek» bultzatzen dute idaztera. «Beharbada, kantu batzuek irakurketa batera baino gehiagotara eraman gaitzakete. Sentitu dezaket batzuk, Phoenicoperus-en kontzeptutik tiraka, oso pertsonalak direla, baina esaldi batek bati gauza bat iradoki diezaioke eta beste bati beste zerbait, eta eduki ditzakete, gainera, herri mailako irakurketak, edo irakurketa zabalagoak».

Kolaborazioak hitzetan

Lau kanturen hitzak ondu ditu Elorrietak. Bestela, Amets Arzallusek idatzi du bat «errefuxiatuen gaiari buruzkoa», Joseba Sarrionandiak mozal legeaz, Harkaitz Canok Phoenicoperus izenburua duena, eta Unai Iturriagarena ere bada beste bat. Hitzetan ohiko planteamenduari eutsi dio Ken Zazpik.

Musikalki euskal kantuen tradizioa eta pop-rock anglosaxoia izan ditu zutarri nagusi taldeak azken hamabost urteotan. Oraingoan, ordea, «estetika musikala» ezberdina izango dela nabarmendu nahi du. Hala bilatu dute. «Hori izan da Falknerrengana jotzeko arrazoietako bat». Dena den, abestiak entzun eta lagunen batek aipatu dio «oso Ken Zazpi» dela. «Hori ez da txarra. Alde batetik, ikusiko da oraindik ere Ken Zazpi dela, baina aldaketak igarriko dira; guk, behintzat, igartzen ditugu».

Euskal Herriko musika eszenako talde ikurretako bat izanda, Ken Zazpiko abeslariak ez du, ordea, presiorik nabaritzen etor daitekeenaren inguruan. «Erantzukizuna sentitzen dut, baina ez dut uste denik nik neure buruari jartzen diodana baino handiagoa. Izan ere, oso exijenteak gara».

Eutsiko diogu? (Erein, 2014) liburuan Fermin Etxegoienek egin zion elkarrizketan aitortu zuenez, Ken Zazpi disko asko saltzera kondenatuta dago —15.000 eta 20.000 ale artean saldu ditu beti, haren esanetan—, «eskaintzen duena garestia delako». Elorrietak dio irabazitako dirua hurrengo lanean inbertitu izan dutela beti. «Nahi baduzu, guretzat Ken Zazpi da esperimentazio gune bat. Aurreko diskoak ondo saldu izanak eman digu bidea estudio honetan Falknerrekin hilabete eta erdiz egoteko eta ikasten jarraitzeko».

Irakasle izanda ateratzen zuen lehen bizimodua Elorrietak, baina badira lau urte pasa musikari erabat emana bizi dela. «Nire bizitzan hartu dudan erabaki ausartenetako bat izan da. Oso gustura nabil, nahiz eta batzuetan beldurrak sortu...». Argitu nahi du, dena den, sorkuntza beti hartu izan duela oso serio. «Egia da denbora gehiago dudala orain, eta sentitzen naiz, agian, inoiz baino musikari, kantari edo sortzaileago». Duela bi urte, esaterako, bakarkako bere lehen diskoa kaleratu zuen: Deserriko kantuak (Elkar). Badauka, gainera, aurrerantzean ere bide hori jorratzen jarraitzeko intentzioa. Garaian garaikoa, halere. Orain ur ezezagunetara jo du Beñat Serna (gitarra), Igor Artzanegi (baxua), Iñaki Zabaleta (teklatuak) eta Jon Freskorekin (bateria); alegia, duela hamabost urteko taldekide berekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.