Zinema estreinaldiak

Uko egiten duten horiek

Mohammad Rasulof zinemagile irandarraren azken filmak erregimenarentzat lan egiten duen gizon bat eta haren emaztea eta alabak ditu protagonista.

'The Seed of the Sacred Fig' filmaren irudi bat.
'The Seed of the Sacred Fig' filmaren irudi bat.
Uxue Arzelus Lasa.
2025eko urtarrilaren 15a
04:00
Entzun

Imanek urte luzez egin du lan funtzionario publiko gisa. Haren ametsa epailea izatea da, eta amets hori lortzetik apur bat gertuago dago lanean mailaz igotzen dutenean: auziak ikertuko ditu Auzitegi Iraultzailearentzat. Horrek aldaketak ekarriko ditu Imanen eta haren familiaren bizitzan. Batetik, etxe handiagoa izango du Imanek, haren emazte Najmeh, eta Rezvan eta Sana alaba gazteak erosoago bizi ahal izateko. Bestetik, familia guztiak erregimenaren irudi izango dira, eta, beraz, haren arauak bete beharko dituzte une oro, hala nola neska gazteek hijabak behar bezala erabili beharko dituzte eta sare sozialen erabilera mugatua izango dute.

Imanek zalantzak ditu lanpostu berriaren inguruan. Urteetan egin du lan erregimenarentzat, baina bere printzipioak ditu, eta badaki kritikoa izaten. Postu berrian, ordea, heriotza zigorrak sinatzera behartuko dute, kasuaren oharrak eta frogak irakurri gabe. Era berean, bere burua eta familia babesteko pistola bat emango diote; ez daki erabiltzen, eta, beraz, seguru sentiarazi ordez urduritu egiten du.

2022. urtea da, eta Teheran manifestazioz eta protestaz bete da. Poliziak Mahsa Amini 22 urteko emakumea atxilotu du beloa gaizki eramateagatik, eta handik hiru egunera hil egin da. Rezvanen lagun bat protestetan dabil, eta familiak gertutik erreparatzen dio gertatzen ari denari. Iskanbilen artean, Imanen pistola desagertu egingo da, eta gizonak etxeko hiru emakumeen susmoak izango ditu.

Mohammad Rasulof zinemagile irandarrak urteak daramatza Irango erregimenarekin kritiko izaten. 2011. urtean Cannesen estreinatu zuen Goodbye filma, eta lan onenaren eta zuzendari onenaren sariak jaso zituen. Urte hartan, Jafar Panahi zinemagilearekin batera, sei urteko kartzela zigorra jaso zuen ustez erregimenaren aurkako propaganda egiteagatik, baita hogei urtez filmak egiteko debekua ere. 2020. urtean Urrezko Hartza irabazi zuen Berlinalen There Is No Evil filmagatik, baina alabak jaso behar izan zuen saria, Rasulof kartzelan baitzegoen. 2022. urtean espetxeratu zuten azkenekoz, eraikin bat erori eta 40 pertsona baino gehiago hil zirela-eta egin ziren manifestazioak defendatzeagatik. The Seed of the Sacred Fig filma grabatzen ari zela, beste zigor baten abisua jaso zuen: zortzi urteko espetxealdia, zartailuz emandako kolpeak eta bere ondasun guztien konfiskatzea. Zinemagileak oinez zeharkatu zuen Irango muga, Alemanian asilo politikoa eskatu zuen, eta maiatzean The Seed of the Sacred Fig lana aurkeztu zuen Cannesko jaialdian.

Rasulofek bizi izandako guztia biltzen du azken lan horrek. Susmoak eta beldurrak, emakumeek jasaten duten errepresioa, eta obeditzeari uko egiten dioten horien guztien ingurukoak.

'The Seed of the Sacred Fig'

Zuzendaria: Mohammad Rasulof. Gidoilaria: Mohammad Rasulof. Aktoreak: Soheila Golestani, Setareh Maleki, Misagh Zareh. Argazkia: Pouyan Aghababayi. Musika: Karzan Mahmood. Generoa: Drama. Urtea: 2024. Iraupena: 168 min. Herrialdea: Alemania. Estreinaldia: Ostiralean estreinatuko da Hego Euskal Herrian.

Beste estreinaldi batzuk:

(ID_14562084) (/EZEZAGUNA) babygirl
'Babygirl' filmaren irudi bat.

'Babygirl'

Zuzendaria: Halina Reijn. Gidoilaria: Halina Reijn. Aktoreak: Nicole Kidman, Harris Dickinson, Antonio Banderas. Argazkia: Jasper Wolf. Generoa: Drama. Urtea: 2024. Iraupena: 114 min. Herrialdea: Ameriketako Estatu Batuak.

Romy goi mailako exekutiboa da, Jacobekin ezkonduta dago, eta Samuel bekadun gaztearekin sexu harreman sutsu bati ekingo dio. Romyk lanean duen ohiko rola alderantzikatuko du harreman berrian: aginduak berak eman beharrean, ohean jasotzen dituen aginduekin gozatzen hasiko da. Ezkontzaz kanpoko harreman horri esker, Romyk sexu askatasunerako bidea aurkituko du, arriskua eta aurreiritziak gorabehera.

'From My Cold Dead Hands'

Zuzendaria: Javier Horcajada Fontecha. Gidoilaria: Javier Horcajada Fontecha. Generoa: Dokumentala. Urtea: 2024. Iraupena: 64 min. Herrialdea: Espainia.

Armak, leherketak, musika eszenak, zonbiak, tankeak eta Youtube. Ameriketako Estatu Batuetako armazale muturrekoenak, basatienak eta zoroenak erakusteko Youtubeko bideoen milaka ordu, remix ero bihurtuak.

'Adiós Madrid'

Zuzendaria: Diego Corsini. Gidoilariak: Mariana Cangas, Diego Corsini. Aktoreak: Luciano Caceres, Javier Godino, Fariba Sheikhan. Argazkia: Santiago Squadroni, Pedro Calamar. Generoa: Drama. Urtea: 2024. Iraupena: 102 min. Herrialdea: Espainia.

Ramirok bizitzako deirik txarrena jasoko du: Madrilera joan behar du; aita koman dago, eta, harekin harremanik izan ez arren, haren bizitzari buruz erabaki beharko du. Egoerarekin haserre, egun bakarreko bidaia egingo du, ahalik eta gutxien eragin diezaion. Baina erabaki zailari aurre egin behar dion egunaren aurreko gauean, aita absente hori ezagutuko du haren inguruaren eta gertuko lagunen bitartez. Madrilgo txokoetan barrena ibiliko da eta, horietan, muturrera eramango duten zenbait pertsonarekin gurutzatuko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.