Uneak betirako iraun dezan

Marta Cardenas margolariaren 'Begiak irekita' erakusketa ikusgai dago apirilera arte, Donostian.1962tik 2013ra bitartean ondutako margonalak eta koadernoak biltzen ditu

Marta Cardenasen Begiak irekita erakusketako Getariako itsasontzien inguruko koadroak, Kubo kutxa aretoan. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Ihintza Elustondo
Donostia
2016ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
«Artistek zorte izugarria dugu. Ez gara aspertzen inoiz. Gabonetan postetxean ilara luze-luzea zegoen, eta zain zegoen mundu guztia. Izkina batean eseri, eta koadernoa atera nuen. Inoiz ez dakit zer margotuko dudan. Baina hortzetako mina ere joaten zait margotzen ari banaiz. Analgesikoa da, gauza guztietarako». Horregatik hasi zen margotzen Marta Cardenas (Donostia, 1944), hamahiru urte zituenean. Ordutik, koaderno batekin eta 50 koloretako margoak dituen kutxa batekin ibiltzen da hara eta hona. Edozein une bilaka dezake artelan. Arreta gehiegi jarri ohi ez zaien elementuak ere bai. Hain justu, ezohiko une horiek harrapatu ditu Begiak irekita erakusketan. Gaurtik apirilaren 3ra bitartean ikusgai dago Donostiako Kubo kutxa aretoan.

Artistaren koadroak, marrazkiak eta koadernoak bildu dituzte erakusketan. Denbora tarte zabalean onduak dira—1962tik 2013ra bitartean—, eta sortzailearen ibilbideko aldaketak islatzen dituzte: landutako teknikak, gaiak, koloreak eta artistaren begiradak bilakaera bat izan dute. Txinako jakintsu batek esandakoa bere egin du Cardenasek: «Nerabezaroan bakarrik esertzen nintzen balkoian, triste, malenkoniaz hostoak erortzen ikustera, eta esaten nuen: 'Zein gogorra den bizitza'. Orain, 60 urte ditut, eta ilargiari eta izarrei begiratzen diet, itsasoari eta olatuei, gauza politei, haurren aurpegiei, haien espresioari... Bada, hori da pasatu zaidana. Tuntun samarra nintzen, eta hobetuz joan naiz».

Oro har, bi ataletan banatuta daude sortze lan guztiak: Barruan izena du batak, eta Kanpoan besteak. Lehenengoan, barrura begira jarri da artista. Ez dago kanpoko paisaiarik, espazio itxiak ageri dira koadro guztietan. 1960ko hamarkadaren erdialdera egindako margolanak dira, eta egilearen hastapenetako malenkonia ukitu hori dute. Kolore gutxi eta itzalak dira nagusi. Egunerokoko objektuak margotu ditu Cardenasek, detaile txikiei begira jarriz: hala nola komuna, iratzargailua eta sarraila ditu arretagune. Beste lan batzuek, berriz, esnatzean begiak ireki eta ikusten duen lehen gauza jaso dute: Desde la cama (Ohetik) izeneko koadroan, adibidez, arropaz betetako aulki bat eta mahai bat ageri dira. Atal horretakoak dira bere buruari, Luis de Pablo senarrari, Carlos Sanzi eta Rafa Ruiz Balerdiri egindako erretratuak ere.

Koadro horietako askok, ordea,ez dituzte elementuak osorik jasotzen. Margolanaren lau mugetatik kanpo jarraitzen dute pertsonaiek nahiz objektuek: ezin jakin daiteke Cardenasen logelako aulkiaren goiko zatia nolakoa den edota artistaren aurpegiaren eskuineko aldeak zer itxura duen.

Barruan atalean kokatzen diren azken koadroek artistaren ibilbidean gertatzear den aldaketaren berri ematen dute: leihoak ageri dira Cardenasen barne munduan, kanpora begira hasiko baita pixkanaka.

Kanpoan zuhaitzak, zerua eta ura agertuko dira. Etxeko lau hormetatik harago, beste mundu bat badela ohartuko da sortzailea, etaaskoz koloretsuagoa dela mundu hori. Kanpoan ataleko lanak 1980ko eta 1990eko hamarkadetan egindakoak dira. Hasierakoak figuratiboak badira ere, pixkanaka abstrakziora hurbilduko dira, eta zaila egingo da eguzkiak argitutako oihan hura nolakoa zen ez antzematea ere. Figurazioaren eta abstrakzioaren arteko muga horretan, arropa esekiak eta Getariako (Gipuzkoa) itsasontziak ere margotu ditu Cardenasek, kolore biziz.

Indiara egindako bidaia

Artistaren lanak ibilbide bat egina bazuen ere, azken hamabost urteotan goitik behera aldatu da haren joera. 1998an Indiara egindako bidaia da aldaketa horren arrazoia. «Aireportutik jaistean ikusi nuenak sekulako zirrara eragin zidan. Indiako arropen konbinazioak, formak eta diseinua ikusita, esan nuen: 'Mundua kolorez beteta dago'. Beste planeta bat da. Eta planeta hori hemengoa baino askoz biziagoa da. Maitemindu egin nintzen».

Bidaia hark markatu ditu Cardenas, eta haren lana: kultura indiarra dakarte gogora bidaiaren ostean egindako margolanen koloreek eta formek. Horietako bat da 2013an ondutako Perrito asustado (Txakur ikaratua). Sarritan erabili ohi duen teknika baten bidez sortu du: kartoi mehea bat hartzen du, ilar baten neurriko zuloa egiten dio, eta edozein koaderno, margolan edo idatziren gainetik pasatzen du. Zulo horretan ikusten duenari begira jarri, eta irudiak sortzen ditu: txakur ikaratuaz gain, baita otsoak, azeriak eta sudur erraldoia duen gizona ere. «Nik ez daukat kulparik. Bakarrik irteten dira». Hala, hasieran marrazki txiki bat zena neurri handiko koadro bilakatu du: txakur zuri bat da, eta barruan munstro beltz bat du. «Txakur ikaratua nire autorretratua da. Ni naiz txakur sinpatikoa, eta barruan munstro bat dut».

Erakusketako txoko batean, artistaren marrazkiak eta haren zenbait koaderno daude; batzuk fisikoki daude han, eta beste batzuk digitalizatuta. Guztira, 107 koadernotik gora margotu ditu 2002tik gaur arte, eta kontziente da gaixotasun moduko bat duela: «koadernitis» deitzen dio berak. «Espero ez nuen bidetik eraman naute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.