Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan, final-laurdenen bigarren asteburuari ekin diote gaur, Azkoitiko Baztartxo antzokian. Hain zuzen, hirugarren final-laurdena jokatu dute arratsaldean, eta sei bertsolari aritu dira kantuan: Ane Labaka Mayoz, Asier Azpiroz Iztueta, Eli Pagola Apezetxea, Maialen Akizu Bidegain, Oier Etxeberria Zubimendi eta Unai Mendizabal Jauregi. Azken horrek bildu du puntu gehien; 485,5 lortu ditu denera. Horrenbestez, zuzenean sailkatu da finalaurrekoen faserako; Zarautzen kantatuko du, azaroaren 24an.
Haritz Alberdi Alberdi aritu da gai jartzaile, eta epaile lanetan, berriz, Amaia Otxotorena Gamio, Karlos Ibarguren Olalde, Maite Sukia Olano, Oihana Aranguren Etxaniz eta Zigor Leunda Eizmendi. Idazkaria Nerea Goñi Begiristain izan da.
Mendizabalen atzetik, Azpiroz, Labaka, Pagola, Etxeberria eta Akizu sailkatu dira. Honela geratu da gaurko saioko sailkapena:
SAIOKO SAILKAPENA
Unai Mendizabal Jauregi (485,5 puntu)
Asier Azpiroz Iztueta (485,5 puntu)
Ane Labaka Mayoz (477,5 puntu)
Eli Pagola Apezetxea (470,5 puntu)
Oier Etxeberria Zubimendi (468 puntu)
Maialen Akizu Bidegain (414 puntu)
Bihar jokatuko dute Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako hurrengo saioa, Irunen, Ficobako Auditoriumean. Saioko sarrera guztiak amaituta daude, eta, aretoaren edukiera ohi baino txikiagoa tarteko, bertsoa.eus atarian zuzeneko emanaldia egingo dutela iragarri dute.
Uxune Areizaga Aranberrik jarritako gaiei segika, beste sei bertsolari ariko dira kantuan saio horretan: Amaia Iturriotz Etxaniz, Aner Peritz Manterola Euzkitze, Eneritz Artetxe Eizagirre, Eñaut Martikorena Lizaso, Iñaki Apalategi Astigarraga eta Oihana Iguaran Barandiaran.