Nazioarteko PEN klubak gutun bat plazaratu du Ukrainako sortzaileei zuzenduta, sostengua eta elkartasuna agertzeko, Errusiaren inbasioa dela-eta, eta sarraskia berehala gelditzeko eskatzeko. 1.000 idazlek, artistak eta Nobel saridunek baino gehiagok sinatu dute gutuna.
«Gu, munduan zeharreko idazleok, lur jota gaude Errusiako indarrek Ukrainaren aurka erabilitako indarkeriarengatik», idatzi dute. «Bat gatoz gerra zentzugabekoa gaitzesteko, Putin presidenteak abiaturikoa, uko egiten diolako onartzeari Ukrainiako herriak eskubidea duela bere etorkizuneko aliantzak eta historia erabakitzeko, Moskuren esku hartzerik gabe». Gero, sostengua agertu diete herrialdeko idazle, kazetari, artista eta bestelako herritarrei. «Zuekin gaude, eta zuen mina sentitzen dugu».
Putinen erasoa «demokraziaren eta askatasunaren aurkakoa da», sinatzaileon arabera, «ez bakarrik Ukrainan, baizik eta mundu osoan». Bakea eskatu dute, eta «indarkeria bultzatzen duen propaganda amaitzeko» ere bai. «Ezin da Europa aske eta segururik egon Ukraina aske eta independenterik gabe».
Gutuna sinatu dute, besteak beste, Svetlana Aleksandrovna Aleksievitx Bielorrusiako idazle, kazetari eta 2015eko Nobel saridunak, eta Margaret Atwood idazle kanadarrak. Tartean dira Paul Auster, Orhan Pamuk, Salman Rushdie eta Olga Tokarczuk.
Euskal Herriko izen bakarra dago oraingoz: Urtzi Urrutikoetxea kazetaria eta Euskal PEN klubeko ordezkaria. Presazko deialdia egin zuten joan zen ostiralean, eta orduan sinatu zuen Urrutikoetxeak. Bera PEN klubeko Itzulpen eta Hizkuntza Eskubideen batzordeburua da, eta, horregatik erantzun ahal izan zuen.
Sortzaileen adierazpen askatasunaren arloan lan egiten du PEN Klubak. Literaturgintza garatzea eta babestea du helburu, nazioarteko mugen eta istiluen gainetik, gizataldeen arteko elkar ulertzea bultzatzea, eta pentsamenduaren transmisio askea eta adierazpen askatasunaren babestea.
1921. urtean sortu zen elkartea, eta idazle euskaldunek hasieratik hartu zuten parte, Laura Mintegik joan zen urrian Martin Ugalderen mendeurrenaren harira azaldu zuenez: «Gure kazetari kartzelatuak ere terroristatzat jo zituzten».
Hilabete horretan bete zuen ehun urte Euskal PEN klubak, eta, hori ospatzeko, liburu bat kaleratu zuen, bere historia eta erronkak biltzeko.