Une jakin baten isla

Leihotikan taldeak hogei urtean ondutako kantuak bildu ditu 'Punk Rock talde soil bat' zuzenean grabatutako CD eta DVDan

mikel lizarralde
Donostia
2014ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Zaletasuna eta bizitzako parte inportantea da musika Leihotikan taldeko kideentzat, baina inoiz ez da lanbidea izan. Zehatzago esanda, zaletasuna baino gehiago, «bizimodua» da Txantreako (Iruñea) laukotearentzat, eta hori izan du «filosofia» azkeneko hogei urteotan. Orain, Leihotikan-ek oholtza gainean hogei urte bete dituenean, taldearen bizitza ikuspegia bete-betean biltzen duen CD eta DVDa kaleratu dute: Punk Rock talde soil bat, Tolosako (Gipuzkoa) Bonberenean urriaren 11n eskainitako kontzertuaren isla. Gor diskoetxeak argitaratu du.

Taldeak aurten bete ditu 20 urteak, eta maiatzaren 2an hori ospatzeko kontzertua eskaini zuen etxean bertan, Txantreako Akelarre tabernan. Orduan otu zitzaien ospakizuna aldez edo moldez euskarri fisikora eramateko ideia. Eta Bonbereneak aukera eman zienean Tolosako kontzertua grabatzeko eta filmatzeko, ez zuten zalantzarik egin, Gorka Armendarizek (ahotsa) eta Patxi Mercerok (gitarra) azaldu dutenez. Haiekin batera, Aitor Remonek (baxua) eta Alfonso Contin Titi-k (bateria) osatzen dute gaur egun egungo Leihotikan. Armendarizen iritziz, zuzeneko diskoa grabatzea bada «jarraitzaile amorratuei» omenaldi bat egiteko modu bat. «Gu gutxiengoentzako talde bat gara, baina baditugu zale sutsuak ere». Horregatik, eta zuzenean taldeak eskaintzen duena diskoan islatu nahi zutelako abiatu zuten proiektua. «Ez gara kontzertu asko egitekoak. 11 inguru urtero. Eta hau ere momentu baten isla da. Ondo egindakoekin eta bere akatsekin».

Bonberenean urriaren 11 hartan taldearen estudioko sei diskoetako kantuak berreskuratu zituzten,eta bi orduko emanaldian 33 kantu jotzera iritsi ziren (Leihotikan, Lastozko heroiak, Nafarroa, Idoloak akatu, Asteburu guztietan, Urrun doa...). Haiek guztiak bildu dituzte DVDan, baina CDrako, eta formatuak 80 minutuko muga gainditzea uzten ez duenez, bi kendu behar izan dituzte (Galdua nuen ametsa eta Mendizaleak).

Kontzertua 6-7 kamerarekin grabatu zuen K Estudioko Alberto Porresek, eta emanaldiaz gain, Bonberenean igarotako denbora ere jaso zuten kamerek.«Nahi genuen kalitatezko bideoa egin, erabat profesionala izango zena».

Zuzenekoak udan

Eguneroko bizitzak mugatu eta moldatutako taldea da Leihotikan, eta taldekideen erritmora mugitzen dena. «Orain Aitor [Remon] bikien aitatxo izan da...». Hori dela eta, 2015eko udarako utziko dituzte kontzertuak Mercerok jakinarazi duenez: «Gure asmoa litzateke kantu gehiago egitea eta udan aritzea gaztetxe eta tabernatan. Baina oraindik ez dakigu nola izango den».

Bien bitartean, hardcore melodikoz eta punk-rockez jositako diskoa eta DVDa dute kalean. Taldearen isla izan nahi duen lana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.