Ulezuri

Ondarroan (Bizkaia) jaio zen, 1970ean. Lizardi eta erotismoa saiakera argitaratu zuen lehenik, 1996an, baina Bitartean heldu eskutik (2001) poesia liburuarekin egin zen ezaguna batez ere. Urte berean argitaratu zuten Bar Puerto diskoko hitzak ere bereak dira; baita Zaharregia, txikiegia agian diskokoak (2003) ere. 2008an argitaratu zuen lehen eleberria: Bilbao-New York-Bilbao saritua. Gero etorri dira Mussche (2012) eta Elkarrekin esnatzeko ordua (2016). Tartean, haur eta gazte literatur lanak ere eman ditu.

MARTINTXO.
Kirmen Uribe.
2018ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Maria Luisa Leibar tolosarrari inork ez zion bere izenez deitzen herrian. Ulezuri goitizenez ezagutzen zuten haurrek. Haurrek diot maistra zelako Ulezuri. Nahiz eta bere irakasle plaza Donostian irabazia izan, Ondarroako Gorozika auzoko eskola txikian irakatsi zuen gerraostean. Esaten dute, errepublikazalea izanik, zigortu egin zutela eta ezin izan zuela Donostian gehiago eskolarik eman. Erbesteratu egin zuten herri urrun hartako auzo urrun hartara, eskolak erakustera. Gorozikan auzoko baserritarren umeak zituen ikasle, baina ez horiek bakarrik. Ondarroatik ere joaten zitzaizkion umeak eskoletara. Goizero, mendian gora igotzen ziren haurrak, bidezidorretan barrena, eguraldi ona bazen abarketez eta txarra balitz traskoak soinean. Gerra galdu zuten familietako kideak izaten ziren Ulezuriren Ondarroako ikasleak, baina ez beti. Bitxia iruditu arren, herriko familia onenetako senideek ere Ulezurirekin ikasten zuten, Ortiz kontserba-lantegiko ugazaben seme-alabek, esate baterako. Nonbait aurreratua zen garai hartarako Leibar anderea pedagogia kontuetan eta entzute ona hartu zuen herritarren artean, miretsia zen oso irakasle gisa. Zehatza eta zuzena zen emakumea, eta asko zekiela zabaldu zen.

Beharbada horregatik, bere arduran zeuden umeek ez zuten garaileen himnorik kantatu behar goizero, eta otoitz egitera ere ez zituen behartzen. Ez zuen inor kolpatzen edo baztertzen euskaraz aritzearren, sasoi hartako herri euskaldunetan ohitura zen legez. Umeekin sekula ez, baina haurron gurasoekin euskaraz ere aritzen zen tarteka, erdi ezkutuan. Baserritarrak horrela lasaiago hitz egiten zezaten berarekin, gaztelaniaz ezin asmatuta ibili beharrean. Haurrei beren euskarazko izenez zuzentzen zitzaien, umeek hala eskatuz gero, izena gaztelaniara itzuli gabe. Miren Josune bazen umea, Miren Josune deituko zion eta ez Maria Jesus, kaleko eskolako maisuek egiten zuten gisara. Erregimenaren legeei lotutako obligazio bakarra burutzen zuen: goizero goizero, frankozaleen bandera igotzen zuen eskolako mastara.

Gorozikako eskolak lau horma handi zituen. Halaxe kontatu didate behintzat han ikasi zutenek. Hormetako bat matematikak irakasteko moldatzen zuen Ulezurik. Bigarrenean hizkuntza kontuak azaltzen zituen. Hirugarrenean munduko mapa handi bat zegoen, sei kontinente eta zazpi itsasoekin. Azkenik, laugarren hormaren lekua leihate zabal batek hartzen zuen, nondik ikusgarri ziren Gorozika auzo garai hartako zelai berdeak. Leiho hartatik begira sarriegi egoten zen Josean, denetan ume alai eta bihurriena. Eta horrelakoetan, lezioa atenditzen ez zuelako, edo okerkeriaren bat eginez gero, zigortu egiten zuen Ulezurik umea. Umeak zehatzeko era berezia zuen Ulezurik. Hark ezarritako zigorrik latzena izaten zen umeak behartzea eskolako aska txikian arraina garbitzera. Gurasoek oparitutako arraina izaten zen, baxurako arrain merkea, txitxarroa, berdela eta antxoa. Joseanek gorroto zuen zigor hura, izan ere, ezin zuen arrainaren hatsa jasan.

Ulezuri ahalegintzen zen umeek erregimenaren bizimodu berri hartan aurrera egiteko behar zituzten gutxieneko baliabideak ematen. Aurrena, gaztelaniaz egoki ikasi behar zuten. Horretaz gain, bizitzarako gutxiengo hezkuntza bat izan zezaten arduratu zen. Arreta handia jartzen zuen mahaian jokamolde egokia izan zezaten, adibidez. Inork ez zion entzun diktadorearen alde ezta kontra ere hitzik egiten, eta egundo ez zuen aipatu umeen aitzinean ideia errepublikazalerik, edo erbestean zegoen euskal gobernuari buruz elerik esaten, horiei buruz ezer ez. Horregatik harritu —eta seguruena larritu— egin zen goiz batean umeak aztoratuta eta barrezka aurkitu zituenean eskola kanpoan. Oihuka ari ziren, algaraka. Berehalaxe konturatu zen masta seinalatzen ari zirela haurrak. Goizero igotzen zuten banderaren ordez patata zaku bat zegoen mastan igoa. Haizeak hanpatzen eta tolesten zuen zaku zikindua, haurren harridurarako.

«Nor izan da?», estutu zen Ulezuri. Baina umeek ez zioten erantzun.

Eskola barrura sartu zenean hantxe aurkitu zuen Josean, aska txikian, esku txikiekin, arraina garbitzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.