Ez dira berez balio handia duten zerbait. Hartu, ezpain ertza edo hartz punta lehortu, eta badoa ahozapia lurrera, zimurtuta. «Baina zerk du balioa?», dio Ana Urkizak (Ondarroa, Bizkaia, 1969). «Gauza handia izan behar du derrigor, ala momentuan behar dugunari erantzuten dion zerbait?». Ezagutu ditu ahozapiei ezohiko erabilera eman dietenak: iloba bat, umea zenean amaren bitxiak ahozapietan bildu eta bolatxoak etxe guztian sakabanatzen zituena; edo lankide bat, pintxo bat jatera ateratzen zirenean bi ahozapirekin muturra garbitu eta hirugarren bat poltsikoan sartzen zuena, bikotekidea ezagutu zueneko pasadizoa gogora ekartzen ziolako. Irudi horiek gogoan, ahozapi batean kabitzeko bezain laburrak diren ipuinak idatzi, horiek irudiz janzteko amua Begoña Durruti ilustratzaileari jarri (Arizkun, Nafarroa, 1968), eta hala ondu dute elkarrekin Paperezko ahozapietan idatzitako ipuinak. Urkiza: «Esaten da une eder txiki askok sortzen dutela zoriona, eta ipuin hauek ere badute horretatik; gorazarre egiten diote txikitasunari, laburrean aritzeari, behar duzunari erantzuten jakiteari eta, batez ere, unea goxatzeari».
Elkarrek argitaratu du lana, eta hango editore Xabier Mendigurenek ere ideia soil bati emandako handitasuna goraipatu du: «Itxuraz xumeak diren marrazkitxoak eta ipuinak dira, baina, elkarrekin, xumetasun horretatik harago doan zerbait sortu dute bien artean».
Urkizaren ustez, tankera honetako oso liburu gutxi daude helduentzat, eta hori ere izan du lanerako akuilu. Ezagutzen zuen Durrutiren lana, eta harengana jo zuen zuzenean proposamenarekin. Haren etxera joan, karpeta bete ipuin utzi, eta hamabost egunean deituko ziola esan zion ilustratzaileak. «Baina ez zuen deitzen, eta hasia nengoen okerrena pentsatzen. Nik deitu nion azkenean, eta zuzen erantzun zidan: 'Lanean nabil! Zirriborroak egiten hasi, eta ezin izan dut utzi'». Sorta bat egina zuenean erakutsi zizkion, eta berak «hasieratik amestutakoa» ikusi zuela aipatu du Urkizak. «Gutxirekin asko esaten dakiten marrazkiak dira; iradokitzaileak, arduragabeak... eta, batez ere, gustatzen zaidana zera da, ipuinei ertzetatik tenk egiten dietela. Ez dira osagarriak; beste ipuin bat dira, nirearen atzetik, ondotik edo aurretik doazenak».
Irudien narrazioa bosnaka
Marrazkiak osatuz joan bitartean «aske» aritu izana nabarmendu du Durrutik. Urkizak idatzitakoak, finean,«bizitzari» buruz ari direla iruditzen zaio; maitasuna, heriotza, giza harremanak eta beste agertzen dutela. «Denek eskatzen dute barnera begiratzea; nik hala egin dut, traumatikoa izan gabe, eta hortik saiatu naiz aske eta zintzo izaten». Tinta beltzarekin eta akuarela horiarekin osatu ditu irudiak, lehenengo orban horia zabaldu orrian, «zirri-zarra», eta gainean trazu beltzak eginez. «Bost-hamar aldiz egin dut marrazki bakoitza. Kenduz eta kenduz. Lurrera botatzen nuen aproposa zena, eta zakarrontzira besteak». Ahozapiak nola. Eta beste elementu berezi bat ere badute irudiek: bosnaka datoz. Arizkuneko hainbat tokitan ezagututako marratxoen bidez kontatzeko modua erabili du: marratxo bat, bi, hiru, lau eta bosgarrena zeharka. «Presoak bezala», Mendigurenek. Azalean ere irudikatu dute ordena hori.
Ironikoagoak, dramatikoagoak, fantastikoagoak... Denak «sorpresatik eta harriduratik» sortuz joandako istorioak direla zehaztu du Urkizak. Mendigurenek galdegin dio ea aurrez landutako narrazio eta aforismo generoen uztartze bat izan ote duen lan hau. Erdibidean, «jauzi bat» izan dela aipatu du egileak. «Azkenaldian labur esateko gogo horrekin egon naiteke. Inpaktu asko jasotzen ditugu, eta uste dut horien berri emateko formatu egokia dela». Ahozapietatik abiatuta, ideia paradoxikoa erantsi du: «Hau opari bat da, luxu bat».
Unerik soilenen kontakizuna
'Paperezko ahozapietan idatzitako ipuinak' liburua sortu dute Ana Urkizak eta Begoña Durrutik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu