Ulertzen?

Elgoibar (Gipuzkoa), 1989. Erraiak nobela argitaratu zuen 2014an, Elkar editorialarekin, 2012ko Igartza saria jaso ostean. Argitaletxe berarekin argitaratu zuen bigarren nobela ere, Azala erre, 2018an. Itzultzaile da ikasketaz, eta David Foster Wallace, Angela Davis eta Eva Illouzen lanak euskaratu ditu, besteak beste. Kazetari ere bada: hainbat komunikabidetan aritu da kolaboratzaile; BERRIAn bertan eta Argia eta Pikara Magazine aldizkarietan, esate baterako.

Danele Sarriugarte
2020ko uztailaren 5a
00:00
Entzun

Ez da bakarrik desira eraikuntza bat dela; kontua da nola eraikitzen den desira gu guztiongan, hau da, zer esan nahi duen, zer dakarren desira eraikuntza bat izateak. Zaila da azaltzen ez dela halako gauza abstraktu bat. Esaten dugu desira eraikuntza bat dela eta ondorioz ezarrita dagoela zer eta nola desiratu behar dugun —heteroaraua, neoliberalismoa— eta hortaz ez dagoela bestela desiratzeko aukerarik, baina horrek oso arrazionala dirudi, oso kausa-efektua, eta, bestalde, jendea erasotua sentitzen da, zalantzan jarria, eta horrek zaildu egiten du elkarrizketa. Kontua da sentitu egiten dituzula bestelako desira horiek, eraikitako desiran sartzen ez direnak; barruan dauzkazu, baina ez zara gai haiek atzitzeko, ez zara gai haiek desira gisa hartzeko, ez direlako agertzen inongo markotan, ez direlako onartzen mundua zer den azaltzeko eskaini dizkizuten inongo narraziotan, eta ondorioz ez zara haien jabe, eta ondorioz mugatuta zaude, eta are okerragoa dena, mugatuta zaudela jakin gabe zaude mugatuta, eta horixe da muga guztietan mugena —arnasa hartu du Nerek. Tabernako txokoan eserita dago, Marta parean duela, eta aurpegian ematen dio neguko eguzki gozoak—. Edo agian niri bakarrik gertatzen zait, piztia zeharo diskurtsiboa naizelako.

Hamar urtean ez dute elkar ikusi, eta mila gauzari buruz hitz egin zezaketen, baina Nerek bazekien noizbait ere iritsiko zirela puntu honetara, eta elkarrizketa bideratu du, egia esan, hala izan zedin. Gainera, geratu diren tokitik —Callao metro-geltokia— orain dauden tokiraino —taberna generiko bat—, soberan izan dute astia mila gauza metaforiko horiek aletzeko: alegia, unibertsitatean lagun minak izan baina ikasketak amaitu ostean elkarrengandik urrundu ziren bik elkarri aipatzeko izan dezaketen guztia.

Marta bizi da Madrilen, Nere lan-kontuengatik dago hirian.

Bidaia baino astebete lehenago ausartu zen, azkenean, whatsapp bat bidaltzera: idatzi zion joatekoa zela, eta ea, kasualitatez, eta ondo etortzen bazitzaion betiere, izango ote zuen, beharbada, kafe bat hartzeko tarterik, aspaldiko partez.

Irakurleak une horretantxe topatu du Nere, Martari esan nahi diona esateko zorian.

Urduri dagoenean etenaldi asko egiten dituela eta hitz trinkoegiak erabiltzen dituela eta gauza gehiegi aldi berean adierazi nahi izaten dituela eta azkenean ahotik nahas-mahasa besterik ateratzen ez zaiola pentsatzen du, baina, funtsean, badaki elokuente samarra dela eta aurrean daukana erakarri dezakeela bata bestearen ondoan emanez bata bestearen ondoan ondo ematen duten hitzak —piztia zeharo diskurtsiboa—.

Trago bat jo dio edariari, itxuratu nahian-edo egarri zelako moztu duela jarioa, eta ekin dio:

—Adibidez, aurrekoan, neska-lagunarekin eta beste lagun batekin hizketan, oroitzapen bat etorri zitzaidan: akordatzen zara nola joan ginen musika-festibal hartara, 2009a edo izango zen? Ni erabat zapuztuta ibili nintzen asteburu osoan, hau da, irrikaz nengoen baina aldi berean baneukan barruan amorru bat, edo korapilo bat, edo ez dakit zer bat, eragozten zidana lasai egotea, eta orain lotsatu egiten naiz pentsatuta zer muker jardun nuen denbora guztian, eta zer ergel fenomenala izan nintzen zure lagunekin, baina bereziki gogoratu nintzen sentsazio batekin: kanpin-dendan sartu ginenean eta elkarren alboan etzan ginenean nor bere esterillan, parrandarik egin gabe ni guztiz gozakaitz nengoelako, gogoratzen naiz han geundela eta gogoratzen naiz sentitu egin nuela zure gorputza nireari tiraka, sentitu egin nuela nire gorputza zurearen hurbilaz taupaka, eta nire gogamenaren sakoneko zerbaitek ulertu zuela, baina neronek ez; ez nintzela jabetu posible zela, eta erraza ere bai: esku bat luzatu, parez pare jarri. Beraz bizkarra eman nion, metaforikoki, nire desirari, eta zuri, berriz, literalki eman nizun bizkarra. Loak hartu ninduen halako batean. Hamar urte geroago akordatu naiz gau harekin, eta zerbaitek kra egin dit ohartzean zer ukatu nion neure buruari —arnasa hartu du berriro—. En fin, honekin esan nahi nizun, zera, garaian ez nintzela konturatzen, baina, bueno, crush bat neukala zurekin.

Ez dio maitemindu esan, nahiz eta hori uste duen benetan, Martarekin maiteminduta egon zela. Baina jakinarazi dio jakinarazi beharrekoa. Hala nola jakinarazi zion jakinarazi beharrekoa duela lauzpabost urte bietako baten urtebetetzearen harira txateatzen hasi zirenean eta aipatu zionean orain neskekin ateratzen zela.

Ez dago harro hartu dituen zeharbideez, eta are eta gutxiago harrotzen da pentsatzen duenean batzuek silaba guztiak argi ahoskatuz aldarrikatu zutela les-bi-a-nak zirela, halakoengatik jendea kaleratzen zuten garaietan —eta ez hori bakarrik—, eta orobat pentsatzen duenean haiek beren gorputzak jarri zituztela eta bera, berriz, oraindik ere katramilatzen dela halako itzulinguruetan —bi egitate horien artean egon litekeen harreman kausalari jaten ematen dionean—, ez du jakiten kulparekin zer egin.

Labur esanda, kontuak beti sortu dizkio buruhausteak. Arazoa ez zen izan barruan zebilkionari azkenik atzematea —horrek, izan ere, lasaitu egin baitzuen— baizik eta ondorena: esan beharra —esan zuen—; hainbat aldiz esan beharra —hainbat aldiz esan ere—; konturatzea esan behar hark ez zuela etenik. Ez dirudiela etenik izango duenik inoiz. Nerek ez du sekula izan era horretan nabarmentzeko bokaziorik. Luzaroan sinetsi du zenbait gauza eskubideak zirela, ezen ez pribilegioak —arauen arabera irabaztea—, arrazoia edukitzea, eta berari ere bazegozkiola.

Dena den, honako egokiera hau, irakurleak Nere topatu duen unea —2019ko otsaila—, berezia da oso. Hemen, Nerek ez dauka betebeharrik inorekiko. Edozer esanda ere, ez diote koplarik aterako ez Twitterren, ez beste inon, eta ez du ordezkatuko bere burua besterik. Hemen, iragana dauka parez pare: bere iragan berreskuraezina, izan zitekeena eta izan ez zena, orduan ez zekizkienen eta esan ez zituenen fruitua. Hemen, bere buruari eta maite izan duenari bakarrik eragin diezaioke onik edo txarrik: aske sentitzen da.

Bertan utzi du aspaldi luzean biriketan eroan duen harriaren azken ezpala.

Adeitsu agurtu dute elkar. Ohiko promesak egin dituzte, jakinik-eta, betetzekotan ere, neurri batean bakarrik beteko dutela agindutakoa. Ez du axola. Nerek bakea sentitu du —hogeirekin gutxiesten zuen; hogeita hamarrekin irrikatzen—, baina hoteleraino eutsi dio. Gelako atea ireki, eseri, eta gustura egin du negar, hustu arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.