Unibertso poetikoa, kantuz

Joseba Sarrionandiaren poemei musika jarrita ondu dute 'Kalaportu' ikuskizuna. Martxoaren 15ean taularatuko dute Bilboko Arriaga antzokian. Bederatzi musikarik eta bi idazlek hartuko dute parte

Gaizka Insunza, Asier Amondo eta Aitor Narbaiza, atzo, Bilboko Arriaga antzokian Kalaportu aurkezteko egindako agerraldian. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo
Bilbo
2019ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Ruper Ordorika, Mikel Laboa, Ken Zazpi, Gose, Berri Txarrak... Aski luzea da zerrenda. Zehazki, 145 aldiz erabili dituzte euskal musikariek Joseba Sarrionandiaren hitzak euren kantuak osatzeko. Beharbada, gehien musikatu duten euskal idazlea. Bada kazetaria, irakaslea, idazlea... Euskal kulturaren alde alderdi askotatik lan egindakoa da Sarrionandia. Handik eta hemendik, ardatz beraren inguruan jardun du: euskara. Hizkuntza izan du tresna, kezka eta helburu. «Euskararen alde egitea normaltasunaren kontra egitea da oraindik.(...) Badugu altxor partikular bat balio unibertsala duena, ispilu batean bezala islatzen dela bizitza hizkuntzan». 20. Korrikako mezuaren egilea izan zen Sarrionandia, eta hala mintzatu zitzaion euskal gizarteari. Euskaltzale eta sustatzaile, askorentzat euskal kulturako erreferentzia bilakatu da denborarekin. Lehen bezala orain, zenbait sortzaileren inspirazio iturri izan dira Sarrionandiak idatzitakoak. Eragin esparruen artean, musikagintzari egin dio erreferentzia Gaizka Insunza Audience taldeko kideak:«Euskal musikagintzan garrantzi handia izan dute Sarrionandiaren hitzek. Hainbat belaunalditako eta estilotako taldeetan eragin du».

Izan ere, Insunzak eta beste hamar euskal musikarik Sarrionandiaren unibertso poetikotik abiatuta sortu dute Kalaportu ikuskaria, «poetaren sormenarekin bat egiteko bide musikatua». Ikuskizun korala dela azaldu du Insunzak, eta Audience taldea dela arlo musikalaren oinarria. Estreinaldia martxoaren 15ean egingo dute, Bilboko Arriaga antzokian. Korrika Kulturalak eta Loraldia jaialdiak elkarlanean ondu dute proiektua, eta, kontzertu poetiko formatuan, Loraldiaren barruan aurkeztuko dute Kalaportu.

Asmoa kontzertu «arrunta» ez egitea izan dela azaldu du Aitor Narbaiza Loraldiko ekoizpen arduradunak. Horretarako, «eszenaratze berezia» antolatu dute. Mireia Gabilondok eta Fernando Bernuesek atondu dute agertokia.

Orotara, 11 euskal sortzaile batuko dira oholtzan: bederatzi musikari eta bi idazle. Insunzak osatu du musikarien zerrenda: «Eñaut Elorrieta, Mikel Urdangarin, Ines Osinaga, Joseba Irazoki eta Beñat Axiari, Miren Narbaiza, Rafa Rueda eta Dana abeslariak agertuz joango dira, eta guk [Audience] oinarri gisa jardungo dugu». Harkaitz Cano eta Uxue Alberdi idazleak izango dira oholtzara igoko diren beste bi sortzaileak. Pluraltasuna nabari dela azpimarratu du Insunzak; izan ere, Audienceren misioa elementu bateratzaile gisa jardutea izango da. «Oinarrizko talde moduan erronka bat dugu: belaunaldi eta estilo ezberdinen arteko kohesio puntua aurkitzea».

Nolabait, jatorriak jatorri, Sarrionandiaren hitzak musikatzea izango dute xede denek; oinarri beraren hamaika aldaera. Arduraz jokatzeko prest direla adierazi du Audienceko kideak. «Bi gauza kontuan hartu nahi izan ditugu planteamendua jostean. Batetik, gureak ez diren kantuak egokituko ditugu, eta errespetu osoz jokatu nahi izan dugu besteek sortutako lanarekin. Bestetik, ez diogu gure izaerari uko egin nahi». Eta, oro har, musikariak uste du Audienceren izaera nabarituko dela oholtzan. Erronkari heltzeko eta «konfort gunetik ateratzeko prest» azaldu da.

Azaldu bezala, Sarrionandiaren sorkuntza ekinaldi ugariren pizgarri izan da maiz. Hori dela eta, Narbaizak ohartarazi du Kalaportu ez dela ikuskizun bakartua. «2016an abiatu zen proiektua, Kuban. Lehenago, Gure oroitzapenak filma heldu zen; gero, izen bereko disko-liburua, eta, orain, ikuskaria aurkeztu dugu». Bada, disko-liburuan parte hartu duten musikarien artean hautaketa egin eta kontzertu bat antolatzea izan dute xede; Kalaportu da katearen azken atala. Iazko Loraldian aurkeztu zuten filma, eta Durangoko Azokan disko-liburua. Udaberriarekin batera iritsiko da ikuskaria.

Aurkezpen bira

Bilbon taularatuko dute estreinakoz Kalaportu, baina beste lau data ere iragarri dituzte antolatzaileek. Martxoaren 21ean, 23an, 24an eta 28an egingo dituzte kontzertuak. Hurrenez hurren, Gasteizeko Principal aretoan, Baionako antzokian, Donostiako Viktoria Eugenian eta Iruñeko Gaiarren. «Horrela, beste neurri bat hartzen du ekitaldiak. Bilbotik harago zabaltzen da, Euskal Herri osora». Hedapena Loraldiaren eta Korrika Kulturalaren elkarlanaren emaitza dela uste du Asier Amondo Korrikako arduradunak. Izan ere, berez, Bilboko hamabi espaziotan egingo dituzte Loraldiko ekitaldiak, baina, Korrika Kulturalaren parte hartzea dela medio, beste euskal hiriburuetan egongo da ikusgai Kalaportu. Amondok gogorarazi du, gainera, iragan den Korrikan idazlea mezulari izan zela. Orain, «Sarrionandiaren mezuak Euskal Herriko bost antzoki nagusietan ikusteko aukera ematen digu Kalaportu-k».

Horrez gain, Loraldian bertan Sarrionandia hizpide duten beste bi jarduera izango direla adierazi ditu Narbaizak: «Martxoaren 12an abiatuko dugu jaialdia, Lur bat idazteko solasaldiarekin. Iñigo Aranbarri idazleak Sarrionandiaren literatura izango du hizpide. Eta, bestalde, Verdes liburu dendari omenaldi txiki bat egingo diogu martxoaren 24an. Poetak zerikusi handia izan zuen bertan ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.