Uharteko Arte Garaikidearen Zentroak eta NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoak titulu berri bat aurkeztu dute datorren ikasturterako: Praktika artistikoen eta kultur ikasketen masterra: gorputza, afektuak, lurraldea.
Programa urritik ekainera bitartean garatuko dute, eta diziplinarteko ikerketa esparru bat eskaintzea du helburu, «praktika artistiko garaikideak birpentsatzeko». Akademiaren eta arte garaikidearen arteko «topagune» gisa aurkeztu dute. Egitasmoa aurrera ateratzeko, Nafarroako Gobernuaren Kultura eta Kirol Departamentuaren babesa izan dute.
Masterra hiru ikerketa ildoren inguruan antolatuko dute: lehenak teoria feministen eta ikerketa bisualen, artistikoen eta performatikoen arteko elkarguneak izango ditu aztergai; bigarrenak, artean eta haren ikerketan afektuek duten garrantzia; eta hirugarrenak, Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako kultur ikerketen eta kultur ekologiaren edukiak. Modu independentean egin ahal izango dira, hamasei kredituko unibertsitateko aditu titulua lortzeko.
Irakasleetako batzuk NUPekoak izango dira, eta beste batzuk, EHU Euskal Herriko Unibertsitatekoak. Bi unibertsitate horien eta zentroaren arteko hitzarmena urte amaierarako sinatzea aurreikusten dute, eta azpimarratu dute bi erakunde akademikoen eta arte zentroaren arteko lankidetzak «lan eredu eta metodologia berriak» ekarriko dituela. Horrez gain, beste herrialde batzuetako arte sorkuntza eta ikerketaren arloko irakasleak ere izango dira.
Programaren bitartez, artearen eta kulturaren ehuna indartu nahi dute, Uharte zentroa arte garaikidearen inguruko ezagutza ekoizteko eta ikertzeko erreferentziazko espazio izan dadin, Nafarroako eta kanpoko kultur testuinguruan. Halaber, «talentuen galera» saihestu nahi dute, zeren nafar askok, ikasketak egin ondoren, kanpoan garatzen baitute ibilbide profesionala. Eskolak ez ezik, tailer eta hitzaldi irekiak eskainiko dituzte, eta arte garaikideari lotutako beste kultur espazio batzuekin elkarlanean aritzea ere aztertzen ari dira.
Matrikularako bekak
Masterrak gutxienez hamar plaza izango ditu, eta gehienez 25, eta kreditu bakoitzak 23 euroko prezioa izango du. Uharte Zentroak bekak emango ditu, matrikularen %70eraino. Hautatua izateko irizpideen artean daude bizilekua Nafarroan izatea, langabezian egotea, errenta baxua edo bermatua izatea, eta graduak edo antzeko ikasketak izatea.
Uharte zentroak eta NUPek master bat aurkeztu dute
Hiru ardatz izango ditu masterrak: gorputza, afektuak eta lurraldea. Diziplinarteko ikerketa esparru bat eskaintzea du helburu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu