Arabako Bertsolari Txapelketako hirugarren eta azken final laurdena izan da gaur arratsaldean Aramaioko kultur etxean, eta, kantuan aritu diren sei bertsolarien artetik, Unai Andak lortu ditu puntu gehien: 241,5. Hala geratu da gainontzekoen sailkapena: Andere Arriolabengoa (234), Oihane Perea (232,5), Felipe Zelaieta (227), Manuel Bendala (213) eta Asier Rubio (203,5). Gai jartzaile lanetan, ostera, Aintzane Irazustak jardun du.
Aurretik jokatutako beste bi final laurdenetan, Asier Otamendi eta Manex Agirre nagusitu ziren, eta, gaurkoarekin bigarren fasea itxita, argituta geratu da jada finalerdietarako zeintzuk sailkatu diren. Hurrengo saioa, Araiako Andra Mari aretoan izango da, 17:30ean hasita.
Señora txapelketa Hendaian
Ordu bertsuan jokatu da, bestalde, II. Señora sariketa. Hendaiako (Lapurdi) Enbata gaztetxean egin dute lehen kanporaketa, eta Aner Euzkitze eta Amaia Iturriotzek eskuratu dute finalerako pasea. Emakume eta identitate ez hegemonikoen ikusgaitasuna helburu duen txapelketa da, eta Laudion (Araba) egingo dute bigarren kanporaketa datorren larunbatean, Aiaraldeko Faktorian. Finala, berriz, ekainaren 4an izango da, Leitzan (Nafarroa).