«Fantasia, beste gauza asko bezala, gizaki guztien eskubide legitimoa da, erabat askatzailea eta gogobetegarria baita». Alegiazko unibertso berezi eta mugaezin bat sortu zuen John Ronald Reuel Tolkien idazleak. Erdi Aroan girotutako mundu fantastiko bat eraiki zuen idazten hasi zenean, eta hari horri segida eman zion hurrengo liburuetan. Fantasia epikoaren erreferentetzat daukate askok, eta antzinako epikaren bertsio modernotzat jotzen dute. Bihar beteko dira 50 urte zendu zenetik.
1892ko urtarrilaren 3an jaio zen Tolkien, Bloemfonteinen (Hegoafrika), jatorriz britainiarra zen familia batean. 4 urte zituenean, aita hil zitzaion, eta, amak hala erabakita, Erresuma Batura itzuli ziren. Tolkienek 12 urte zituenean hil zen haren ama. Anaiarekin batera, umezurztegi batean sartu zuten, eta, fede katolikoko familia bat zirenez, eskola katoliko batean hezi zen.
Oro har, ikasle ona zen Tolkien. Botanika, biologia eta artea zituen gustuko, baina, bereziki, hizkuntzekiko zaletasun handia erakutsi zuen gazte-gaztetatik. Bizitza osoan hizkuntza ugari ikasi zituen, baita asmatu ere: quenya eta sindarina, esate baterako. Filosofia ikasketak egin zituen Oxfordeko Unibertsitatean, eta, handik urtebetera, ezkondu egin zen.
Orduan egin zuen eztanda Lehen Mundu Gerrak. Ingalaterrako armadarekin, Frantziara joan behar izan zuen soldadu, baina, larri zauritu zutenez, etxera itzuli zen. Han bizi izandako esperientziak, halere, arrasto esanguratsua utzi zion, eta, errealitate gordin hartatik ihesi, irudimena hartu zuen salbaziorako bide.
Gerora, linguistikako irakasle aritu zen Oxfordeko Unibertsitatean, eta, tarteka, narrazio fantastikoak idazteari ekin zion. Zehazki, garai hartan hasi zen The Silmarillion bere aurreneko liburua idazten, baina ez zuen argitara emateko asmorik izan. Tolkienen mitologia osoaren corpus orokorra da liburu hori: lehendabiziko aldiz aipatu zuen Arda orduan, Tolkienen mundu magikoa, eta, haren ondotik, ibilbide osoa emango zuen unibertso horretan murgilduta.
Haren lan literarioak gutxi izanagatik ere, izugarrizko eragina izan dute genero fantastikoan. 1937. urtean argitaratu zuen Hobbita liburu arrakastatsua. Berez, hiru semeentzat idatzi zuen liburua, eta handik urte batzuetara erabaki zuen plazaratzea. Bilbo Baggins protagonista bidaia batean murgiltzen da, Gandalf magoak eta hamahiru ipotxek lagunduta. Elfoak, trollak, orkoak, herensugeak eta gisakoak aurkitzen dituzte bidean, eta, azkenean, Lurraren sabelean, objektu gutiziatu bat: Eraztun Bakarra. Xabier Olarrak eta Sergio Ibarrolak 2008an ekarri zuten euskarara liburua.
Sona itzela eskuratu zuen liburuak, eta, bertan sortutako fantasia mundutik tiraka, Eraztunen Jauna trilogia idatzi eta publikatu zuen 1954 eta 1955 artean. Erdialdeko Lurraldean kokatzen da eleberria, Eguzkiaren Hirugarren Aroaren amaieran. Hobbitak dira protagonistak, eta Boterearen Eraztuna suntsitzea izango da haien ardura, Sauronek, gaizkiaren jaun ilunak, hartu baino lehen. Agustin Otsoa Eribekok 2002 eta 2003 artean itzuli zituen euskarara trilogiako hiru liburuak; Txalaparta argitaletxeak publikatu zituen.
Egokitzapen ugari
1973an hil zen Tolkien, 81 urterekin. Hil ondoren, baina, ez da apaldu egilearen obraren itzala. Haren seme Christopher Tolkienek aitaren hainbat liburu argitaratu ditu idazlea hil eta gero. Tartean, The Silmarillion bere aurreneko liburua, 1977an; Unfinished Tales (Ipuin bukatugabeak) kontakizun sorta, 1980an; The History of Middle Earth (Erdialdeko Lurraldearen historia) proiektua, 1983 eta 1996 artean; The Children of Hurin (Hurinen seme-alabak), 2007an; eta The Legend of Sigurd and Gudrun (Sigurd eta Gudrunen kondaira) olerki liburua, 2009an.
Tolkienen lanik entzutetsuenek pantaila handirako egokitzapenak ere izan dituzte. Peter Jackson aritu da horietan guztietan zuzendari lanetan. The Lord of the Rings: The Fellowship of the Ring izan zen abiapuntua. 2001ean estreinatu zuten Eraztunen Jauna eleberri klasikoaren trilogiaren lehen atala. Hiru pelikula izan ziren, eta izugarrizko arrakasta eskuratu zuten: lehen zatiak lau Oscar sari irabazi zituen; bigarrenak, bi; eta hirugarrenak, 11. Horien ondotik, The Hobbit pantailaratu zuen 2012an: hiru filmetan banatu zuen istorioa.
Filmetan ez ezik, azkeneko hamarkadetan beste formatu batzuetan ere plazaratu dute Eraztunen Jauna-ren unibertsoa: komiki liburuak, antzezlanak, bideojokoak, ikerketa eta saiakera liburuak... Joan den urtean, berriz, liburuaren izen bereko telesaila estreinatu zuen Amazon Prime Video plataformak. Eraztunen Jauna liburuaren unibertsoan oinarrituta dago ikus-entzunezkoa, baina telesailaren istorioak beste garai bat islatzen du. Plataforma horretan inoiz egin den telesailik garestiena izan da.
Horrez gainera, 2019an, idazlearen gaztaroari buruzko film bat estreinatu zuen Dome Karuko zuzendariak: Tolkien.
J.R.R. Tolkien
Unibertso mugaezin baten asmatzailea
Errealitatetik ihesi, fantasian hartu zuen babes J.R.R. Tolkien idazleak. Ez ziren asko izan haren lan literarioak, baina eragin eta arrakasta handia izan dute guztiek. 'Eraztunen Jauna' liburuaren egilea da, besteak beste. Hil zela 50 urte beteko dira bihar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu