'EURI GORRIAREN AZPIAN'
Idazlea: Asier Serrano.
Argitaletxea: Erein.
Denen mina da nirea poema liburu hartatik (2017) ez zuen lanik kaleratzen Asier Serranok. Ordurako poesia obra joriaren jabe zen —zazpigarren poema liburua zuen hura—; narratiban, aldiz, ale gutxiago eman ditu. Euri gorriaren azpian nobelarekin bueltatu da, laugarrena bere ibilbidean —2014koa zuen azkena—. Narratiba lana, bai, baina poesiaren eragin argia duena, irudiz eta figura erretorikoz, oro har hizkera poetikoz betetako liburua baita.
Ezizenak ugari baditu ere, ez diogu egiazko izenik ezagutzen liburuko emakumezko protagonistari. Jaioterri duen hirira bueltatuko da emakumea, hilzorian den gizonaren hil hurreneko mandatua betetzera. Emakume horren eta egokitu zaion gizartearen historia kontatzen du liburuak. Emakumeak diktadura garaian egin zuen ihes hiritik. Orain, estatu kolpe eta ondorengo diktadura odoltsuaren ostean, hemezortzi urte betetzera doa demokrazia berria. Une horretantxe iritsiko da hirira, hainbat zeregin burutzeko asmoz. Narratzaile fidaikatza da nobelakoa, bihurria, jolastia, zalantzatia tarteka. Hirugarren pertsona darabilen arren, irakurlearengana zuzentzeko etenak ere egiten ditu, eta batzuetan nahi izaten du hari trikimailu literarioez ohartarazi, lizentzia poetikoak azpimarratu. Amaieran izango du irakurleak bere identitatearen berri.
Idazlea da emakume protagonista eta horrek badu eraginik liburuan. Autoreak idazlearen eskuizkribuak txertatuko ditu narrazioan eta horietatik ateratako hainbat aipu daude liburuan. Era berean, liburuko gai nagusietako bat fikzioaren beraren funtzioa da. Gogoeta metaliterarioak aurki daitezke han eta hemen, zuzenean batzuetan eta zeharka —estiloaren bitartez, kasurako— bestetan. Liburuaren tonua, oro har, aski metaliterarioa da, ohikoak baitira ideia-asoziazio kontrajarriak, kontrako irudien batuketa eta eszena onirikoak. Gizarte distopiko samarra marrazteaz bat, gainera. Esan nahi baita, autoreak darabiltzan fikziozko idazleen izenak eta egoera sinestezinak, orobat liburua inguratzen duen fantasia kutsua, irakurlea fikzioari buruzko hausnarketa batera eramateko egina dela dirudi. Hortik uler daitezke fikzio liburuetan handienetako bati —Bibliari, alegia— egindako erreferentziak.
Interesgarria iritzi diot egiturari, hau da, liburua Hamar Manamenduek izenburututako kapituluetan antolatzeari, Serranok tentsio narratiboa handiagotzen duelako narrazioa txataletan eta era zatikatuan aurkeztuta. Gabeziarik handienak, baina, idazkeraren tonuan antzeman ditut. Narratzailearen tonua irakurketan aurrera egin ahala gero eta astunagoa bihurtzen dela iruditzen zait; metafora eta figura literarioen gehiegizko erabileragatik, besteak beste, zeinak betekada sortzen baitu eta eraginkortasuna galtzen erabiltzearen erabiltzeaz. Hizkera zuzen eta lehorrera jotzen duten pasarteak iruditu zaizkit gozagarrienak, antzezlanarena esaterako. Halere, liburu bakarrean —eta orrialde gutxitan— unibertso oso bat sortzearen meritua aitortu behar zaio Asier Serranori.