Beste artista batzuen bertsioz osatutako diskoak ez dira, sarritan, oso estimatuak izaten. Sormenaren kaltetan, erreprodukzioa edo errepikapena haizatzen dutela leporatzen diete, maiz, moldaketez ondutako lanak grabatzen dituztenei. Badira, halere, bertsioei mira berezia dieten nortasun handiko musikariak. Horietako bat da, ezbairik gabe, Chan Marshall. Cat Power izen artistikoarekin garatu duen ibilbide luzean, hiru disko eskaini dizkie bereak ez diren kantuei. The Covers Records-ekin estreinatu zen —besteak beste, The Rolling Stones, Bob Dylan, The Velvet Underground, Johnny Mathis eta Smogen kantuak berrinterpretatuta—; Jukebox (2018) iritsi zen gero —James Brown, Billie Holiday, Hank Williams, Janis Joplin, Nick Caveren kantuekin—; eta 2022koa du bertsioaren eremuan egindako azken ahalegina, Covers —Frank Ocean, Lana del Rey, The Pogues eta The Replacementsen bertsioak azaltzen ziren, besteak beste—.
Oraingoan, berriz, rockaren historian iltzatutako une jakin bati begiratu dio, eta Bob Dylanek 1966ko maiatzaren 17an Manchesterreko (Ingalaterra) Free Trade Hall aretoan eman zuen kontzertua hasieratik amaierara berregin du Cat Powerrek, hark ere zuzenean: Cat Power Sings Dylan. The 1966 Royal Albert Hall Concert. Dylanen Manchesterko kontzertu hura historiara igaro zen, Blowin' in The Wind-en egileak formatu elektrikoa besarkatu zueneko une zehatz hura islatu zuelako, eta folk komunitatearen artean, aurretik Newporteko jaialdian gertatu zen bezala, hautsak harrotu zituelako. Manchesterko kontzertuaren grabazioa disko piraten bitartez zabaldu zen urteetan, eta denbora luzez uste izan zen Londresko Royal Albert Hallen egindako ekitaldiaren grabazioa jasotzen zuela. Horregatik, Dylanek berak, keinu gisa, Bob Dylan Live 1966, The 'Royal Albert Hall' Concert izenburua jarri zion The Bootleg Series-eko laugarren atal gisa argitaratu zuenean.
Miresmen erakustaldia
Aurretik argitaratutako bertsio diskoetan erakutsia zuen Cat Powerrek Dylanekiko miresmena, eta Kingsport Town, Paths of Glory eta I Believe in You zituen bere eremura eramanak. Halaber, Moon Pix diskoan (1998) grabatua zuen Moonshiner, Dylanek aurretik jotako kantu tradizionala. Horregatik, Marshallek berak aitortu duenez, 2022ko azaroaren 5ean Royal Albert Hallen kontzertu bat emateko proposamena egin ziotenean, berehala hartu zuen erabakia: ez zuen bere kanturik joko, eta 1966ko emanaldi hartan entzun ziren piezak berrinterpretatuko zituen. Ordena eta formatua aldatu gabe.
Dylanek saio hura bezala, bi partetan banatu zuen Cat Powerrek Londresko kontzertua. Lehenengoan, gitarra eta aho soinu baten laguntza hutsarekin, modu akustikoan berreskuratu zituen She Belongs to Me, Fourth Time Around, Visions of Johanna, It's All Over Now, Baby Blue, Desolation Row, Just Like a Woman eta Mr. Tambourine Man. Ez da berrinterpretazio horietan Dylanen kantutegia iraultzeko edo beste eremu batzuetara eramateko asmorik sumatzen; aitzitik, errespetua igartzen da beste ezeren gainetik. Eta, hala ere, Cat Powerrek bere egiten ditu kantuak, berak edo beretzat idatziak balira bezala.
Bigarren partean, Dylanek egin bezala, talde elektriko batek lagunduta jo zituen, bata bestearen segidan, Tell Me Momma, I Don't Believe You (She Acts Like We Never Have Met), Baby, Let Me Follow You Down, Just Like Tom Thumb's Blues, Leopard-Skin Pill-Box Hat, One Too Many Mornings eta Ballad of A Thin Man —ez da falta, azken horren hasieran, Dylanen grabazioan bezala, Marshalli Judas deitzen dion publikoko pertsona baten oihua—, eta kontzertua Like a Rolling Stone klasikoen artean klasikoenarekin amaitu zuen, une errepikaezin bat eskaintzen ari zen jakitun.