«Testuaren artearen eta ilustratzailearen artearen batuketa uste baino maizago gertatzen da, eta hori ezagutzen ez dugun altxorra delako sortu dugu hau». Koldo Izagirre idazle eta erakusketako edukien arduradunaren hitzek agerian uzten dituzte Uhartearen altxorra-ren ardatzak: literatura bera, eta hura irudikatzen duten ilustrazioak. Mariasun Landa, Juan Kruz Igerabide, Mikel Valverde, Karlos Linazasoro, Eider Eibar, Bernardo Atxaga, Antton Olariaga... Idazle zein ilustratzaile, denak izan dira lehenago ala geroago umeentzako ipuinen erreferente, eta haien lanak daude ikusgai erakusketa honetan.
Haurrentzako eta gazteentzako euskarazko literaturatik sortutako pertsonaia, ilustrazio, gai eta garaiek osatzen dute Bilboko Azkuna Zentroan ikusgai dagoen erakusketa. Dijitalidadea enpresak eta Azkuna zentroak elkarlanean antolatu dute, eta Juanba Berasategi izan da zuzendari artistikoa. Hiru formatutan prestatu dituzte erakusketako edukiak: ilustrazioak eta pertsonaien esanak dituzten taula handiak, pantaila erraldoi bat eta umeentzako tailerrak. Otsailaren 28ra arte bisitatu ahal izango da, doan, bakarka zein bisita gidatuen bidez.
1980. urtea, abiapuntua
Haur eta gazte literaturako pertsonaiak ageri dira erakusketan, baina Gotzon Barandiaran erakusketaren komisarioak argi azaldu du bilduma ez dela soilik umeentzat. «Aintzat hartu ditugu gurasoak, hezitzaileak eta komunikabideak ere; publiko guztientzako pentsatua dago». Eta hala dela dirudi, garai desberdinetako haur eta gazte literatura islatzen baitu erakusketak. Azken hamarkadako sorkuntzez gain, 1984an Bernardo Atxagak sortu eta Antton Olariagak marraztutako Jimmy Potxolo pertsonaia ageri da tauletako batean, esaterako. Baita Mikel Valverde eta Atxagaren Bambulo ere.
Mundua ehun liburutan «interpretatzeko» sortu dute erakusketa. Errealismo fantastikoa, zientzia-fikzioa, abentura liburuak, umorea, misterioa eta polizia nobelak tartekatu dituzte literaturari buruzko «hausnarketa» egiteko. Askotarikoak dira, hortaz, erakusketa osatzen duten ehun ipuinak.
Izagirrek egin du erakusketa osatzen duten liburuen hautaketa. Azaldu duenez, 1980ko hamarkadaren eta 2010. urte arteko lanak biltzea izan zuen hasierako asmoa, baina aurreragoko batzuk ere hautatu ditu. «Azken urteotan ilustratzaile berri asko agertu dira, eta oso onak, eta ez genituen erakusketatik kanpo utzi nahi». Horrenbestez, Aitziber Alonso, Eider Eibar, Bruno Hidalgo eta Marimar Agirreren ilustrazioak ere ikusgai daude Azkuna zentroan. Izagirrek azaldu du erakusketako edukiak prestatzen hasi zenean 49 orri bete zituela, baina espazio faltagatik hogei baino ezin izan dituzte azkenean erakusketara eraman. Erdia baino gutxiago, hortaz.
Erakusketaren egitura ez da kronologikoa: gaika antolatuta dago. Paneletako ilustrazioekin eta pertsonaien esanekin batera, taula bakoitzaren ertz batean pertsonaien izenak daude zerrendatuta. Baina zerrenda luzeak dira, eta ez dute zertan ondoan daukaten pertsonaiaren izena izan; zenbaitetan beste panel batzuetan daude pertsonaia horien irudiak. Horrela, joko baten modura planteatu dute erakusketa: baliteke ikusleak ezer baino lehen izena irakurtzea, eta, pisten bidez, pertsonaia bilatu behar izatea, ondoren.
Eguneroko gaiak
Barandiaranek erakusketa egiteko jaso duten laguntza eskertu nahi izan du, eta oro har euskarazko ekoizpenek izaten duten babes eskasa gogoratu du. «Erakunde publikoek gutxi inbertitzen dute azkenaldian euskararen alde, eta eskertzekoa da Azkuna Zentroak erakusketa honekin egin duen ahalegina».
Ilustrazioak agertzeaz gain, erakusketa osatzen duten pertsonaien liburuetan lantzen diren gaien zerrendak ere ikusgai daude tauletan. Bakardadea, migrazioa, adopzioa, Downen sindromea, haztea, nortasuna, zahartzaroa, sexismoa... Egunerokotasunarekin lotu nahi izan dituzte erakusketaren edukiak, eta, gaiekin batera, idazle eta ilustratzaileen aipuak ere bildu ditu erakusketak. «Haien ofizioari buruz zer iritzi duten azaltzen dute hor», azaldu du Barandiaranek.
Tailerrak eta bisita gidatuak
Taulez gain, bada pantaila handi bat ere, eta, hor, adin desberdinetako gazteek hitz egiten duten bideo bat proiektatuko dute etengabe. Eriz Zapirainek zuzendutako bideoan, sei ikastetxetako ikasleak bildu dituzte erakusketako antolatzaileek, banan-banan atsegin dituzten liburuez hitz egin dezaten. Eta, bukatzeko, mahaiz, aulkiz eta liburuz osatutako txoko bat ere jarri dute, umeek bertan jolas daitezen.
Erakusketaren alderdi garrantzitsu bat beteko dute egun zehatzetan egingo dituzten euskarazko doako zortzi tailerrek. 6 eta 13 urte arteko haurrentzat izango dira, eta euskal idazle, ipuin kontalari eta ilustratzaileek gidatuko dituzte. Zehatz esanda, Yolanda Arrieta, Maite Franko, Eider Eibar eta Patxi Zubizarreta izango dira zuzendariak, eta tailerra hasi baino bost minutu lehenago izena ematearekin aski izango da parte hartzeko. Erakusketara bisita gidatuak egiteko aukera ere izango da. Abenduaren 16tik otsailaren 26ra arteko ostiral, larunbat eta igandeetan egin ahalko dira.
Umeen fantasiarako bidaia
'Uhartearen altxorra' erakusketa jarri dute Bilboko Azkuna zentroan: haur eta gazteen ipuinetako ilustrazioak ditu ardatz. Idazle, ilustratzaile eta ipuin kontalariekin tailerrak egiteko aukera egongo da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu