Itziar Mendizabal. The Royal Balleteko dantzaria

«Une politetan eta gogorretan, dantzatzea izan da nire ametsa»

Itziar Mendizabal Hondarribiko ballet dantzaria jaioterrira bueltatu da, eta gaur 'Sustraiak han dituenak' ikuskizuna emango du Londresko lankideekin batera.

Ane Urrutikoetxea.
Hondarribia
2012ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Sustraietara itzuli da Itziar Mendiguren ballet dantzaria (Hondarribia, 1981). Hamalau urterekin, habia utzi eta Madrilera joan zen, Victor Ullaterekin dantza ikastera. Urteetan irakasle onenekin trebatu ondoren, Londresko The Royal Balletek bakarlari moduan kontratatu zuen, eta harrezkeroztik nazioartean ibili da, dantzaren munduko artista onenekin batera. Hain zuzen ere, The Royal Balleteko eta Rambert Dance Companyko hainbat artista ekarri ditu Hondarribira: Eneko Alcaraz, Miguel Altunaga, Estela Merlos, Johannes Stepanek, Dawid Trzensimiech eta Melissa Hamilton. Sustraiak han dituenak ikuskizuna emango dute gaur 20:00etan, Itsas Etxea auditoriumean.

Ikusmin handia eragin du Mendizabalen emanaldiak Hondarribian. Txomin Sagarzazu Hondarribiko Udaleko Kultur zinegotziaren esanetan, sarrerak salgai jarri eta hiru ordura ia amaitu dira: «Auditoriuma berria izan arren, txikia geldituko zaigu Mendizabalen ikuskizunerako, ez genuen halako arrakasta espero». Etorkizunean Mendizabalekin proiektu berriak egiteko irrikan daudela adierazi du Sagarzazuk: «Herritarren ilusioa eta arte maila altua bildu ditu emanaldiak». Mendizabal ere «txoratzen» dabil herritarrek egin dioten harrera beroarekin.

Gaur eman behar duzun ikuskizunak miresmen handia eragin du zure jaioterrian. Harro sentitzeko modukoa izango da, ezta?

Harro baino gehiago esker oneko sentitzen naiz, egin didaten harrera beroak nigan sinesten dutela eta ikuskizun ona espero dutela esan nahi duelako. Betetako ametsa da etxean dantzatzeko aukera izatea. Noski, sarreren salmentaren arrakasta ikusita, nire ardura da ikuskizun bikain bat eskaintzea. Aukeratu dugun programa bereziki Hondarribiko herritarrentzat da, haientzat, eta baita niretzat ere. Ni gaztetan atera nintzen herritik, baina beti izan ditut gogoan nire sustraiak.

Emanaldiari izena ematen dio Sustraiak han dituenak Joseba Sarrionandiaren olerkiak, Mikel Laboaren musikarekin osatua. Esanahi berezia al dauka zuretzat?

Egia da nire bizitza sustraietatik urrun dagoela, baina benetan niretzat egokitutako kanta da Joxean Artze eta Laboaren Txoria txori. Abesti horrek esanahi berezia dauka niretzat; izan ere, gaztetan, Madrilera bizitzera joan nintzenean, gurasoek abesti hori idatzita bidali zidaten, hegan egiten utziko zidatela esanez, nire ametsa betetzeko askatasuna emanez. Mikel Altunagak egin du koreografia, eta oso ondo ulertu du abestiaren esanahia.

Ikuskizunean bada Beltxargen aintzira dantza klasikoa eta Polyphonia dantza garaikidea. Programa ausarta aurkeztea erabaki duzu?

Bai, nire ideia kontzertu didaktikoa izatea da, jendeak gauza berriak ikus ditzan nahi dut. Askok uste dute balleta tutua eta puntak erabiltzea besterik ez dela, baina gaur egun dantzariok estilo asko lantzen ditugu klasikoaz gain, baita The Royal Balleten ari garenok ere. Polyphonia dantza neoklasikoa da, fina eta liraina. Uste dut Hondarribiko eta Euskal Herriko ikusleek badakitela balletaz disfrutatzen, eta ziur nago gustatuko zaiela. Programan arriskatu beharra dago, dantzarien eta ikusleen heziketa maila garatu ahal izateko.

Nazioarteko agertokietan bakarlari garrantzitsuenetako bat zara. Gogorra al da dantzariaren bizitza?

Lau urterekin amari esan nion dantzaria izan nahi nuela, eta ordutik amets hori betetzeari ekin diot. Ez zen erraza izan hamalau urterekin etxea uztea, azkar heldu behar izan nuen. Zoriontsu izan naiz une politetan eta zailetan, nire ametsa betetzen ari nintzelako.

Ballet dantzari arrakastatsua izateko, Euskal Herritik kanpo joan beharra dago?

Tamalez, gaur egun dantza klasikoa ikasteko beharrezkoa da ateratzea, profesional bihurtu nahi bada behintzat. Dantza garaikideko hainbat talde badaude, eta etorkizunean erraztasun gehiago egongo direla sinetsita nago. Dena den, nire ustez, ona da dantzariak kanpora ateratzea, nazioarteko dantzariak ezagutzeko eta esperientzia hartzeko. Badirudi txarra dela kanpora irten beharra, baina oso aberasgarria da. Ikasketa onena esperientzia hartzea da.

Madril utzita, The Royal Balletek bakarlari moduan aritzeko kontratua eskaini zizun. Gogorra izan al da horren talde entzutetsuan lan egitea?

Onartu behar dut oso pozik nagoela The Royal Balleten lanean. Munduko konpainia onenetako bat da, lan tresna eta eraikin onenak ditugu, errepertorioa izugarria da, bertako dantzariek oso harrera ona egin didate iritsi nintzenetik, eta Londres hiria ere gozamen hutsa da. Alemanian, Suitzan eta beste tokietan egon naizenean, argi neukan ez nintzela bertan geldituko, baina uste dut Londres denboraldi luze batez izango dela nire bizitokia. Ez naiz denbora luze batez toki berean gelditzen, baina ezin gusturago bizi naiz hiri horretan.

Beraz, oraingoz ez duzu sustraietara bueltatzeko asmorik, ezta?

Nahiz eta batetik bestera ibili, beti izan dut buruan bizitzera Hondarribira etortzeko ideia; dantza irakasle modura, adibidez. Bizitzak buelta asko ematen ditu, eta are gehiago batetik bestera zabiltzanean. Horregatik, orainean bizitzen saiatzen naiz beti. Nire helburua egunero lan egitea da, pixkanaka gustuko ditudan proiektuetan parte hartu ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.