Donostiako Zinemaldiak eta EPE eta Ibaia ekoizle elkarteek ematen dute ohorezko Zinemira saria, eta Pako Sagarzazu aktoreak (Donostia, 1940) jasoko du aurten. Gaur emango diote garaikurra, Euskal Zinemaren Galan, Viktoria Eugenia antzokian.
Zinemira saria jasoko duzu gaur. Nola hartu zenuen berria?
Egia esan, sorpresa handiz. Badira urte batzuk zinema utzi dudala; bueno, film labur bat egin berri dut, baina lagunarteko kontuak izan dira. Guztiz bestelako bizitza dut orain, eta oso zoriontsu naiz. Lasai bizi naiz, zinemara joaten naiz tarteka, paseo asko ematen ditut... Orduan, ez nuen batere espero. Sorpresa atsegina izan zen.
1976an aritu zinen lehenengoz zineman, Juanmi Gutierrezek zure Balantzatxoa antzezlana zinemarako egokitu zuenean. Geroago, Herri Irratian esatari eta erredaktore zenbiltzala, La fuga de Segovia filmeko hautaprobara aurkeztu zinen. Nola izan zen?
Naturalki gertatu zen. Irratian ari nintzen lanean, eta asko gustatzen zitzaidan kalean lan egitea. Magnetofonoa hartu, eta kalera joaten nintzen, maletatxo batekin banindoa bezala. Esango nuke nahiko irudimentsua nintzela irratian; gaiak okurritu, eta horien inguruan galdetzen nuen. Hala, behin, kalean nintzela, Klara Badiola azaldu zen; lagunak ginen ordurako, eta komentatu zidan casting baterako deitu ziotela, eta ea lagunduko nion. Halaxe joan nintzen harekin. Zain nengoela, bat-batean, esan zidaten bazitekeela nire aurpegia interesatzea. Orduan, kuriositate handia pizten zidan edozerk, eta baiezkoa eman nien. Proba bat-edo egingo zidaten, baina kasualitatez lortu nuen rola, Klara Badiolari esker.
Irratian lanean jarraitu zenuen gero, baina, esango zenuke hor hasi zela zure zinema ibilbidea?
Nahiko ustekabekoa izan zen dena. Asko gustatzen zitzaidan zinema, eta sarri joaten nintzen pelikulak ikustera. Aktore peto-petoa naizela uste dut. Umiltasun osoz diot, baina uste dut aktore jaio nintzela. Gero, pentsatzen hasita, esaten nuen: «9 urterekin jada antzezten ari nintzen». Pentsatzen dut burutik noizbait pasatuko zitzaidala pelikula bat egitea-edo, baina irratian oso gustura nenbilenez, ez nuen zinemara salto egitea helburu.
Adibidez, Montxo Armendarizekin Tasio egitea ere ustekabekoa izan zen. Orain antzerki taldean nenbilen, eta egun batean, Montxo etorri zen bere ekipoarekin, Tasio-rako castinga egin nahi zuelako. Egun batetik bestera, testu bat eman ziguten, hurrengo egunean filmatzeko. Gogoratzen naiz testua irakurri nuenean ez zitzaidala batere gustatu. Ez nuen batere esperantzarik. Inprobisatu egingo nuela erabaki nuen, banuen horretarako gogoa. Bukatzean, konturatu nintzen Montxori interesatu zitzaiola. Hala hasi zen: «Orain jaiki eta ibili apur bat; eseri hor». Detaile hutsalak ziruditen, baina ez ziren hala; izan ere, pertsonaia erabat naturala izatea nahi zuen hark. Esango nuke biharamunean ja banuela rola.
Ordutik, 40 urte inguruko bidea egin duzu zineman; bada zerbait. Nolakoa izan da?
Esan dezaket polita izan dela; interesgarria ere bai. Uste dut zorteak dezente eragin duela nire zinema ibilbidean. Gustagarri izan diren gauzak egin ditut hasieratik, edo interesa piztu dutenak, behintzat. La fuga de Segovia pelikularekin hasi nintzen; agerraldi motz-motza egin nuen. Imanol Uriberekin nire eszena filmatu nuenean, zera esan zidan: «Jakin izan banu, rol garrantzitsuagoa emango nizukeen». Horrek poza eta segurtasuna eman zizkidan. Pelikula horrek ja arrakasta handia izan zuen, lantzen zuen gaiarengatik eta oso ondo egina zegoelako. Hortik aurrera, zineman hasi nintzenean, Tasio nahiko azkar iritsi zen. Irratian lanean jarraitzen nuen nik, ez nuen utzi lanbide hori, eta Tasio opor egunak hartuta eta baimen bereziak eskatuta egin nuen. Irratia oso bihozbera izan zen nirekin, eta askatasun handia eman zidan. Tasio-k ere arrakasta handia izan zuen. Ez dut nire ibilbide zinematografiko guztia gogoratuko, baina Mortadelo y Filemon ere egin nuen, eta gero, berriagoa edo, Aupa Etxebeste! dago. Hemen arrakasta handia izan zuen. Zortea izan dut.
Aipatu bezala, arrakasta izan duten hainbat filmetan egin duzu lan: besteak beste, Tasio, Ander eta Yul, Aupa Etxebeste! eta Balada triste de trompeta pelikuletan. Bat aukeratu beharko bazenu, zein izango litzateke? Eta zergatik?
