Ismael Manterola

Ulertezina

2024ko irailaren 24a
05:05
Entzun

Klima aldaketaren eraginen aurkako programak, proiektu guztiak jasangarriak izan behar dutenean, GIH (Garapen Iraunkorrerako Helburuak) bazter guztiak blaitzen ari diren garaian, ekologiaren trantsiziorako ministerioa daukagunean eta gogoratzen ez ditudan beste hamaika sail, diskurtso eta zarata buruan bueltaka ditugunean; guri, euskaldunoi, proiektu turistiko inbaditzailea proposatzea bururatzen zaigu Unescok biosferaren erreserba izendatutako Euskal Herriko gune bakarraren erdian.

Zer da ulertu ez duguna? Edo, zer da nik ulertu ez dudana? Aurreko astean kultura sailburuak hurrengo lau urtetarako lan ildoak aurkeztu zituenean, Urdaibaiko Guggenheim proiektua lehentasunetako bat izango zela iragarri zion Eusko Legebiltzarrari. Arte Museoen eskaintza sendotu behar omen dute, eta, horretarako, Bilboko Arte Ederren Museoa eta Guggenheim Urdaibai proiektua aipatu zituen. Horrek esan nahi du orain arteko azpiegitura handinahi eta turismoari begira egindako proiektuen alde egingo duela Kultura Sail berriak. Dirua eman aspalditik dirutza jasotzen dutenei, beste museo eta arte zentro askok zailtasunak dituzten bitartean.

Nire xalotasunean aspaldi eskatu nuen iritzi koloma honen bitartez arte azpiegituren moratoria bat. Horren ordez, lan erraldoietan gastatutako diruarekin oinarrizko artearen sustapena eskatzen nuen, baina badirudi sarritan aipatzen den buruz beherako piramidearen efektuak jarraipena izango duela: azpiegitura ugari baina eragile eta publiko gutxi. Azkenean arte munduan, artistak izan ezik, denok dirua irabazten dugu, batzuk irakasleak garelako, beste batzuk museoetan edo erakusketa aretotan lan egiten dutelako, gutxi batzuek erakusketak antolatzen dituztelako, edo artelanak garraiatzen dituztelako. Artistak bitartean betirako prekaritatera kondenatuta daude.

Hala ere, kultura sailburuen hitz goxoak entzuteko aukera ere izan genuen esan zuenean Urdaibaiko proiektua «ahal den adostasun handienarekin» egingo dela. Lasaigarria edo beldurgarria? Egingo dela onartutzat ematen baitu. Ez dago arte munduari galdetzeko behar handirik Guggenheimen proiektuaren inguruan. Iritzia ezaguna da, arte edo kultur alorreko proiektua ez denez, alferrik da arte munduari zuzentzea. Bilboko arte munduko eragileei galdetu balie hiriaren beharrak zein ziren, ez lukete Arte Ederren Museoaren zabaltze proiektu handinahi horren alde egingo. Ez dut uste hori zenik presazko beharrik handiena. Oraingo honetan ere berdin jokatuko dutela seguru nago. Nahiz eta arte munduak beste gauza batzuk eskatu, erreserba naturala txikituko duen proiektu turistiko baten alde egingo dute Kultura Saileko aurrekontuekin ordainduta. Bigarrena izango da, Quousque Tandem…!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.