Gaia ez zen nolanahikoa, eta erantzuna ere ez zen makala izan. Martin Ugalde kultur parkeko aretoa entzulez beteta. Tartean, Juanjo Allur, Joxeaustin Arrieta, Gotzon Barandiaran, Harkaitz Cano, Ana Galarraga, Jorge Gimenez, Ander Lipus, Leire Lopez, Fito Rodriguez, Asier Serrano, Castillo Suarez, Aritz Zerain eta beste. Arretaz entzun zuten denek Josu Amezagaren (Nor ikerketa taldea, EHU) Euskarazko kultur kontsumoa ulertu nahirik hitzaldia. Siadecok Elkarren eskutik martxo erdialdean aurkeztutako inkestaren «irakurketa propioa» eskaintzen saiatu zen, beste datu batzuekin eta gogoeta zenbaitekin osatuta. «Euskarazko kultur kontsumoa ulertu nahi dut. Ulertu, noski, eraldatzeko».
Ulertze bide horretan, hasteko, Siadecoren inkesta irakurketa eta musika ohituren merkatu ikerketa bat dela nabarmendu zuen Amezagak: «Kultura guztia ez dago merkatuan; kultur praktika guztiak ez dira merkatuari lotuta egiten». Behin ñabardura eginda, Euskal Herriko irakurketa datuak Europako beste hainbat herrialdetakoekin alderatu zituen. «Nahikotxo irakurtzen dugu. Arazoa da euskaldunen irakurketa ohitura alderatzen badugu euskaraz eta erdaraz, aldea oso handia dela. Askoz gehiago irakurtzen dugu erdaraz». Eta antzeko zerbait gertatzen da hedabideetan eta musika arloan.
Segidan, azken hamarkadetako euskaldunen kopuruaren bilakaerari erreparatu zion, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datuak mahairatuz: «Euskaldunon kopurua asko igo da 1986tik 2016ra, 2 urtetik gorakoen artean; eta igoera guztia euskaldun berrien artean gertatu da». Behin puntu horretara helduta, Jose Maria Sanchez Carrion Txepetx-en Un futuro para nuestro pasado (1986) liburua ekarri zuen gogora EHUko irakasleak. Hizkuntzen berreskurapenaren teorizazio bat egiten zuen Txepetxek lan hartan; besteak beste, hizkuntzaren jabetzarako bi bide aipatuz: naturala eta kulturala. Bide naturalean, Txepetxen arabera, erabilera da abiapuntua, Amezagak gogoratu zuenez: «Pertsona testuinguru batean jaiotzen da, testuinguru horretan hizkuntza bat erabiltzen da, hizkuntza hori ezagutzen du, eta ezagutzaren ostean hizkuntzarekiko kontzientzia, motibazioa, dator». Bide kulturalean, berriz, abiapuntua motibazioa litzateke, nortasunari lotua gehienbat, eta horrek leramake pertsona hizkuntzaz jabetzera eta, azkenik, erabiltzera. «Euskalduntze-alfabetatze mugimendua oso sendoa zen Txepetxek lan hori eman zuenean». Gaurko euskaldun berri gazte gehienak, baina, eskolan euskaldundu dira; ez euskaltegian. Eta euskaldun berri horien abiapuntua, motibazioa, aldatu egin da: «Eskolan euskaldundutakoen motibazioa ez da beraiena, D ereduan eskolatu dituzten gurasoena baizik. Eskolako erabilera da haur horien abiapuntua».
Horrek guztiak dakartzan eskema aldaketak maila indibidualetik sozialera pasatuta, agerikoak dira ondorioak hiztun komunitatean, Amezagaren aburuz. Hizkuntzaren jabetza prozesuan aldaketak gertatu dira, eta, aldaketon haritik, gaitasunak aldatzen ari dira. «Erabileraren, ezagutzaren, nortasunaren eta lurraldearen bektoreak elkarrengandik aldentzen ari dira. Hori hazkunde krisi baten sintoma izan daiteke; hala uste dut. Asko zaindu beharreko kontua da. Euskaldun kopurua asko handitu arren, bestela, hiztun komunitatea ez da handituko».
Ondorioak
Amaitzeko, lau ondorio nagusi atera zituen EHUko irakasleak atzoko hitzaldian. Lehena: «Euskaldungoa aldatu egin da azken hamarkadetan. Kontzeptuek eta ideiek ez digute lehen bezala balio. Euskaldun asko euskaraz guztiz sozializatu gabe daude; euskaldun ez diren asko daude eta egongo dira, gainera». Bigarrena: «Hiztun komunitatea etengabe berreraiki behar da; ez dago ziurtatuta, herria ziurtatuta ez dagoen bezala. Milaka urtez iraun izanak ez du ziurtatzen gerora hala iraungo duenik». Eskola ez ei da nahikoa izango horretarako, datu demografikoak kontuan hartuta. «Kultur egitura eta komunikabide sistema sendoak» dira horri aurre egiteko bide eraginkorrena, beraz.
Hirugarrena: «Euskal kulturak oso sistema ahula du. Aldaketarik txikienek ere min handia egiten digute». Eta laugarrena: «Krisi kultural baten erdian gaude. Hori mundu osoan gertatzen ari da». Ohiko sozializazio agente nagusiak familia, eskola, lagunartea eta komunikabideak izan badira, egungoak Google, Amazon, Facebook, Apple eta enparauak dira, Amezagaren esanetan. «Aldaketaren abiada ikaragarria da».
Gauzak horrela, plan sendo baten beharra dagoela nabarmendu zuen: «Kultur eta komunikazio plan argi eta sendoa beharko da, oraindik euskaraz gutxi edo batere sozializatu gabe daudenak —eta egongo direnak— euskarazko kontsumora erakartzeko. Politika bat behar da. Ez 600.000 euskaldunentzako kultura sustatzeko, baizik eta herri osoa euskalduntzeko. Estatu itun, hitzarmen nazional edo nahi bezala dei dakioke. Ezagutza, adostasuna, plangintza eta baliabideak beharko ditu. Euskal kulturarako baliabideak ezin dira egon aurrekontuen gorabeheren menpe».
[youtube]https://youtu.be/01lSWukNB1o[/youtube]
«Ulertu, eraldatzeko»
EHUko Josu Amezagak 'Euskarazko kultur kontsumoa ulertu nahirik' hitzaldia egin du, datuak eskuan. Gero eta larriago dakusan kultur krisiari aurre egiteko, «plan argi» baten beharra aldarrikatu du. Bideoa albistearen amaieran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu