Artearen lekuak. Leireko kutxatila

Ugaritasunaren gorespena

Adituen arabera, 1004 eta 1005 inguruan egina da Leireko kutxatila, edo Hejira osteko 395. urtean. Penintsula zeharkatu ondotik, Nafarroako Museoan dago egun.

Leireko kutxatila, Nafarroako Museoan; duela mila urte baino gehiago egina da. IÑIGO URIZ/ FOKU.
Yasmine Khris.
Iruñea
2022ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Desengainaturik gera daiteke pirata kutxa handi bat espero duena, pelikuletan bezala. Nafarroako Museoaren galeria erdi ilunean, altxor erraldoirik ez, baina bitxi bat topatuko du begien aurrean, zalantzarik gabe.

Esku artean har daiteke Leireko kutxatila deitutakoa: 23 zentimetro luze, 23 zabal eta 38 sakon. Adituek diote Omeiatarren kalifaldiaren garaian egin zutela, eta penintsula osoko islamiar artearen maisulan nagusietako bat da. 1004 eta 1005 inguruan egin zuten obra, edo Hejira osteko 395. urtean, aro musulmanean.

Iruñeko museoan dago kutxatila egun, nahiz eta aurrez Nafarroako eta Euskal Herritik kanpoko bertze hainbat tokitatik igaro. San Domingoko aldapatik igo eta museora sartu. «Bai, hemen duzu. Ikusi duzu inoiz? Txikia da, baina berezia». Begi keinuz. Langileak atarian daude, informazioa ematen, eta museoko lan nabarmenen zerrendan agertzen da kutxatila ere, zazpigarren.

Lehen solairuan markatzen du mapak, Lehenbiziko oina, Erdi Aroa. Kronologikoki ordenatuta daude obrak. Eskailerak igo, eta X. mendeko lanen artean ibili. Harrizko arkuak eta bertze arkitektura piezak. Gordin, latz, zakar. Gehienak aire zabalean daude. Kutxatilari, berriz, beirazko leiho baten atzetik so egiten zaio. Izan ere, fintasuna eta hauskortasuna islatzen ditu piezak, eta museoak dituen lan garrantzitsuenetako bat ere bada. 2006ko Erresuma baten garaia erakusketan leku handia hartu zuen, eta, geroztik, protagonista da korridorearen erdian. Argi horixka batek edertzen du goitik, jainkotiar bihurtu gabe. Baliozkoa dela erakusten du, hori bai. Piezari buelta eman, eta deigarria egiten da: simetria da ardatza, edonondik begiratuta ere.

Kontserbazio lana

Gelako obra nagusia da. Farai deituriko maisuak egin zuen, lau ikaslerekin: ezkerreko aldea Rasid izeneko ikasleak egin zuen, aurrealdea Jairrek, eskuinaldea Sa Abadak eta atzealdea Misbahk. Josita jatorriko obratzat daukate adituek; izan ere, kutxak duen inskripzioaren arabera, Abd al Malik al Muzafarrek, Hixam II.a Kordobako bigarren omeiatar kalifak jaso zuen opari bat izan zen.

Milua urte pasa iraun du kutxatilak, baita tartean gerrak eta gurutzadak izan arren ere. Hain zuzen ere, Kordobako (Espainia) Medina Azaharan egin zuten, baina Leireko monasteriora (Nafarroa) iritsi zen, nolabait. Iturri historiko batzuek diote agintarien arteko opari bat izan zela; bertzeek, berriz, kristau konkistatzaileek lapurtu zutela. Museoko informazioak dio kutxatilak penintsula zeharkatu zuela, eta ondotik Alodia eta Nunilo aragoiar martiri kristauen erlikiak gorde zirela hartan. Mila urte baino gehiago ditu, baina aski ongi kontserbatu da. Detaile guziak ikusgai dira, denbora iragan ez balitz bezala.

Hamalau milimetroko hemeretzi plakak osatzen dute pieza, zuri eta horixka arteko koloretakoak guztiak. Erdian, sarraila bat, hondatua, herdoildua. Gainerakoak, baina, bitxigile lana dirudi oraindik: kontserbazio lana goraipatzeko da.

Erlikia ontziak 28 medai loi ditu, arrosa leihoetako figurak bezalakoak. Bakoitzak eszena batirudikatzen du, zertzeladak nagusi. Beheko partean, eguneroko gertaldiak zizelkatu zituzten: heldu bat eta bi ume ondoan, biltze lanean; bi emakume lorategi batean solasean, bata bertzeari begira, eta gertaera baten berri ematen omen duten bi musikari haize instrumentuekin.

Goitian, irudi bortitzagoak, gerrakoak: borrokalariak zaldi gainean, eta armak eskuan. Hala eta guztiz ere, atentzioa ematen dutenak ez dira irudi jakinak, irudi orokorra baizik. Kutxaren edertasun orokorrak bereganatzen du ikuslearen arreta. Eta bada zer ikusi: izan ere, hutsunerik ez da, kutxatilak ez baitu atsedenik ematen. Azalera osoa landua da, eta elefante boliaren erliebeak artisau lana dirudi. Are gehiago: jakin-mina pizten du. Hatzarekin ukitzeko tentazioa, kristalaren bertzaldetik.

'Horror vacui'

Lumak, ezkatak, atzaparrak. Adarbakar bat ere bai; animaliaz beteta dago obra, landareekin batera. Flora eta fauna bizirik nabaritzen dira, ugari. Hain zuzen ere, horiek dira islamiar artearen lau gakoak: kaligrafia, landare motiboak, motibo geometrikoak eta figuratiboak. Xingola bat du kutxak inguruan zizelkatuta, eta inskripzio bat ere badu, kufikoz—hau da, arabiera idazteko erabilitako alfabetoak izan duen kaligrafia formarik zaharrenean—. «Alaren izenean, oparotasuna, poza, obra onen itxaropena eta une gorenaren iritsiera atzeratzea Hayib Saif al Dawin Abd al Malik Ibn al Mansurrentzat, Jainkoa harekin, hark agindu baitzuen egitea Fata al Kabir Zuhair ibn Muhammad al amiri bere esklaboaren bidez. Bost, laurogeita hamar, hirurehungarren urtea».

Informazio anitz? Dudarik gabe. Rokokoa akaso? Baliteke. Horror vacui («hutsarekiko izua», latinez) leloari erantzuten dio; arte lan bateko espazio huts oro nolabaiteko diseinu edo irudiren batekin betetzeko joerari, alegia.

Mito bat ere deseraikitzen du kutxatilak, nolabait: Mendebaldeko ikuspuntu batetik, beti uste izan da arte islamiarrak ez zituela irudikatzen izaki bizidunak, gizakiak eta animaliak. Arte hizkeran anikonismoa esaten zaio horri; hau da, mundu naturalaren eta naturaz gaindikoaren errepresentazio materialik ez edukitzeari. Uste horren kontrako froga da Leireko kutxatila, bere osotasunean.

Kondairak dio santu kristauen erlikiak gorde zituela. Gorde omen zituela. Bisitariek ezin dute ireki Leireko kutxatila, eta barruan gordetzen duena ikusezin da oraindik ere. Baina haren azala geratzen da ikusteko. Begiztatzeko. Analizatzeko. Eta bere txikitasunak ez du deus baldintzatzen, ugaria baita neurri horretan ere.

LEIREKO KUTXATILA
Urtea. 1004 eta 1005 artean.
Egilea. Farai izeneko maisua eta haren ikasleak.
Teknika. Zizelkadura.
Lekua. Nafarroako Museoa. Lehen, Leireko monasterioa (Nafarroa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.