Hiru ikasturte dira Txakur Gorria sormen kolektiboa BERRIAko Bi Tarte atalean kolaboratzen hasi zela. Igandero, iritzi zutabe ilustratu bat plazaratu du ordutik Malen Amenabar Larrañagak, Mariñe Arbeo Astigarragak, Nerea Ibarzabal Salegik eta Ane Labaka Mayozek osatutako laukoteak. «Iritzi zutabeek denbora tarte jakin baten argazkia erakusten dute: momentuko gertaerek eragindako hausnarketa puntualak, zein egiturazkoak edo orokorragoak izan daitezkeen gaiei buruzkoak», azaldu du Ibarzabalek. Igandez igande pilatutako materiala ikusi zutenean, pentsatu zuten «hortik bestelako artefakturen bat» sor zezaketela. Eta Denboraz, galde-erantzunen bilduma liburua eman dute orain, BERRIArekin elkarlanean. Txakur Gorriaren webgunean, BERRIAren online dendan eta Durangoko 57. Azokan eskuratu ahal izango da.
Kolektiboan egiten dute lan lau sortzaileek: Amenabar eta Arbeo arduratu ohi dira irudiez, eta Ibarzabal eta Labaka, berriz, testuez. Hala jardun dute egunkarian plazaratutako iritzietan ere. 2019tik 2021era idatzitako testuak «soildu», eta txatalak hartu dituzte oinarri liburua osatzeko, baina laukoteak ohartarazi du ez dela «testu bilduma huts bat». Ibarzabal: «Denboraren joanari berari buruzko gogoeta bat ere bada, hitzezkoa eta irudizkoa; hortik datorkio izenburua ere. Testu eta irudi berriekin josi ditugu lehendik idatzitako testuak».
Hala, Arbeok azaldu irakurleak «testu laburrak eta irudi zabalak, nasaiak» aurkituko dituela liburua zabaltzean. «Arnasa darion liburu bat da, denboraren baretasun geldiezin hori harrapatzen saiatzen dena. Inurriz estalitako janaria, paisaia gautarrak, sukalde hutsak, errepideak, korridoreak, hegaztiak...».
Galdera eta irudi berriak
Labakak azaldu duenez, testuak gaien arabera multzokatzea izan zuten lehen lana material guztia bildu ostean. «Ikusi genuen bazeudela kezkatzen gaituzten edo zeharkatzen gaituzten hainbat gai, modu batera edo bestera, aldiro agertzen zirenak gure iganderoko kolaborazio horietan». Arbeok gogora ekarri duenez, zaintzaz, gorputzaz, diruaz, zapalkuntzaz eta era askotako pribilegioez aritu izan dira batez ere urteotan, «feminismoak eskainitako iturri eta esperientzietatik edanez askotan». Gai horiek denak «pandemiaren iragazkitik pasatuta» ageri dira 2020. urteko testuetan; «ezinbestean», haren esanetan: «Urte hartan sentitutako ezintasunak eta sentimendu ilunxeagoak ere harrapatuta geratu dira liburuan».
Egunkarian plazaratuz joan diren ilustrazioak bildu ordez, berriak ondu dituzte libururako. Baita testu berri batzuk idatzi ere. Izan ere, gaiaren araberako testu multzo bakoitzetik besterako bidea irekitzeko, kontakizun laburrak nahiz askotariko galderak eraman dituzte hori biziko orrialdeetara: «Nork eros dezake denbora? Zenbatean saltzen duzu zurea?»; «Nola egiten da denbora gorputz? Nola eskaini gorputzari denbora?»; «Zenbat denbora egon daiteke bat Marina Abramovicen begietara begira?»; eta beste asko. Liburua denboraren joanaren inguruko hausnarketa orokorrago bat egiteko abiapuntu bat izateko nahiari erantzuten dio erabakiak, Labakak azaldu duenez. «Iruditu zitzaigun polita izan zitekeela multzo bakoitza denborarekin lotutako galdera iradokitzaile batzuekin hastea, beste testu zati batzuk gehitzea...».
Eta gogoeta berari erantzuten diote irudiek ere, Arbeoren hitzetan: «Denboraren joana agertzen duten irudiak dira; ez dira pertsonak agertzen, baina bai haien igarotzea toki horietatik, eta, nolabait, testuaz aparteko kontakizun bat kontatuz doaz».
Taldearen izenean, BERRIAri eskerrak eman dizkio Labakak; nabarmendu du kolektibo gisa aritzeari garrantzia ematen diotela eta lau kideak batera jarduteko aukera eman diela. «Bi Tarte atala erakusleiho itzela izan da guretzat, beste hainbat espaziotara iristeko bitarteko gisa balio izan digun plaza ederra».
Arnasa hitza aipatu du Ainara Lasa Perez BERRIAko marketin arduradunak ere, iritzita kontzeptu horrexek laburbiltzen duela liburuaren gakoetako bat. «Informazioa horren azkar iraungitzen den garai hauetan, interesgarria da ikustea idatzitako zerbaitek bizitza berriak har ditzakeela».
Unean uneko argazkiei beste arnasaldi bat
'Denboraz, galde-erantzunen bilduma' liburua eman du Txakur Gorriak. BERRIAn idatzitako zutabeen txatalak testu eta ilustrazio berriekin josiz, denboraren joanaz gogoeta egin dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu