Hilberria

Ugutz Robles-Arangiz hil da, 83 urterekin

Umoregile, dantzari eta musikaria, Euskal Kantagintza Berriaren sorreraren parte ere izan zen, Soroak laukoteko kide zenean.

Ugutz Robles-Arangiz. BOB EDME
Inigo Astiz
2022ko maiatzaren 12a
11:16
Entzun

Haren umore ona nabarmentzen dute ezagutu zutenek. Manu Robles-Arangiz ELA sindikatuaren sortzaile izandakoaren eta Luisa Bernaolaren bederatzigarren semea izan zen Ugutz Robles-Arangiz (Bidarte, Lapurdi, 1939 - Beskoitze, Lapurdi, 2022). Umoregilea, kantaria, dantzaria eta kulturgilea, oro har. Soroak laukoteko kide ere izan zen, eta baita nolabaiteko grabitazio gune bat ere Ipar Euskal Herriko kulturgintzan. Joan den astean, iktus bat izan zuen, eta gaur hil da, 83 urterekin. Naia Robles-Arangiz ilobak zabaldu du berria Facebook atarian. «Agur eta ohore. Muxu bat Estitxuri gure partez».

Lapurdin jaio zen, baina Bilbora joan zen 13 urte ingururekin, familiarekin. Arte eta Lanbide eskolan egin zituen ikasketak. Txinparta antzerki taldean aritu zen. Olaeta dantza taldean parte hartu zuen, eta Soroak laukoteko kide ere izan zen. 1960an ihes egin behar izan zuen Bilbotik, bere anaia Iker Roblesekin batera. Beskoitzera itzuli, eta Beskoiztarrak antzerki taldea sortu zuten bi anaiek. Sona handikoa izan zen Sorginak Etxaburun antzezlana eman zuten. Horrez gain, Pierres Larzabalek idatzitako eta Telesforo Monzonek zuzendutako Matalas antzezlanean ere parte hartu zuten. Zazpiribai ikuskizunean ere parte hartu zuen. Euskal Antzerkilarien Biltzarreko kide izan zen hasieratik. Txiste kontalari iaioa izanik, ETBn ere ibili zen.

Euskal Kantagintzaren aitzindari

Esanguratsua da 60ko hamarkadan Soroak taldeak egindako bidea. Haren kide izan zen Ugutz, Alatz, Iker, eta Irkus anaiekin eta Txabi Villaverderekin batera, eta aitzindari izan ziren. Euskal kantagintza berriaren hasiera ekarri zuen taldeak, baten baino gehiagoren iritziz. Aire berria eman zieten herri kantuei, gitarra espainolaz eta ahotsaz baliatuz. Mixel Labegeriek berak aitortu zien ekarpena. Sona handia lortu zuten Bizkaian eta Ipar Euskal Herrian, eta Parisen ere behin baino gehiagotan abestu zuten, baita Frantziako telebistan agertu ere.

Ugutzek berak, ordea, BERRIA egunkariari esan bezala, ez zen guztien gustukoa izan proposamena: «Baziren gure musikaren alde zirenak, eta baziren kontra zirenak. Enbata-ren zenbaki bat horretaz mintzo da. Erran zuten: 'Soroak laukotea heretikoa da'. Jendeari arraro egiten zitzaion gitarra espainol batekin kantatzea, ez baitziren ohituak. Eztabaida izan zen, eta Mixel Labeguerie zutitu zen, eta erran zuen: 'Hau da nire betiko ametsa'. Zenbait urte geroago, bazkari batean, dedikatua eman zidan disko bat. 'Euskaldunek badute zure beharra', idatzi zidan».

Ihesaldi gaitza

Kulturgintzan ez ezik, bestelako hamaika lanbide ere izan zituen bizialdian. Rotschild baroiaren mutil izan zen, esaterako, hargin, eta Baionako Le Chaho ostatua atxiki zuen 1968tik 1971ra. Baina, oroz gainetik, Leku Eder etxean Amalur jatetxe ospetsua antolatu eta atxiki zuen 1975etik 1988ra, eta jende ezagun franko iragan zen handik. Emanaldiak ere antolatzen zituzten. Han bizi izan da ostatua itxiz geroztik ere, bere anai-arreba zenbaitekin.

Argia aldizkarian Sustrai Colina bertsolariari eskainitako elkarrizketan gogoratu zuen Bilbotik ihes egin behar izan zuenekoa. «Nahiko gaitza egin zitzaidan. Egun batez, polizia etorri eta bi anaia zaharrenak preso eraman zituzten. Fite ohartu nintzen horretaz. Irkus armadan zen, eta gure baitan biek pentsatu genuen norbaitek salatu gintuela eta bi anaia zaharrenak eraman zituztela ezjakinean bi gazteenak zirela saltsan ari. Orduan, biek egin genuen eskapu».

Euskara ardatz

Euskara ezinbesteko ikusten zuen, BERRIAri Irkus Robles-Arangiz anaiarekin batera eskainitako elkarrizketan azaldu zuenez. «Herria maite dugu, baina euskara ororen gainetik. Euskal Herri ez-euskalduna ez dut nahi. Horretarako, izan gaitezen frantses edota ingeles. Euskara galtzen baldin bada, zer zentzu du abertzaletasunak?».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.