Ez dio alferrik poemetako batean honako hau: «Bikotea bakarrik geratzeko beste modu bat da». Bakardadea da Castillo Suarezen Urtebetetze festa poema liburu berriaren oinarrietako bat. Ez bakardadea, ordea, derrigorrean zentzu tragiko edo negatibo batean hartua. «Sarri esaten da izaki sozialak garela, baina, hein handi batean, gure bizitza bakarrik eraikitzen dugu». Bakarrik dago gizakia munduan, baina jendez inguratua, hala ere. Inguratzen gaituen horrek ere zedarritzen du liburua. Urtebetetze festari egiten dio aipamena liburuaren izenburuak, eta bakardade egiturazko horren metaforatzat har liteke. «Nortzuk gonbidatzen genituen eta nortzuek ez gintuzten gonbidatzen. Zer esparrutatik kanpo geratzen ginen... Txikiak ginenetik jada galdu genituen espazio batzuk, eta gehienak ez ditugu berreskuratu».
Elkar argitaletxearen eskutik plazaratu du Suarezek Urtebetetze festa. Azken hamar urteetanbi urtez behin liburu bat argitaratzen ohitua zegoen, baina lau urteko tartea hartu du Souvenir kaleratu zuenetik lan berri hau argitaratzeko. «Iruditzen zitzaidan Souvenir mugarri bat izan zela eta ezingo nuela zerbait hoberik egin».
Suarezen aurreko lana, Souvenir, «lan gogoangarritzat» dauka Beñat Sarasola idazle eta literatur kritikariak. Eta haren poesigintza azken hamarkadako «interesgarri eta osatuenetako bat» dela irizten dio. «Souvenir-en zehaztasun poetikoan maila altura iritsi zen, eta oraingo honetan zehaztasun horretan sakondu egin du». Zehaztasuna «ekonomia poetikoaren legea» betetzetik datorkio Suarezen poemagintzari, Sarasolaren hitzetan: «Deigarria da zelako destilazio mailara ailegatu den. Hitz guztiek dirudite sosegu handiz aukeratuak eta inoiz ez duzu sentituko zerbait kentzeko premia, eta ez zaizu inoiz irudituko poema bat edo esaldi bat gehiegi luzatu duela. Behar diren hitzak, gehiago ez, behar diren isiluneak, espazio hutsak, histrionismo agerikorik ez, pertsonaia, izen zehatz gehiegi ez, gehienetan espazio txiki batean eta gehienez ere bi pertsonaren arteko harremanean zertzen dira. Hitzen neurri zehatza bilatzen du, hizkuntzaren halako purifikazio bat, batere purista ez dena, bestalde».
Poema liburua osatzeko abiapuntutzat poemarik ez zuen Suarezek, poemak idazteko gogoa gehienera ere, eta bost aipu, bere unibertso literariotik hurbil sentitzen dituen bost aipu. Yolanda Castaño poeta galiziarraren aipuak ematen dio liburuari hasiera, eta hura izan du sorburu nagusia liburuak. «Arrain ahula ibaiak eramango du leku segurura. Arrain indartsua bakarrik egongo da, biderkatzen den ahaleginean». Iñigo Aranbarri, Elena Medel, Xabier Gantzarain eta Kerobiarenak dira beste lau aipuak.
Sarasolak dioenez, bakardadeaz gain, gatazka baten agerpena erekonstante bat da liburuan: gatazka iraganarekin, gatazka giza harremanetan eta, batez ere, gatazka norbere buruarekin. «Sarritan, ni poetikoa bera dago gatazkan, beste inorekin baino gehiago». Gatazka horien agerpena ez dago, ordea, idazkera ikusgarri edo hanpatu batean ondua: «Idazkera neurritsu edo soseguzkoa da gehiago». Suarezen meritua da «bere bide propioa» eraikitzea, gatazka horiek azaltzeko «ez erabiltzea ez idazkera naif eta zorion axolagabekoa eta ezta lantuz beteriko tormentatuarena ere».
Transtromer, euskararatua
Tomas Transtromer suediarraren obra poetikoa ere plazaratu du Elkar argitaletxeak. Dozena bat liburutan plazaratu ditu orain artean bere poemak idazle eta poeta suediarrak (Stockholm, 1931). 2004an idatzi zuen azken liburukia, eta iaz Literaturako Nobel Saria jaso zuen. Jokin Zaitegi sariketaren bidez, aurreko urteko Nobel saridunaren lanak euskaratzen ari dira azken urteotan, Elkar argitaletxearen eta AED Arrasate Euskaldun Dezagun elkartearen ekimenez. Juan Mari Agirreurretak euskaratu du Transtromerren obra poetiko osoa, Bizientzat eta hilentzat. Poema guztiak, 1954-2004 izenburupean.
Ingelesezko eta frantsesezko bertsioak erabili ditu ardatz nagusi gisara Agirreurretak, eta makulu modura suedierera jo du,Xila Pihlstrom izan duelarik aholkulari lanetan. Idazlearen hizkerarekiko leial izaten saiatu da Agirreurreta, baina kontuan izanik «belarri euskaldun batentzat» idazten ari zela. Itzultzailearen hitzetan Transtromerren poemagintzan badira konstanteak diren hainbat gai, eta gaiok ehuntzen dute haren unibertso poetikoa: musika, bidaiak, ametsak, natura eta itsasoa. «Ekonomia lirikoz» idazten du egileak. «Hizkuntza ez du korapilatzen, ez du zailtzen; alderantziz, estilo arina erakusten du, hizkuntza idatziak ahozkotasuna bilatuko balu bezala. Poesia prosarantz lerratzen da».
Umetan galdutako espazio hori
Castillo Suarezek 'Urtebetetze festa' plazaratu du, bakardadea tragediarik gabe lantzen duen poema liburua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu