Literatura

Umeak amari eman dio bidea

Aita galdu duen ume baten minetik abiatu, eta ama bihurtu den alaba baten bidaia dakar Oihane Jaka Irizarren lehen literatur lanak: 'Itsaso amniotikoa'.

Oihane Jaka Irizar, bere lehen liburua eskuetan duela, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Oihane Jaka Irizar, bere lehen liburua eskuetan duela, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
2024ko apirilaren 30a
16:52
Entzun

Itsaso amniotikoa (Elkar) poema liburuaren muinak Karmele Igartua sormen beka jaso zuen 2022ko abenduan, Idazle Eskolak eta Aretxabaletako Udalak antolatutako ekinaldiaren 12. aldian, hain zuzen. Oihane Jaka Irizarrek (Donostia, 1985) urtebeteko epea izan du geroztik, muin hori osatzeko eta umotzeko. Tere Irastorza poeta eta Idazle Eskolako irakaslea izan du bidaide.

Jakaren «minimalismoa» aipatu du Irastorzak: «Oso gauza gutxirekin egin du dena, eta formaren aldetik oso elementu sinpleekin egiten du jolas». Elementuen artean garrantzitsuena, hizkuntza bera: «Batzuek horri hitz-joko esaten diote, baina, ene ustez, pentsamendu haziak dira. Amatu eta asmatu. Ez dakit sekula asmatuko dugun ama garenok ama izaten. Horrelako asko dago».

Liburu gisa, hiru zatitan dago egituratuta: 11 urte, 11 hilabete eta 11 egun, hurrenez hurren. Eta hor ere bada hizkuntzaren jokorik, 11 horiek zehaztasunaren ezaugarri guztiak hartzen baitituzte, baina indeterminazioaren antzik galdu gabe, alegia, hamaika edo asko izateari utzi gabe.

Itsaso amniotikoa-k ama izateari heltzen dio. Amatasuna eta sena ageri dira, betiere idazlearen eta bere inguruaren ikuspegitik: «Hor esandako guztia ez zait niri gertatu, baina esandako guztiaren jabe naiz». Jaka amatasunaz harago doa, halere. Ama izango den horrek lehen izandako umeari begiratuko baitio, bai eta ondoren helduko direnei ere: «Poema batean diot zuhaitzaren adarraren azken puntan nagoela ni, eta nork ekarri nauen, lekukoa nori emango diodan edota adarra noraino iritsiko ote den ari naizela galdezka». Ume izan zen horrek, hain zuzen, aita galdu zuen 11 urte zituela, eta zorigaitz erabakigarria izan zen bere bizitzan, nola liburuan ere. Heriotzak zipriztindutako haurtzarotik bizitza berri baten sortzera igaroko da poeta Itsaso amniotikoa liburuan, tartean bi trantsizio direla: batetik, heriotzatik bizitzarakoa, eta, bestetik, alabaren bizipenetatik amarenetarakoa.

«Poema batean diot zuhaitzaren adarraren azken puntan nagoela ni, eta nork ekarri nauen, lekukoa nori emango diodan edota adarra noraino iritsiko ote den ari naizela galdezka».OIHANE JAKA IRIZARIdazlea

Liburua zeharkatzen duen gai osagarria galera da. Hiru ataletan ageri da; ez da, ordea, galera bera hiruretan. Lehen atalean, 11 urte, heriotzaz ari da. 11 hilabete atalean haurdunaldiari buruzko poemak batu ditu, eta, hor, jaioko ez den haurra da galera. 11 egun atalak, berriz, erditzeari eta erditze ondoko egunei heltzen die, eta, kasu horretan, beteko ez diren desioak dira galdutakoa. Hirugarrena da atalen artean mardulena. Hainbat gai aipatzen dira: erditzea, erdiondoko oinazea, ondorio fisiko eta emozionalak, edoskitzea, matrioxkaren segidan non kokatu eta beste.

Zuhaitza eta matrioxka

Bi metafora nagusi baliatu ditu Jakak. Bata zuhaitzaren uztaia da. Irastorza: «Gorantz hazten ikusten ditugu zuhaitzak, baina biribilean ere hazten dira». Bigarren metafora matrioxka da. Eta horrek ere zuhaitzarekin egiten du bat: «Goitik begiratuta, zuhaitz bat baita matrioxka, baina emakume figura gabe».

Irastorzak eboluzioa ikusi dio behinola Idazle Eskolan ikasle izan zuenari: «Hasieran biologoa zela ikusten nuen, eta orain ikusten dut badela natura bat, eta badagoela mekanika bat, erditu gabe ama izaten asmatze bat». Izan ere, Biologian doktore eta zientziari estuki lotua da Oihane Jaka, baina literaturarako eta bereziki poesiarako zaletasuna betidanikoa du. Nerabe zela hasi zen idazten: «Noizik eta behin egiten nuen, eta gauza solteak idazten nituen». Doktoretza bukatuta, Idazle Eskolan eman zuen izena, poesia landuko zuela jakitun. «Ordura arte, bakarka aritu nintzen beti, eta ezjakintasun sentsazioz egiten nuen. Irastorzaren klaseek mundu bat zabaldu zidaten, oso inspiratuta ateratzen nintzen haren klaseetatik, eta ikaskideekin aritzea ere oso aberasgarria izan zen».

Itsaso amniotikoa poema liburuaren harira, Karmele Igartua bera ekarri du gogora Tere Irastorzak: «Amaiera on bat hasiera bat dakarrena dela esaten zuen hark, eta horretara bete-betean dator liburu hau, Oihane Jaka berriz ere idazten eta sortzen hasteko prozesuan jartzen baitu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.