Izorratzen nau, badakidalako Telmo Esnalek eta Asier Altunak irakurriko dutela hau, baina maiteminduta naukan pelikula Tasio da. Askatasunari egindako kantu bat da; poema bat dela iruditzen zait. Norbanakoaren askatasunaz hitz egiten du, eta oso garrantzitsua iruditzen zait hori. Tasio aukeratuko dut. Nahiz eta Aupa Etxebeste! pelikulan oso ondo pasatu nuen bi zuzendari itzel horiei esker.
Euskaraz ere antzeztu izan duzu, nahiz eta hizkuntza ez menperatu. Nola lantzen zenituen rol horiek?
Antzerkia egin dut euskaraz —El florido pensil, esaterako—, eta baita zinema ere. Antzerkian, beldur handia nuen hasieran. Lanketa pertsonala egin nuen, eta gero, gertatu izan zait emankizuna bukatu eta esatea: «Euskaraz gusturago egiten dut». Gazteleraz, aukera gehiago nituen hitzak aldatu edo gidoitik aldentzeko, baina euskaraz, hizkuntza ez nuenez menperatzen, testura mugatu behar nuen. Ez nuen aldatzeko aukerarik. Ez dakit zehazki zergatik, emankizun batzuetan zera esaten nion neure buruari: «Ze gustura egon naizen». Zineman, Telmorekin eta Altunarekin lan egitean, konfiantzaz joaten nintzen. Euskararekin aurretiko lana egiten nuen haiekin.
Gainera, etxean gurasoak euskaraz aritu izan dira. Itsasoan lan egiten zuen aitak, eta, itzultzen zenean, haien artean euskaraz hitz egiten zuten. Beraz, euskararen azentua eta tonua beti egin zaizkit familiarrak, eta erraztasuna dut. Ni 40ko hamarkadan jaio nintzen, eta gerra modu bortitzean bizi izan zuten gurasoek. Nire amak ez zigun guri inoiz euskaraz hitz egiten, baina pentsatzen dut beldurragatik izango zela. Ez genuen honi buruz inoiz hitz egin, baina uste dut beldurragatik zela.
Eta saiatu zara gerora inoiz euskara ikasten?
Bai, hiru edo lau saiakera egin ditut. Horietako batean, oraindik laguna dudan irakasle bat nuen. Nire azken irakaslea izan da. Harekin hain gustura nengoen, hain ondo irakasten zidan, euskararen misterioak harrapatu egin baininduen. Eta esaten nuen: «Azkenean bai, azkenean ikasten ari naiz». Derrepente, gaixotu egin zen. Eskolak utzi behar izan zituen, eta irakaslea aldatu ziguten. Argi diot: gorroto nuen. Iruditzen zitzaidan euskara ez zela berdina. Orduan, nolabait, amore eman nuen. Hori gertatu zitzaidan euskararekin.
Nola deskribatuko zenuke zeure burua aktore moduan?
Esango nuke barrenetik lan egiten duten aktore horietakoa naizela. Niregandik oso desberdinak diren pertsonaiak egin ditut, baina saiatu naiz horiek ulertzen eta defendatzen. Uste dut barrutik kanpora lan egiten duten aktore horietakoa naizela. Pertsonaiaren gorputzean sartzen saiatzen naiz.
Zinema eta antzerkia uztartu dituzu. Bakoitzetik zer nabarmenduko zenuke?
Guztiz desberdinak dira, ez dute zerikusirik. Aktore gisa, uste dut ingurura egitea dela garrantzitsua, eta hori ofizioarekin lortzen duzu. Antzerkiak exijentzia handia eskatzen du. Naturalak ez diren gauzak egin behar dituzu: esaterako ahots nahiko sendoarekin hitz egitea, nahiko ozen, azken ilaratik entzun diezazuten. Zineman ez da hori behar. Gainera, batez ere lan egiten ari zaren unea, oholtzaratzen zaren unea da, publikoarekin zauden momentua. Zerbait gertatzen bazaizu... Behin, K Produkziok-en muntaketa batean antzeztu behar nuen: Yo, Satán zuen izena. Aita santuarena egin behar nuen, txotxatu samarra zegoen, baina oso hizketaldi luzeak zituen, eta pare bat bakarrizketa dezente antzekoak ziren. Orduan, emankizun batean, nahastu egin nintzen: batetik bestera pasatu nintzen, eta burua hutsik geratu. Zineman hori gertatzen bazaizu, moztu eta errepikatzen duzu, eta kito, baina antzerkian ezin duzu hori egin.
Azken urteetan aldendu egin zara zinema profesionaletik. Nola daramazu? Haren falta sumatzen duzu?
Agian ez nizuke esan beharko, baina atzo bertan [elkarrizketa ostiralean egina da] mezu bat iritsi zitzaidan eskaintza batekin. Oraindik ez dut hitz egin harekin, baina ez dakit. Ziurrenik ez naiz gai izango ezezko borobila emateko. Gainera, ez zait iruditzen inteligentea denik zerbaiti atea guztiz ixtea. Ez dut inongo beharrik zinema egiteko, oso zoriontsu bizi naiz, baina gertuko norbaitek deitzen badit... Ez dakit ezezkoa emateko gai izango naizen, ezta ezezkoa eman nahiko diodan ere.
Donostiako 71. Zinemaldia. Zinemira saria. Pako Sagarzazu. Aktorea
«Umiltasun osoz diot, baina uste dut aktore jaio nintzela»
Sagarzazu 1976an aritu zen aurrenekoz zineman, Juanmi Gutierrezek 'Balantzatxoa' antzezlana egokitu zuenean, eta, ordutik, 40 urteko ibilbide oparoa egin du aktore donostiarrak. Haren lana aitortu eta omenduko dute Zinemira sariarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu