Poema ez da buruketa bat, /ez eta ebatzi beharreko /ekuazio bat [...]». Hala hasten da Amuak liburua, 0 ataleko Poemak eta buruketak olerkian, zeina liburu osoaren poetika eta epitometzat har baitaiteke, poema horretan baitaukagu gero datorren ia guztiaren funtsa, bai estiloari dagokionez, baita estilo horri datxekionaren aldetik ere: «Misterio bila ari bazara, /alferrik ari zara, poemak /zure baitako kutxa beltzeko /ateak baino ezin ditu urratu».
Estiloz, bilduma osoa idazkera kimatu eta dotorekoa da, hitz handiosik eta harrabotsik gabea, arrunt gardena, hondo sakona ikusten zaion itsasoa nolakoa. Itsasoa da, hain justu, liburuko irudi nagusia, ez metafora soil gisa, askoz harago baizik, bilduma osoaren iruditeria sortzen eta batzen duen salda modura, poemek urratzen dituzten bide guztien iturri. Itsas estetika hori bildumaren lehen bi zatietan esploratzen da nagusiki, non antzinako Grezia eta Mediterraneoa baitira agertoki nagusiak, eta poemetara ekartzen zaigu bertatik datorkigun literatura-tradizioa ere, erreferentzia ugariren bitartez (Zorba, Safo, Odisea...), besteak beste. Batzuetan maitasun-kantu bitalista batean gauzatzen da poema (Egun gogoangarria, kasurako), beste batzuetan mingostasun-punttu batean ere bai, batik bat liburuaren bigarren atalean («Zu ez zinen Briseida/ ezta ni Akiles ere»). Bi zatiotan dotore eta eder garatzen du egileak bere itsas estetika mediterraneoa, eta hirugarren partean mingostasunean sakontzen da; bat-batean, itsasoa gauza basatia da, oro ekaitz, zurrunbilo eta ilun: «Ez du marea beste legerik». Bilakaera eder horretan, antzinako filosofoei oinak bustitzen zizkien itsaso barea zakartuz doa Greziatik gure ingurura bueltatu ahala, eta itsasoak ematen dituen irudiak berak ere berdin doaz mudatuz.
Laugarren zatian, arestiko estetika horri ertz politiko gordin bat ateratzen zaio, itsasoa utzi gabe beti; orduan, Mediterraneoa egungo errefuxiatu-hobi gisa azaleratzen zaigu, eta are dramatikoago agertzen liburuaren hasierako Helade idiliko haren argi-kontran. Estetikatik jaiotzen da alde politiko hori, bilduma osoa kokatu den Mendebaldeko tradizio humanistaren barren-barrenetik: «Zer ote da karabana,/ barbaroen inbasioa,/ hunoen itzulera,/ bisigodoen hordak/ ala Gengis Khanen mongolak?».
Bosgarren partea, Harri zuria balea bat da poema bakar luzeak osatua, joko nuke nik liburuaren gunetzat, dotoreziaz lotzen baitu orain artekoa azken atalarekin, eta xendra irekitzen die arestian sumatu baino egin ez diren kezka espiritualei: «Inon izatekotan/ hemen dago dena delakoa,/ soiltasun honetan,/ zeru-lurren arteko/ zauri honetan». Halatan, antzinako Mediterraneoaren ur-ertzean abiatu, eta, giza kondizioan barrena, heriotzaren minean amaitzen dugu bilduma, seigarren atalean: «Heriotza eskultore bat da/ hutsarekin maiteminduta,/ barrena garbitzen dizu,/ hezur-haragia desitxuratu».
Bilakaera doi eta elegante horretaz gain, idazkera soilaren eta arnasa sakonaren bat-egite hori du liburuak bertute nagusia, eta, nahiz eta bildumaren akabua aukeran ez dagoen aurreko guztiaren neurrian biribildua, horren batere kalterik gabe distiratzen du liburuak, klasikoen sinpletasunarekin.
Literatura. 'Amua'
Ur-azaletik hondoa
Idazlea: Aritz Gorrotxategi. Argitaletxea: Elkar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu