'MAWJA'
- Artista:Aziza Brahim. Diskoetxea: Glitterbeat. Urtea: 2024.
Uraren uhinak izan daitezke, baita harearenak ere, eta zergatik ez, airean zehar ahotsak garraiatzen dituen irratiarenak. Bada, hiru uhin mota horiek uztartu ditu Aziza Brahimek Mawja (uhin) izena duen bosgarren lan luzean. Irudi horrekin islatu nahi izan du saharar kantari, aktore eta ekintzaileak bere bizitzaren (eta, hein handi batean, bere herriaren) ibilbidea.
Diskoaren azalean agertzen den dunaren uhinek agerian uzten dute basamortua dela bere etxea, nahiz eta, aspalditik, ozeano atlantikoaren olatuak tarteko (uhin gehiago), bere herritik kanpo bizi behar izan duen (saharar gehienak bezala). El Aaiun, Tinduf, Bucraa... Azken urtetan, Bartzelona du bizileku, eta mundua alderik alde ibili du saharar herri-musika besapean. Desertuaz harantzagokoarekiko loturak, ordea, lehenago esnatu zitzaizkion, besteak beste, bere amonaren haimako, haima handiko, irratiaren bidez. Garai hartan, irratiak zabaltzen zion leiho hori errefuxiatu kanpalekuko haur ikusberari.
Esan daiteke irrati uhin horiek direla lan honetako garrantzitsuenak. Alde batetik, modu ezin hobea direlako omen egiteko duela hilabete batzuk hildako bere amonari: amonarekiko dolu-prozesua da disko honen ardatz nagusietako bat. Eta, bestetik, uhin horien bidez erreskatatzen dituelako familiartekoak, eta herrikideak, memoria huts bihurtzeko arriskutik. Horixe litzateke, arin laburtuta, disko honen, eta oro har, kantariaren diskografiaren beste ardatza; Saharako herriaren patua ezagutzera eman eta entzulearekin partekatzea.
Irudi berari helduta, musikak ere uhin moduan egiten du Aziza Brahimen kantuetan. Baxu eta perkusio errepikakorrek erroa jarri eta, putzura botatako harriak nola, gitarra elektrikoek zirkuluak osatzen dituzte, gero eta zabalago, ahotsek melodia marrazten duten heinean. Basamortu handiaren musikaren ezaugarri den groove hipnotikoari fineziaz heltzen dio kantariak. Ez du, jakina, bizilagun batzuen pultsio rockero-psikodelikorik, nahiz eta hortxe dauden elementu guztiak. Ez du beste batzuek egiten duten irakurketa ethno-akustikorik egiten, nahiz eta Saharako herri-musikaren erroek tinko heldu kantuei. Eta ez dute talka egiten erritmo setatsuek eta melodien ukitu malenkoniatsuek, alderantziz, erakusleiho ezin egokiagoa sortzen dute kantariaren ahots argiarentzat. Eta, ez okertu, beste musiketatik (rock, pop, musika latinoetatik...) jasotako eraginek ez dute estuasunean jartzen kantuen berezkotasunik, are gutxiago azpimarratu baino ez dute egiten haien unibertsaltasuna.