Musika. A cappella

Upategian trip(a)

2011ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
T xinora sartu ginen biok, bazkaltzera, eta iruditu zitzaidan jatetxean jarrita zegoen musika Rafa Rueda zela (Rafa Ruedarena zela, baiki; ez al duzue deklinabideari izkin egiten saiatzea maite?).

Esan zenidan, gero, zerbitzariak Gentzane zure lagunaren antza zeukala, hogei urtez zaharragoa izan arren (txinatar zerbitzaria, Gentzane baino).

Soja saltsa, ohi bezala, eskatu zenuen, udaberriko biribilkiarekin batera zerbitzatzen duten berezko saltsaren ordez. Ez zenuen baina esperoko, Gentzaneren antzadun zerbitzari helduak leporatu zizuna: «udaberriko biribilkiari soja saltsa botatzea, anderea, kroketei marmelada botatzea bezalakoa da».

Isilunea.

Sekula ez nuen txinatar bat Rafak barre egiten duen moduan, ahobetez, barrezka entzun.

Billy Bragg; jarrita zegoen musika Billy Bragg zela iruditu zitzaidan (Workers Playtime diskokoa, ezinbestean).

Zerbitzari nagusia ez genuen berriro ikusi, ondoko mahaian eseri zen turista bikoteak deitu zion arte. Ardoa eskatu nahian zebiltzan, ingelesez ari zitzaizkion, zerbitzariak ez zien tutik ere ulertzen.

Lost in Zabalburu's Chinatown, turista haiek.

Guri, beste zerbitzari batek —gazteago, ederrago, itxuraz are bihozgabeago— Dim Sum-a jarri zigun mahai gainean. Zure iphone-a… zure aifona atera zenuen, cantonés hizkuntzan Dim Sum-ak zera esan nahi duela niri jakinarazteko: «aginduak eman, bihotza asebete arte».

Cantonés; kantondar edota Kantongo —Elhuyar— (zehaztu zenidan, ondoren).

Zutitu nintzen, zerbitzariari wine «vino» dela txibatzera. Turista bikoteak eskertu zidan. Zerbait gehitu zuten Espainiako ardoari buruz, entzun nahi izan ez niena.

Gure mahaira itzuli nintzenean (kartan, Dragon Rice izenpean ageri zen azken platera jatera), zuk ere kopa bat ardo zenuen aurrean (sekula —sekula!— ez dugu ardorik edaten txinatar jatetxeetan). Itxuraz, zerbitzari gazteago eta bihozgabeagoak—amarruz eta gordeka— ekarritako ardoa.

Begiratu nizun begietara, jatetxeko musikan hirugarrenez gertatua zen kantari aldaketaz jabetuta. Eta baiki; Amy Winehouse zinen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.