Umorezko antzerkiz jantziko da Araba abuztuan

Araiako Umore Antzerkiaren jaialdian 38 emanaldi izango dira abuztuaren 5etik 25era bitartean

Erredakzioa
Gasteiz
2011ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Gorakada, Les Grotesques eta Botproject konpainiek zabalduko dute Araiako Umore Antzerkiaren jaialdia abuztuaren 12an. Jaialdia hemezortzigarrenez egingo dute Arabako herrietan. Ohikoa den moduan, bi multzotan bereiziko dira Araiako Umore Antzerkiaren egitaraua osatzen duten eskaintzak. Muin nagusia Asparrenan izango da, abuztuaren 14tik 16ra. Hamalau emanaldi izango dira Araiako auzoburuan.

Lehen eguneko emanaldiez gain, abuztuaren 13an Lusco e Fusco, Pantha Rhei, Stradivarias eta Tres Puntos y Aparte konpainiak ariko dira. Abuztuaren 14an Theater Irrwisch, Patrice Thibaud eta Daraomai konpainien txanda izango da, eta abuztuaren 15ean Magialdia, Gilles Remy etaCirc D'Hivern ariko dira. Asparrengo plaza eta kiroldegia izango dira antzerki emanaldi horien aterpe nagusi. Ez da hor amaituko jaialdiaren egitaraua, ordea. Abuztuaren 5etik 25era antzerki konpainia horiek beraiek ariko dira Araba osoan. 24 emanaldi eskainiko dituzte guztira, hamalau herritan banaturik. Dulantzi, Amurrio, Aramaio, Eltziego, Oteo, Bastida, Azazeta, Laudio, Maeztu, Murgia eta Rivabellosa dira jaialdia hartuko duten herri horiek.

Gorakada taldeak Jim Altxorraren uhartean lana eskainiko du, Las Grotesquesek Sin balas, Botprojectek Collage, Lusco e fuscok Encontros, Panta Rheik Monsters Show, Stradivariasektaldearen izen bereko lana, Tres Puntos y Apartek Un poco de todo.... y algo de, Theater Irrwischek Grannies, Patrice Thibaudek Cocorico, Daraomaik 1, 2, 3poma, Magialdiak Morrison el magnífico, Gilles Remyk ¡Y hop là! eta Circ D'Hivernek Circus Klezmer.

Arabako Euskara, Kultura eta Kirol Saileko foru diputatu Iciar Lamarainen iritziz, antzerki jaialdia «Arabako udako jaialdi nagusia da, dituen jarraitzaileengatik eta duen kalitatearengatik. Eta gure lurraldeko herriei kultura adierazpen hau eskaintzeko aukera paregabea da».

Asparrenan izango diren ikuskizunetarako sarreren aldez aurreko salmenta honako lekuetan egingo da: Gasteizko Casa del Libron, Aguraingo turismo bulegoan eta Asparrengo Bene tabernan. www.jaraialdia.com webgunean aurki liteke informazio osoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.