Umorea bilbotartzea

Gaur abiatuko da Ja Bilboko Umorezko Literaturaren eta Artearen Nazioarteko Jaialdia. Joyce Carol Oates idazlea sarituko dute aurten

Joyce Carol Oates idazle estatubatuarrak jasoko du aurten Ja jaialdiaren saria. ORIOL CLAVERA.
Inigo Astiz
Bilbo
2017ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Europa osoan literaturan eta umorean espezializatutako jaialdi bakarra da Ja Bilboko Umorezko Literaturaren eta Artearen Nazioarteko Jaialdia. Titulu hori jarri diote beren buruari jaialdiaren antolatzaileek, behintzat, eta zortzigarren edizioa abiatuko dute gaur Bizkaiko hiriburuan. 22 gonbidatu eta sorkuntza alor guztietako hamaika ekitaldi antolatuko dituzte urriaren 8ra arte, eta irribarrea izango da ekitaldi guztiek komunean izango duten ezaugarria, eta aurten Joyce Carol Oates idazle estatubatuarrari emango diote BBK Ja saria.

Gloria Fuertes poeta izango da aurtengo programako beste erreferentzietako bat, eta harekin hasiko da jaialdia. Jaio zenetik ehun urte bete dira aurten, eta haren omenezko erakusketa antolatu dute Zabalguneko eraikinean. Haren poemak eta argazkiak bildu dituzte bertan eta metroko zenbait geltokitan. Gaur inauguratuko dute bilduma, eta jaialdia amaitu ostean ere zabalik jarraituko du urriaren 22ra arte. Irekiera ekitaldi horrez gain, Ignatius Farray umoristaren solasaldia ere izango da gaur, Bilborock aretoan, 20:00etan.

Oro har, bi ekitaldi izango dira ia egunero jaialdiak iraun bitartean. Bihar, esaterako, Tricicle antzerki talde kataluniarrak solasaldia izango du 18:00etan, BBKaretoan, eta Javier Goma pentsalaria eta Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendaria arituko dira gero hizketan, 20:00etan. Filosofian eta artean umoreak duen lekuaz arituko dira bi hizlariak kasu horretan.

Juan Pablo Villalobos eta Antonio Orejudo idazleak izango dira larunbatean hizlari. Ez diot inori sekulako narraziorik eskatuko izenburua jarri diote beren saioari sortzaileek, eta Cesar Coca kazetaria arituko da gidari lanetan.

Umorea izango du ardatz Velivor Colic idazlearen solasaldiak ere, baina gerrari buruz ere arituko da ziurrenik. Jugoslaviako armadatik ihes egin, eta Frantziara errefuxiatu joan zen Colic, eta Umorea erbestean izeneko solasaldia eskainiko du BBK aretoan, 20:30etik aurrera.

Javier Cercas idazlea ere arituko da hizlari urriaren 4an, eta urriaren 7an helduko da Joyce Carol Oates idazlearen hitzaldiaren txanda. Oates maiz izan da Nobel sarietarako hautagaien artean, eta hari eman diote aurtengo ohorezko saria Jajaialdiaren antolatzaileek, bere lanek duten «umore beltz moderno-modernoagatik». 19:00etan arituko da hizlari, BBK aretoan.

Euskarazko ekitaldi bakarra izango da jaialdi guztian: Harkaitz Cano idazleak eta Mursego musikariak Porto ikuskizuna eskainiko dute urriaren 8an. Haiek itxiko dute jaialdia.

Txarretan onenak

Nabarmen lerratzen da jaialdia literaturaren alorrerantz, baina zinemak ere izango du bere tartea. Eta, aurten ere, zinemaren historiako bere sekuentzia umoretsurik maiteenak aurkezten jarriko dute zinema zuzendari bat jende aurrean. Urtero errepikatu ohi dute formula hori, eta, aurten, Borja Kobeaga izango da bere harribitxiak erakusten izango dena. Urriaren 1ean izango da hori, eta hamar sekuentzia hautatuko dituguztira, Juan Bas jaialdiko zuzendariarekin batera egingo duen jendaurreko saioan.

Kontrako muturrera joko dute urriaren 5ean Basek, Borja Crespok eta Felix Linares zinemazaleak. Beren sekuentzia txarrik maiteenak aurkeztuko dituzte egun horretan, eta, antolatzaileek azaldu dutenez, hain izango direnez txarrak sekuentziak, publikoaren irribarrea piztuko dute.

Horrez gainera, Juan Carlos Ortega, Edurne Portela, Sergio del Molino eta Sabino Mendez ere izango dira jaialdiko gonbidatuen artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.