Luis Baraiazarra ohorezko euskaltzain eta idazle karmeldarrari emandako eta gero ukatutako sariaren auzia zeresana ematen ari da oraindik. Ostegun goizean jakinarazi zuen Espainiako Kultura Ministerioak 2015eko Itzulpen Onenaren saria harentzat zela, Santa Teresa Jesusenaren idatziak euskaratzeagatik, baina gauez ezeztatu zioten aitortza, lanak —Santa Teresa Jesusena. Idazlan guztiak du izena liburuak— oinarrizko arau bat betetzen ez zuelakoan. Ministerioko iturriek jakinarazi zutenez, «atzerriko hizkuntza batetik» gaztelaniara, euskarara, galizierara edota katalanera itzulitako lanek eskuratu dezakete saria; Santa Teresa Jesusenaren jatorrizko lanak, ordea, gazteleraz idatziak ziren.
Baraiazarrak (Meñaka, Bizkaia, 1940) erabakiak eragin zion atsekabea azaldu zuen atzo: «Pentsatu nuen: 'Niri gertatu beharra ere...'. Ume bati goxoki bat eman eta gero ahotik kentzea bezala da hau. Gauza arraroa da, ziurrenik urteetan ez dena gertatu».
Idazle eta itzultzaile karmeldarrak jakinarazi zuenez, Jose Pascual Marco sariketako epaimahaiburuak jakinarazi zion erabakia: «Barkamena eskatu, eta lotsatuta zeudela esan zidan, inor ez zelako konturatu liburuak ez zuela bat egiten oinarriekin».
Edonola ere, polemikaren «alde ona» nabarmendu du Baraiazarrak; izan ere, dioenez, bere lanaren kalitatea eta euskarari egindako ekarpena aitortu du epaimahaiak, «propaganda» egiteaz gain.
Euskaltzaindiak proposatu zion lana Espainiako Kultura Ministerioari, lehiaketan sartu zezan. Eta, atzo ohar batean jakinarazi zuenez, ministerioak lana onartu zuen «lehen galbahe horretan, ondoren, epaimahaikoei igorriz». Euskararen akademiarentzat, euskal letrentzako «ustekabe latza» da Baraiazarraren lanarekin gertatutakoa, baina, halere, euskal itzultzaileen lana bultzatzen jarraituko duela adierazi du. Era berean, balioa eman dio idazlearen ekarpenari: «Euskarazko Santa Teresaren idazlan guztien bertsioa beti izango dira erreferentzia bikaina euskal itzulpengintzan».
Iñigo Mendez de Vigo Espainiako Kultur ministro izendatu berriak, berriz, «mina» agertu zuen atzo, eta «hutsegite multzo» bati egotzi zion hanka sartzea. Adierazi zuenez, berriro egingo dute deialdia, beste irabazle bat izendatzeko.
«Ume bati goxoki bat eman eta gero ahotik kentzea bezala da hau»
Atsekabea agertu du Luis Baraiazarrak, Madrilek sari bat eman eta gero kendu ostean. Euskaltzaindiarentzat, «ustekabe latza» izan da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu