Musika

Ukuiluko kantuak

Neil Youngek 'Barn' diskoa atera du, eta Crazy Horse taldeko lagun zaharrekin grabatu ditu kantuak, berreraikitako ukuilu batean. Pasarte elektrikoak eta une lasaiagoak tartekatu ditu diskoan.

Colorado azken aurreko diskoa argitaratu eta bi urtera kaleratu du Barn Youngek. NILS MEILVANG / EFE.
mikel lizarralde
2021eko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Bere belaunaldiko beste musikari batzuk bezala, Neil Young bi bide ari da jorratzen azkeneko urteetan diskoak argitaratzeko orduan. Batetik, Archives sail amaiezinaren barruan iraganeko grabazio argitaratu gabeak ari da kaleratzen apurka-apurka —gehienak zuzeneko emanaldietan jasotakoak, baina baita bere garaian argitaratu gabe gelditu ziren estudioko diskoak ere (Hitchhiker)—; eta, bestetik, disko berriak grabatzen eta kaleratzen jarraitzen du, eta alderdi horretan ere oparotasun handiarekin, azkeneko urteetako disko zerrendari erreparatuz gero: A Letter Home (2014),Storytone (2014), The Monsanto Years (2015), Peace Trail (2016).The Visitor (2017), Colorado (2019).

Zerrenda horri gehitu beharreko azkena da Barn (2021), orain dela bi aste kaleratu zuena, eta musikari kanadarraren nortasun zeinu guztiak biltzen dituena. 1970eko hamarkadan, bakarka nahiz Crazy Horse taldearekin grabatutako disko klasikoetan, fYoungek egiteko modu bat finkatu zuen, lasaiagoa batzuetan eta sutsuagoa besteetan, eta molde horri eusten saiatzen ari da azken hamarkadan, 1980an egin zituen esperimentu gorabeheratsuak eta mende hasierako lan askotarikoak alde batera utzita. Beraz, Poncho Sampedro gitarristak Crazy Horse utzi ondotik grabatutako bigarren disko honetan, Youngen jarraitzaileak ez du sorpresa handirik hartuko, baina bai, ordea, musikariak ondoen egiten dakienaren beste uzta bat.

Diskoa ekainean grabatu zuten Youngek, Billy Talbotek (baxua), Ralph Molinak (bateria) eta Sampedroren ordezkoak, Nils Lofgrenek, Coloradoko (AEB) mendietan berreraikitako ukuilu (Barn) batean. Young: «Ukuiluak berak nortasuna dauka; giro berezi bat. Ukuilua musikaren bidez hizketan ari zaizula pentsatuko zenuke ia-ia».

Song of The Season kantua hasi eta badirudi Youngek Harvest (1972) edo Comes a Time-n (1978) sartu ez zuen pieza bat berreskuratu duela. Gitarra akorde soil batek eta aho soinuak eremu oso ezagun baina goxoan kokatzen dute entzulea, eskusoinua eta perkusio leun bat sartu aurretik. Youngek ez du askorik behar klasiko itxura duen kantua osatzeko.

They Might Be Lost eta amaierako Don't Forget Love ia biluzia musikariaren alde lasai, pausatu eta akustiko horretan kokatzen dira, baina Barn Crazy Horserekin grabatutako bilduma izanik, pasarte elektrikoak, gitarra distortsionatuak eta erritmo oinarri soil baina indartsuak nagusitzen dira diskoaren parte handi batean, nahiz eta Barn-en ohi baino neurritsuago azaltzen diren Young eta lagunak.

Heading West apartak —Ragged Glory (1990) bikainaren outtake bat izan zitekeen—, Canerican-ek eta Human Race-k dakartzate diskoko gitarra gordinenak, Crazy Horserekin grabatutako aurreko diskoekin lotzen direnak. Baina badira pianoa nabarmentzen den bi pieza ere —blues ukitu lausoko Shape of You eta Tumblin' Thru The Years lasaia—, eta baita abiadura geldoko pieza ilun, elektriko eta luze bat ere: Welcome Back.

76 urte bete berri dituela, Youngek bere bidea egiten segitzen du; itxuraz, gelditzeko asmorik gabe. Kantuak egin eta ahalik eta azkarren grabatzea bere egiteko bakarra izango balitz bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.