Musika

Ume haren omenez, bueltan da Bengo

Aitor Bengoetxea musikariarentzat «haustura artistiko bat» izan da 'Belharra' diskoa egitea. Haren bigarren lan luzea da, eta bederatzi kantu bildu ditu bertan. Otsailean hasiko du zuzeneko kontzertuen bira, Donostian.

Aitor Bengoetxea 'Bengo' musikaria, promoziorako argazki batean. RITA GRATACOS
Aitor Bengoetxea 'Bengo' musikaria, promoziorako argazki batean. RITA GRATACOS
Garazi Karrera
2025eko otsailaren 6a
05:00
Entzun

Zenbat buru, hainbat modu daude txikitako oroitzapenak biziberritzeko, baita nostalgia sentitzeko ere. Izan liteke orduko gozokiak janda, argazkiak ikusita edo bizipenak gogora ekarrita. Edonola ere, Aitor Bengoetxea Bengo musikariak (Oiartzun, Gipuzkoa, 1997) topatu du bere bidea: doinuen bidez egin du berak haurtzarorainoko bidaia, eta izan zen haur hari eskaini dion Belharra diskoa da emaitza.

Haur denboran entzuten zituen doinuen bila ibili dela azaldu du Bengok: «Esango nuke aurreiritziak atzean utzi ditugula, eta horrela lortu dugula disko zintzo bat egitea». Baina, zein dira doinu horiek? Bada, musikariak gustuko dituen atzerriko hip-hop eta rap erritmoak hartu, eta euskaraz birsortu dituenak. «Nolabait esatearren, neure egiten dut nazioartekoa den soinu hori», argitu du. Nagusiki, Ameriketako Estatu Batuetan bilatu ditu doinuak, nahiz eta Europara begira ere egon den.

Dena den, Bengo ez da bakarrik aritu, eta, haren arabera, azken emaitzak badu Julen Aduriz ekoizlearen eragina: «Nire hip-hop eta rap munduek bat egiten dute Julenen [Aduriz] hardcore munduarekin». Erritmo horietan ardaztuta sortu dituzte disko berriko bederatzi kantuak. «Gure barnetik sortu dugu, musikak gure buruak gidatu zitzan utzita».

Bestalde, diskoarekin «haustura artistiko bat» bizi izan duela aitortu du, eta lehendabizi kaleratutako lanarekin alderatu: «Bizirik diskoa mixtape bat da, kanta sorta bat bilduma batean sartzearen antzerakoa; kasu honetan, soinuak osotasunean lantzen saiatu garela esango nuke, eta horrela lortu dugu disko kontzeptual bat egitea». Oraingo honetan, ez du beste musikari batzuekin elkarlanik egin, aurreko lanean ez bezala. Horrek diskoa are pertsonalagoa egiten du, Bengoren hitzetan.

Istorio errealak kantuetan

Bai berak bai Adurizek soinuaren osotasuna izan dute helburu, Bengok azaldu duenez: «Abesti guztiek soinu antzekoa dute, eta horrek, aldi berean, diskoari koherentzia ematen dio». Hauek dira bigarren lan luzeko abestiak, hurrenez hurren: Ez da betiko, Beste behin, Ero, Beti zu, Gezurretan, Txoriak, Zu geatu ezkero, Bueltatzen eta Etzaizu ikusten —azken hau bonus track bat da—.

Musikariak azaldu duenez, normalean, kantuen hitzek istorio bat kontatzen dute, eta mezu bat helarazten saiatzen da. «Kasu honetan, istorioak nahiko gogorrak dira, niri edo gertuko bati gertatutakoak, baina unibertsalak egiteko moldatu ditut». Bengoren ustez, hor dago haren musikaren «gakoa»: entzuleak bere sentitzea edonori pasa dakiokeen gertaera bat.

«Istorioak nahiko gogorrak dira, niri edo gertuko bati gertatutakoak, baina unibertsalak egiteko moldatu ditut»

BENGOMusikaria

Jarraitzaileen aldetik «oso babestuta eta eskertuta» sentitu da. Horren adibidetzat aipatu du Beste behin eta Ez da betiko singleak Gaztea irratiko abesti gustukoenen zerrendako lehen postuan egon zirela. Bestalde, Durangoko Azokan izan zen estreinakoz bere salmahaiarekin, eta harrituta geratu zen disko guztiak saldu zituelako. «Egia da ez naizela irekia, eta kosta egiten zaidala jendearengana gerturatzea, baina diskoa azoka baino hiru aste lehenago kaleratuta, eta entzuleen erantzuna ikusita, oso-oso pozik geratu gara».

'Belharra' sinbolo gisa

Atzerriko doinuak izan ditu oinarri musikariak, baina garbi zuen euskal izaeratik sortu nahi zuela lana. Ideia hori biltzeko sinbolo baten beharrean zegoela otu zitzaion Belharra izenburu gisa erabiltzea: «Ez trikitia, ez txapela, ezta lauburua ere. Ezohiko sinbolo bat nahi genuen. Konturatu ginen euskaldun askok ez zutela ezagutzen Belharraren esanahia, surf munduan ezaguna den arren». Labur esanda, hamabost eta hogei metro bitarteko olatu handi bat da; Lapurdiko kostaldean, Hendaia eta Donibane Lohizune artean dagoen Belharra uharriaren eraginez sortzen da.

Nolanahi ere, olatuak badu beste esanahi bat harentzat. «Lehen diskoa kaleratu eta musikaren munduan sartu ginenean, sentitzen genuen zerbait helduko zela guregana artistikoki, nahiz eta ez genekien zer». Inspirazio momentu bete-betean, bi aukera ikusi zituzten: «Edo olatuaren indarra baliatuz buru-belarri lanean jarri, edo olatua pasatzen utzi. Eta argi dago olatua hartzen saiatu garela».

Lagunarteko lana

Bengo eta Adurizekin batera, Yeray Lizarazu eta Eñaut Gaztañaga ere ibili dira lanean. Lehenak ekoizle lanak egin ditu Ez da betiko eta Txoriak kantuetan; bigarrena, aldiz, disko osoaren nahasketaz eta masterizazioaz arduratu da. Horiez gain, eta irudiari dagokionez, Rita Gratacos diseinatzaileak egin du estetikaren lanketa.

Bengok diseinatzailearen talentua eta trebezia azpimarratu ditu: «Guk bagenuen ideia bat, baina Ritak [Gratacos] hartu du ardura guztia, bai argazkietan, baita bideoklipetan ere». Gainera, proiektuari beste ikuspuntu bat eman diola ere esan du. Gratacos Bartzelonakoa da, eta, musikariaren arabera, kultur aniztasun handiagoa dago hiri handietan.

'Ez da betiko' kantua. BENGO

Bideoklip guztiek itsasora iritsi arteko bidaia bat kontatzen dutela adierazi du Bengok: «Belharra olatura iritsi bitarteko bidaia adierazten dute irudiek».

Kontzertuak

Gaur-gaurkoz, otsailetik maiatzera bitarteko kontzertuak iragarri ditu Bengok. Donostiako Dabadaba aretoan ekingo dio zuzeneko birari, otsailaren 8an —sarrera guztiak salduta daude—. Hala ere, handik bost egunera Gasteizen izango da, Jimmy Jazz aretoan. Otsailaren 21ean, berriz, Iruñean joko du, Indarako oholtzan, eta hurrengo egunean Baionan, Le Magnetokoan. Hileko azken kontzertua Bilbon emango du, Kafe Antzokian.

«Gogo handia dugu prestatzen ari garen showa jendaurrean aurkezteko. Pilak kargatuta gaude, oso motibatuta»

BENGOMusikaria

Martxoan ere jarraituko du batetik bestera kantuan. Azpeitian (Gipuzkoa) izango da 22an, eta astebetera, Madrilera bidaiatuko du. Horrez gain, azken bi kontzertuak Tafallan (Nafarroa) eta Bartzelonan eskainiko ditu, apirilaren 4an eta maiatzaren 10ean, hurrenez hurren.

Jarraitzaileak gertu sentitzeko irrikaz agertu da musikaria: «Gogo handia dugu prestatzen ari garen showa jendaurrean aurkezteko. Pilak kargatuta gaude, oso motibatuta».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.