'Ulises' ulergarri egitea

Xabier Olarrak Joyceren 'Ulises' nobelaren itzulpena berrikusi du, liburuaren mendeurrenean. Ia 2.000 oharrekin argitaratu du Igela etxeak

Xabier Olarra, joan den astelehenean, Donostian, Ulises-en mendeurreneko edizioa eskuetan duela. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Andoni Imaz
Donostia
2022ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
2015ean, James Joyceren Ulises euskaratuta argitaratu zutenean, Xabier Olarra itzultzaileak esan zuen aukera izanez gero haren bertsio berrikusia prestatuko zuela eleberriaren mendeurrenerako. Esan eta egin, joan den astelehenean aurkeztu zuen Igela argitaletxeak Ulises-en edizio berritua. «Kostatu da kostatu dena, sakon-sakon berrikusi da testu osoa, baina uste dugu merezi zuela esfortzua, bereziki saiakera bat delako liburua irakurle berriei eskaintzeko», azaldu du Lander Majuelo editoreak. Joyceren erretratu bat azalean duela eta azal gogorreko edizioan eman dute milatik gora orrialdeko liburua.

Garbi esan du Majuelok: «Ez da inolaz ere liburu erraza». XX. mendeko literaturako mugarri bat da adituen ustez, mendeko eleberri nagusietako bat, ezaugarri asko bildu eta gai asko lantzen dituena: «Mendebaldeko tradizioak, garai hartako tirabirak, Irlandaren auzia... Hori, bere konplexutasun guztiarekin, literaturak eskaintzen ahal dizkigun baliabide gehienekin». Liburua irakurtzeko «bidaia» horretan irakurleari laguntzeko, ia 2.000 oharrez osatu dute edizio berria. «Zaila da oharrak egitea, baina bestela ezinezkoa da testuaren balioa harrapatzea. Orain, hemen dute sarbide eder bat».

Liburuaren edizio berria «osatuagoa eta hobea» da, Olarraren hitzetan. Zergatik osorik aztertu eta berrargitaratu, baina? Halakoetan, euskarari eta garaian garaiko idazmoldeari buruzko arrazoiak egon ohi dira; «kasu honetan, Ulises-en beraren esentziagatik dago berrikusi beharra».

Itzultzaileak azaldu duenez, Joycek ez zuen batere erraztasunik eman: «Nik botako dut hau, eta hor konpon. Gainera, jarriko ditut adituak eta kristo guztia hori aztertzen, ea zer esan nahi duen». Stuart Gilbert kritikari eta itzultzailea, adibidez, hasieratik aritu zen liburua lantzen, eta Ulises-en ohar liburuak argitaratu izan dituzte gerora, nobela baino are luzeagoak. «Problema ez da oharrak jartzea, baizik eta ondo aukeratzea», Olarraren esanetan. Orain, moldatzekotan, kendu egingo lituzke batzuk. Baina testua ulertzeko moduan ematea izan da haren helburu nagusia.

Oharrarentzako irtenbideak

«Kontra egin nahi nion Jose Maria Valverderi; bere bertsioa egin zuenean, esan zuen: 'Ulises oharrekin argitaratzeak ez du zentzurik, oharren luzera nobelaren bikoitza litzatekeelako'. Horrek neurriak ditu; oharrak premiazkoak dira», esan du Olarrak.

Ulises ulergarri egitea «problemaren parte bat» izan da, ordea; ez osoa. «Testua bera ingelesetik itzultzeak eta horrek dauzkan gorabehera guztiei aurre egiteak, horrek sortzen ditu problemak». Zuzenean itzuli ezin diren dozenaka hitz joko daude eleberrian, eta horietako batzuk izen propioekin eginak dira, gainera. «Hor ezin duzu tranparik egin. Itzultzaileok bilatzen ditugu ihesbideak, etsi-etsian, beste soluziorik ez duzulako».

Batzuetan, ordea, Olarrak aurkitu du oharra ipintzea baino irtenbide hoberik. Esate baterako: «What's home without potted meat?», jartzen du jatorrizko lanean. «Zer da etxea haragi ontziraturik gabe?». Sexuaren adierazpen zeharkakoa da, oharretan esplikatzen denez, eta, horri bueltaka, itzultzaileak beste modu bat topatu du: «Zer da etxea haragi pototaraturik gabe?». Beste batzuk moldatzerik ez du lortu. «Orain dela zazpi urte banekien, eta hemendik zazpi urtera ere badakit horiek ezingo direla konpondu. Esaten dute oharra dela itzultzailearen frakasoaren seinale».

«Ia-ia erabat» lasai

Olarrak azaldu duenez, Ulises-en ingelesezko testua hobetuz joan da, eta itzulpenak ere hobetuz joango dira. «Oraindik ere eztabaida hortxe dago: batzuek Joyce bizi zela finkatu zen testua hartzen dute oinarritzat, eta beste batzuek Hans Walter Gablerrek 1984an egin zuen edizioa». Biak kontuan izan dira; dena den, itzultzaileak uste du gaur egun testua finkatuta dagoela «%99an».

Mendeurreneko edizioa aterata, Olarra ez da «erabat lasai» gelditu, baina bai «ia-ia erabat». Orain, bere bidea egitenjarraituko du liburuak. «Ez dut esango hemendik zazpi urtera, baina hemendik hamalaura igual...».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.