Kulturaren industria

Unesco: «Kultur eskaera handitu egin da, baina sortzaileek gero eta zailago dute lan egitea»

Nazioarteko erakundeak eskatu du kultur politikak berriz pentsatzeko, sortzaileak «behar bezala babesteko». Besteak beste, gutxieneko soldata eta oinarrizko errenta unibertsala aipatu dituzte, aukera gisa.

Unescok plazaraturiko txosteneko grafikoetako bat. UNESCO / BERRIA
Edu Lartzanguren.
2022ko otsailaren 8a
19:04
Entzun

Izurriaren eraginez, hamar milioi lanpostu galdu ziren 2020an, kulturaren alorrean. Hori eta beste hainbat datu plazaratu ditu gaur Unescok, sortzaileek pairatzen duten egoera aztertzeko. Txosten bat argitaratu du Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak, eta horretan kultur politikak berriz pentsatzeko eskatu du.

Ber/pentsatu sorkuntza politikak: kultura ondasun publiko global gisa tratatzen du izenburu txostenak, eta 331 orrialde ditu. Gaur aurkeztu dute, Parisen.

Erakundearen arabera, izurriak agerian utzi du kulturaren eta sorkuntzaren alorrak zer garrantzi duen gizartea batzeko, hezkuntzarako baliabideak plazaratzeko, edo, besterik gabe, norberaren ongizatea bermatzeko. Haatik, pandemiaren aurkako neurriek sekulako kolpea eman diote alorrari. Txostengileen arabera, bistan geratu dira zelako gabeziak dauden munduan kultur aniztasuna babesteko, herrialde aberatsen eta pobreen arteko sortzaileen egoeran zelako arrakala dagoen, eta herrialde aberatsenetako sortzaileen artean ere zein muturreko desberdintasunak dauden.

Txostengileen arabera, egoera horrek galarazi egiten die pertsonei mundu osoko kultur adierazpideez gozatzea. Hori arriskutsua dela uste dute, kulturak gizartea batzeko eta herrien arteko bakea bultzatzen duela iritzita.

Nabarmendu dutenez, munduaren barne produktu gordinaren %3,1 sortzen du kulturaren alorrak, eta lanpostuen %6,2.

Paradoxa

Gaur mundu osoan gertatzen den paradoxa nabarmendu dute txostengileek: jendeak gero eta kultur eduki gehiago erabiltzen ditu, eta haiekiko duen dependentzia ere handitu egin da, «baina, aldi berean, artea eta kultura sortzen dutenek gero eta zailtasun handiagoak dituzte lan egiteko», adierazi du Ernesto Ottone Unescoko Kultura Saileko zuzendariorde orokorrak.

2020ko datuak jaso dituzte txostenean. Kalkulatu dutenez, hamar milioi lanpostu galdu ziren sorkuntzaren industrian, izurriak eraginda. Industrion balio erantsi gordina 657.000 milioi euro gutxitu zen, eta, datuak ematen dituzten herrialdeetan, alorreko enpresen diru sarrerak %20-40 artean murriztu ziren.

Baina arazoa ez da bakarrik izurria izan. Aurreko urteetan ere, asko murriztu ziren diru sarrerak eta lanpostuak alorrean. Birusak beste kolpe bat besterik ez dio eman ordurako zaurituriko alorrari, eta are gehiago okertu ditu horretan lan egiten dutenen baldintzak.

«Gizarte Segurantzako sarea ez zen egokia artistentzat herrialde askotan, eta pandemiak agerian utzi du zein zaurgarri diren kulturaren eta sorkuntzaren alorreko langileak».

Ottonek dei egin du kulturaren langileei gainerako langileei ematen zaien babesa emateko. «Berriz pentsatu behar dugu nola eman lan egoera iraunkor eta inklusiboa kulturaren eta artearen profesionalei, gizartearentzat hil ala bizikoa den eginkizun bat baitute mundu osoan».

Gutxieneko soldata eta autonomoak

Unescok gobernuei dei egiten die sortzaileak babesteko, eta proposamen praktikoak egiten ditu. Esaterako, kulturaren alorrean gutxieneko soldata ezartzea iradoki du, eta autonomoentzako pentsio planak eta gaixotasun laguntzak jartzea.

Txostenean oinarrizko errenta unibertsal bat ezartzeko aukera gero eta gehiago eskatzen dela aipatu dute.

Horrez gain, Interneten argitaratzen diren edukiak ordaintzeko sistema justuagoak diseinatu behar direla adierazi du, eta, besteak beste, ohartarazi du eduki digitaletatik eratorritako diru sarrerek ez dituztela konpentsatzen zuzeneko ekitaldien murrizketak eragindako galera handiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.