Ukrainako Sofia Chamber Choir abesbatzak lau sari lortu ditu Tolosan

Kieveko koruak ganbera abesbatzen bi sariak irabazi ditu, baita entzuleen saria eta Kutxa sari nagusia ere, 53. Abesbatza Lehiaketan

Sofia Chamber Choir abesbatzako kideak, atzo, Tolosan. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Andoni Imaz.
2022ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Kievetik Tolosara (Gipuzkoa) 3.000 kilometro baino gehiago autobusez egin ondoren, Olexii Xamritski zuzendariak kontatu zuen zenbateraino izan den muturrekoa Sofia Chamber Choir abesbatzaren egoera: «Gure abeslariak heroiak dira. Gerra hasi zenean, bunkerretan kantatzen genuen, beldur zen jendearentzat». Antza, haren hitzen zirrara kantuaren bidez ere transmititu dute azken egunetan, Tolosako 53. Abesbatza Lehiaketan. Izan ere, ganbera abesbatzarik onenen bi sariak irabazi dituzte, polifonia eta folklore sailetan, baita entzuleen saria eta Kutxa sari nagusia ere.

Kutxa sariaren bitartez, Europako Abesbatzen Sari Nagusirako izendapena lortu dute; Debrecen hirian (Hungaria) izango da lehiaketa hori, 2023ko apirilaren 29an.

Xamritskik esan zuenez, abeslari guztiak lehen aldiz aritu dira elkarrekin Errusiak Ukraina inbaditu zuenez geroztik, zenbait kide Austrian bizi baitira, errefuxiatu gisa, eta haiekin entseatzera joan izan baita tarteka.

Tolosako Abesbatza Lehiaketako epaimahaiaren burua Xabier Sarasola izan da, eta harekin batera aritu dira Petra Grassi italiarra, Martina Batic esloveniarra, Cesar Alejandro Carrillo venezuelarra, Jordan Sramek estatubatuarra, Mats Nilsson suediarra eta Shin-hwa Park korearra.

Saria estoniarren 'Errota'-ri

Polifoniaren arloan, Esloveniako St. Stanislav Girls' Choir abesbatzak irabazi du bigarren saria, eta AEBetako Brigham Young University Singersek hirugarrena. Folklorearen sailean, berriz, abesbatza horietako biri eman diete bigarren saria: Brigham Young University Singersi eta St. Stanislav Girls' Choirri. Hirugarren saria Letoniako Mixed Choir Maska koruak lortu du.

Haur abesbatzen artean, Letoniako Riga Cathedral Girls' Choir Tiara koruak eskuratu du lehenengo saria, Suediako Adolf Fredrik's Girls' Choirrek bigarrena, eta Kataluniako Veus Cor Infantil Amics de la Uniok hirugarrena.

Eusko Jaurlaritzak sari bat ematen dio euskal kanta baten interpretaziorik onenari, eta Estoniako Ellerhein Girl's Choir abesbatzak irabazi du aurten. Junkal Guerreroren Errota pieza abestu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.