Literatura

Umorea, ia ororen gainetik

'Gizon barregarriak' eleberria aurkeztu du Joxean Agirrek. Hainbat ildo narratibo txirikordatu ditu traman, eta zahartzaroaren eta maskulinotasunaren gaineko gogoetak ere ageri dira.

Joxean Agirre
Joxean Agirre, Donostian, liburua aurkeztu berritan. JON URBE / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
Donostia
2024ko otsailaren 28a
05:30
Entzun

Joxean Agirrek ez ditu bere errezetetako osagaiak nola hala aldatzen. Eleberriak idaztean, beti bada intriga politikorik eta sentsualtasunik edo erotismo punturik. Metaliteratura apur batek ere behar izaten du tokia, edota literaturarekiko maitasunak; baita umoreak ere. Bereziki, umoreak. Xabier Mendiguren editorearen hitzetan, «oso nobela bakanak eta diferenteak ateratzen zaizkio osagai horien konbinazioz, baina, denak, Joxean Agirrenak direla ezagutzeko modukoak». Halakoxea da Gizon barregarriak ere (Elkar).

Osagai horien artean zailena, beharbada, umorea dela aitortu du Agirrek. Gakoa, kasu honetan, nobelako narratzailearen begiradan dagoela uste du: «Badu eszeptizismo puntu bat, baina baita dibertimendua ere, bizitzak grazia egingo balio bezala begiratzen baitio munduari». Protagonista nagusia den horrek ez du ezeren konpromisorik, eta ezerk ez dio benetan ardura. Baina dena ez da barregarria, ezta narratzailearentzat berarentzat ere, zahartzaroaren aurrean ikuspegia ilundu, tonua aldatu eta matraka betean hasten baita, «hau finisterre bat da, ezerezaren mugakide» eta antzekoak esaka. «Askoz gutxiago du horretatik, dibertimentutik baino, halere».

«Narratzaileak badu eszeptizismo puntu bat, baina baita dibertimendua ere, bizitzak grazia egingo balio bezala begiratzen baitio munduari».

JOXEAN AGIRREIdazlea

Narratzailearen ifrentzuan neska gazte bat ageri da: Maria Mendizabal. Azkarra, xarmangarria, anbizio handikoa, Antropologiako azken urteko ikaslea, erradikala eta engaiatua da. Pertsonaia erabakigarria izan da eleberriaren prozesuan. Hura asmatu baino lehen, bi gizonezko talde zituen Agirrek esku artean: batetik, lau adiskide erretiratu berri, gaztetan komando batean elkarrekin ibilitakoak; eta bestetik, lau ertzain ohi, elkarren adiskideak horiek ere, eta komandokide ohi horien atzetik ibilitakoak, arrakasta handirik gabe. Erronka joko diete komandokide ohiei, atrako berri bat antolatu eta baietz harrapatu.

Horiekin, baina, testuak ez zuen aurrera egiten, harik eta idazleari komandoburuaren etxean neska bat sartzea otu zitzaion arte. Agirreren arabera, «orduan hasi zen benetan nobela, eta idaztea benetako gozamena izan da».

Narrazioan batu dituen ildoetako batean, hain zuzen, neskak sexu kasualaren inguruan egindako lan bat da elementu nagusia. Agirrek Catherine Millet idazle frantsesaren La Vie Sexuelle liburua izan du gogoan, eta esperimentu gisan definitu du haren aitzakian nobelan egindakoa: «Milleten gisako libururik, alegia lehen pertsonan idatzia eta abar, Parisen, Saint Germain de Pres auzunean, ongi, baina Azpeitian edota Donostian funtzionatuko ote lukeen jakin nahi nuen».

Usainak

Bigarren ildoa neskaren doktore tesian oinarri du. Uniformedunen usainei buruzkoa da, izan apaiz, moja, ertzain, jendarme edo guardia zibil. Agirre: «Zakur arraza bakoitzak usain jakin bat duen bezala, kongregazio edo polizia bakoitzak ere bere usain propioa lukeela uste du neskak, eta bere tesira eraman nahi du uste hori». Usainen kontua «haluzinagarria» iruditzen zaio idazleari, eta frantsesak hartu ditu erreferentzia gisa: «Lan handia egin dute egunerokotasuna eta bizimodu pribatuko historia lantzen». Usainen ildo horrek nobela osoa zeharkatzen duela ere esan du Agirrek.

«Agirreren nobeletan, iruditzen zait gizonezkoak bere alter ego-ak izaten direla, eta emakumeko protagonistak, berriz, asmatuak eta idealak izaten direla».

XABIER MENDIGURENEditorea

Eleberriko hirugarren ildoa narratzaileari eskainia da. Gaztetan atxilo hartu zutenekoa kontatzen du. Goizetan torturatu egiten zuten, eta arratsaldez, loak hartzea eragoztearren eta akitzearren, euskarazko liburu bat itzularazten zioten. Baina narratzaileak nobela berri bat asmatuko du, itzulpen literalak grazia izpirik egingo ez zielakoan poliziei.

Hiru agertoki nagusi daude nobelan, Donostiakoak hirurak: epaitegia, Ibaetan dagoen taberna bat eta Haizearen Orrazia. Aipagarriena epaitegia dela esan du Agirrek: «Gizonezko adinduaren sexu ajeak eta ahuldadeak ageri dira, diskurtso parodiatuan, emakumezkoen ahotik». Gizonezkoak barregarri uzten dituen diskurtso horretatik atera da, hain zuzen, eleberriaren izenburua; baita «orrialderik onenak» ere, egilearen ustez.

Editoreak ongi ezagutzen du Agirreren obra, eta halaxe definitu ditu haren nobeletako pertsonaiak: «Iruditzen zait gizonezkoak Agirreren alter ego-ak izaten direla, eta emakumezko protagonistak, berriz, asmatuak eta idealak izaten direla».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.