Uharte diren emakumeak

Bakarrik bizi diren andreak dira Irene Larrañagaren 'Insuladas' erakusketako protagonista

Irene Larrañaga, Insuladas erakusketaren egilea, Donostiako Aquariumeko Nautilius aretoan. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2023ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Eurek hala nahita bikotekiderik ez dutenak; bikotekidea izanda ere, bakarrik bizi direnak; behinola uko egin ziotenak halakoren alaba, halakoren arreba edota halakoren emazte izateari; bananduak; alargunak... Euren artean inolako loturarik ez duten eta bakarrik bizi diren emakumeak eraman ditu Irene Larrañaga argazkilariak (Azpeitia, Gipuzkoa, 1972) Insuladas izendatu duen erakusketara. Lekuak batzen ditu emakume horiek guztiak: Formentera uharteak (Balearrak). Donostiako Aquariumeko Nautilius aretoa izango da irudion erakusleiho martxoaren 12ra bitartean.

«Dena sortu zen argazki errepikakor batetik». Hala abiatu da egilea. «Nire artxiboa begiratzen ari nintzela, konturatu nintzen behin eta berriro argazki berdina agertzen zela: bakarrik bizi diren emakumeena». Eta, hain justu, artxibo horri tiraka, uharte horretan bakarrik bizi diren emakume batzuekin hitz egiteko tartea hartu zuen haiek erretratatu aurretik. «Adin desberdineko emakumeak dira erakusketara ekarri ditudanak. Haiekin egon nintzen, beren bizitza ezagutu nuen bertatik bertara, eta euren testigantzak jaso. Orain argazki bakoitza istorio bat da». Adin eta bizitza desberdineko emakumeak izanagatik ere, badute zerbait komuna. «Konturatu nintzen denek bat egiten zutela zoriontasunean eta askatasunean. Gizarte honetan ohikoa da lotzea bakarrik bizitzea tristurarekin, eta erakusketa honekin erakutsi nahi izan dut bakarrik bizitzearen beste aurpegi bat. Irakatsi didate bakarrik bizitzeak ez duela esan nahi bakarrik zaudenik».

Gehiagori ere egin zaizkie argazkiak, baina bost dira erakusketan ikusgai dauden emakumeen erretratuak. Maria, Barbara eta Tania dira horietako hiru. Aspaldi alargundutako 94 urteko emakume bat da Maria. Larrañagak azaldu du «bakarrik eta zoriontsu» bizi dela haren etxean. Hamar seme-alabaren ama da, eta ez dira harengandik urruti bizi. Hala ere, ez du inolako konpainiaren beharrik etxe barruko lanak egiteko. Larrañaga: «Bakarrik bizi nahi du Mariak. Berak dio badakiela oihu eginez gero joango zaiola norbait laguntzera. Bakean bizi da».

Besoak zabal-zabalik ageri da erakusketaren erdian Barbara. 83 urte ditu. Ziurrenean, harena izango da erakusketako argazkirik handiena. «Aukeratutako bakardadea bizi du berak, baina dio ezin dela bere lagunik gabe bizi».

Bada arreta ematen duen beste erretratu bat; Tania gaztearena. Begiekin tinko eusten dio Larrañagaren kamerari; indarrez. «Borroka. Horixe da Tania», adierazi du egileak.

Ez dira, baina, bakarrik bizi diren andreak erakusketako protagonista bakarrak. Izan ere, uharteko askotariko txokoen argazkiak ere eraman ditu Larrañagak aretoko hormen artera; hain justu, emakume horien osagarri bihurtu dituenak erakusketaren bitartez. Hala definitu du berak: «Formenterako uhartean barrena, bidaia bat proposatzen du erakusketak; beraz, besteen bakardadera eta norberaren bakartasunera bidaia bat da». Harrotutako itsaso baten irudiarekin hasten da erakusketa, eta itsaso bareko irudi batekin amaitzen.

«Askatasun kantu bat»

Larrañagaren hitzetan, «askatasunari eta sororitateari egindako kantu bat» da Insuladas. Eta, hain justu, aldarri horrekin borobildu du erakusketa, aretoko hormetako batean Simone de Beauvoir filosofoaren esaldi hau jarrita: «Ez gaitzala ezerk definitu. Ez gaitzala ezerk lotu. Askatasuna izan bedi gure berezko mamia».

Larrañagak martxoaren 12an jaso beharko ditu argazkiok Nautilius aretotik, eta, nolabait, «etxera» itzuliko direla sentitzen du. Izan ere, azken aste honetan jakin du Formenterako Ayuntamiento Viejo aretoan izango direla ikusgai irailetik aurrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.