Zabalik da jadanik Dantzerti Euskadiko arte dramatiko eta dantza goi mailako eskola. Bilboko Juan Crisostomo Arriaga kontserbatorioa izango du egoitza aurrerantzean, eta hantxe egin zuten atzokoan irekiera ofiziala. Aspaldikoa zen gisako eskola bat sortzeko eskaria sektorean, eta urteetako lan hori hartu zuen gogoan Ekaitz Gonzalez eskolako zuzendariak ere ekitaldi nagusian. «Hutsune bat beteko du eskola honek, jende askori urteetako lana ekarri dion hutsune handi bat. Eta, gainera, kanpora joatera behartu ditu bertako balio asko eta asko. Jadanik hori ez da beharrezko izango». Denborarekin haziz joango da eskola, Gonzalezen hitzetan, eta bidelagun nahi du sektorea prozesu horretan. Oraingoz, 25 ikasle izango ditu lehen ikasturteak: Arte Dramatikoko hamabost eta Dantzako hamar.
«Hemen euskarak arnasa berria irabaziko du sorkuntzan. Euskaraz prestatutako gidoigile, aktore eta artistak ahalbidetuko ditugu, gure arte eszenikoetan euskaraz gehiago sortu eta ekoizteko». Iñigo Urkullu lehendakaria ere mintzatu zen irekiera ekitaldian, eta berak egin zuen hizkuntzaren aipamena. «Egitasmo errealista da, eta badu norantz hazi». Irakasle eta ikasleekin batera, ordezkari politiko sorta izan zen ekitaldian: Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua, Joxean Muñoz sailburuordea, Joan Mari Aburto Bilboko alkatea, Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Iñaki Goirizelaia EHUko errektorea eta Aizpea Goenaga Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria, tartean. Markeliñe antzerki konpainiak eta 180º dantza taldeak ere ikuskizun bana eskaini zuten.
Hamar urte barruko iraultza
Estreinatu berri du zuzendariaren aulkia Gonzalezek Dantzertin. Ikasleak hautatu zituzten lehenik, irakasleak aukeratu zituzten gero, eta zuzendariaren izendapena heldu da azkena: aurreko ostegunean, zehazki. Bada hilabete eskolarako lanean dabilela, ordea, eta ekitaldiaren ostean azaldu zuenez, mahai gainean ditu jadanik egin beharreko zenbait azterketa eta aldaketa. Antzerki eta dantza munduko jendearekin hitz egitea da lehenetariko bat. «Sektoreak aginte handia izan behar du hemen, eta harreman estuan egon behar dugu haiekin. Datorren asteko lehenengo lana da konpainiekin, taldeekin eta antzerkia irakasten duten beste plataformekin harremanetan jarri eta beraiekin zuzenean lan egiten hastea».
Baina ez du hezkuntza soilik bultzatuko eskolak, Gonzalezen hitzetan: sektore oso bat du atzean Dantzertik. «Kanpora joatean, ikasi ahala, han egiten ditu jendeak bere sare pertsonal eta profesionalak, eta bertan gelditzen da gero lanean. Eskola honek etorkizunean sektoreari bultzada handia emango dio: jendea hemen geldituko da, eta hemengo mundu profesionalean sartuko da bide akademikotik». Gonzalezek, adibidez, Bartzelonan egin ditu antzerki zuzendaritza ikasketak, eta horregatik egin zion ihes katalanezko hitzak azalpenean: de manera culpidora. «Hamar urte barru kolpean irauliko du sektorea Dantzertik. Bertan formatutako profesional promozioak izango dira orduan, baina aurten bertan igarriko da aldaketa».
Euskal dantzen alde
Irekiera ekitaldi ofiziala amaituta, eskoletara bueltan ikasle eta irakasleak. Aterki bat eskuetan, Xabier Lopezek galdera egin die antzerkigintza graduko ikasleei: «Zer izan daiteke hau?». Koilara, erratz, txalupa eta zaldi ere bihurtu zuten ikasleek aterkia, eta azalpena irakasleak: «Gure lehen egunak dira, ia-ia izenak ikasten gabiltza, eta irudimena lantzeko ariketa bat da hau». Ahotsa lantzen Matxalen de Pedro irakaslearekin alboko gelan, eta dantza mugimendu batzuk frogatzen Edurne Martinez hurrengoan. Euskaraz argibide guztiak gela guztietan.
«Euskara, euskara, euskara». Ana Remiro Dantza ikasketa buruaren hitzetan, argi adierazi die Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Departamentuak nolakoa behar duen hizkuntza lanketak eskolan. «Ikastaroak ahal den neurrian eman behar dira euskaraz. Ikasgai teorikoetan hizkuntza hautatu ahalko dute ikasleek, baina beste guztietan euskaraz izango dira eskolak». Pozik Remiro Dantzertiren irekierarekin: «Aspaldi egin beharreko zerbait zen hau. Albiste on-ona da».
Oraindik landu beharreko kontuak ere badaudela aitortu du, halere. Izan ere, egun Dantzertitik kanpo geratu dira euskal dantza tradizionalak, eta puntu hori aipatu du, adibidez, Remirok konpondu beharrekoen artean. «Etorri berriak gara, eta ez dugu parte hartu orain arte egin den horretan, baina gure helburua da dantza tradizionalei leku bat topatzea; ez dakigu espezialitate bidez, irakasle gonbidatu bidez edo nola. Ikusi beharko dugu horretarako zer esparru utzi diguten halako gauzak egiteko, baina guk horren alde egingo dugu».
Unibertsitateko estreinaldia
Ofizialki ireki ditu ateak Dantzerti Euskadiko arte dramatiko eta dantza goi mailako eskolak Bilbon.Euskarak izango duen presentzia nabarmendu dute irekiera ekitaldian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu