Unai Urretxo orkestra zuzendariak (Arrasate, Gipuzkoa, 1977) EGOn eman zituen profesionalizatzeko lehen pausoak, 1997an, artean tronboi jotzaile zela. Hego Korean bizi da egun, eta, orkestretan eta operetan zuzendari izateaz gain, unibertsitateko irakasle ere bada.
Lehen tronboi jotzaile, eta orain zuzendari gonbidatua zara EGOn. Aldaketa handia da, ezta?
Musikari askori gertatzen zaio hori. Bizitzako zikloak dira. Tronboiarekin gauza asko egin nituen, eta toki askotan izan nintzen: Europan, AEBetan, Hego Amerikan, Korean... Zuzendaritzari heldu nion gero, gehiago ikasi nahi nuelako, beste esperientzia batzuk izan eta jendea ezagutu. Pertsona moduan hazi egiten zara. Oso pozik nago.
Musikariek garatua duzue taldearen zentzua.
Jakina. Pianistak alde batera utzita, musikariek beste norbaitekin jotzen dute. Harremana behar dugu beti.
Zer-nolakoa izan da itzulera?
Euskal Herrira sarri etorri naiz, eta pozik, nire herria baita. Bilboko eta Euskadiko Orkestrak zuzendu ditut, adibidez, baina EGOra itzultzea berezia da, hemen eman bainituen lehen pausoak, 20 urte nituenean. Saiatzen naiz neska-mutilek esperientzia polita eta gogoangarria izan dezaten, musika gehiago maitatuz atera daitezen hemendik.
Gazte orkestrak garrantzitsuak direla esan izan duzu. Ez al zaie aukerarik ematen gazteei?
Ez; aukerarik izaten dute kontserbatorioetan-eta, baina gazte orkestretan irakasle, zuzendari eta musika molde berriak ezagutzen dituzte, eta batetik bestera mugitzen dira. Musikariok esperientzia berriak behar ditugu beti. Gauza bera eginez musikari gisa haztea oso zaila da. Zenbat eta esperientzia gehiago, orduan eta hobea izango da musikaria. Funtzio hori du gazte orkestrak.
«EGOn, saiatzen naiz neska-mutilek esperientzia gogoangarria izan dezaten»
Erronkak?
Etorkizunera begira, ongi legoke, esate baterako, EGO nazioartekotzea. Hego Korean ikusi dudanagatik, garrantzitsua litzateke hori. Hain kultura ezberdinak elkartzea eta jakintza partekatzea ederra izango litzateke. EGOk hori lor dezan nahiko nuke.
Konpositore kutunik?
Hiru B-ak gustatzen zaizkit: Bach, Beethoven eta Brahms. Hirurak oso gustuko ditut, baina Stravinski bera ere oso maitea dut. Obrak ere aipa nitzake solte: opera asko zuzentzen ditut, eta Pucciniren Tosca ikaragarri gustatzen zait, edo La bohème...
Hogei urte daramatzazu Hego Korean, eta sarri egiten dituzu joan-etorriak. Zer egiten duzu bidaietan, musika entzun?
Batez ere, lo.